Euskal Herriko zabortegirik handienetako bat erori zen Zaldibarko Eitzaga auzoan (Bizkaia), baina ez zen zakarra bakarrik amildu otsailaren 6an: dirua azkar egiteko negozio bat ere jausi zen. BERRIAk eskuratu ditu Verter Recycling 2002 SM enpresak Espainiako Merkataritza Erregistroan aurkeztutako kontabilitate balantzeak —2012 eta 2017 artekoak; 2018ko kontuak ez dira publikoak oraindik, eta 2019koak aurtengo uztailerako aurkeztu behar ditu—. Txosten horiek erakusten dute ireki eta berehala eman zituela zabortegiak irabazi garbiak eta jabeentzako dibidenduak, nahiz eta hasierako inbertsioa hamar milioi euro ingurukoa izan zuten. Zaborra hartzeko erritmoa ikaragarri azkartu zuten hurrengo urteetan, zor gehienak kitatu zituzten, jabeen artean irabaziak partitu zituzten, eta azkar baino azkarrago betetzera zihoan. Zaborraren erritmoan hazi ziren mozkinak: 2017 arte, 8,57 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen enpresak.
Diru sarrerak guztira hartuz gero, askoz handiagoak ziren kopuruak: ia 27 milioi euroren sarrerak izan zituen enpresak 2017 arte. Gero, gastuak eta zergak kenduta, kalkulatzen da irabazi garbia: 8,57 milioi zazpi urtean. Eta kontuan hartu behar da 2018 eta 2019 arteko datuak falta direla; alegia, zabortegiak zakar gehien hartu zuen urteak. Bilduak zituzten zakar guztien %43 iritsi ziren bi urte horietan Zaldibarrera —2011 eta 2017 artean 1,6 milioi tona hartu zituen; 2018an eta 2019an, 1,2 milioi tona—. Hortaz, negozioak are eta hazkunde handiagoa eta bizkorragoa izan zuen datuak falta diren azkeneko bi urteetan.
Ogasunak ere nabaritu zuen enpresaren ekarpena: Bizkaiko Foru Aldundiari 3 milioi euro eman zizkion Verterrek, sozietate zergaren bidez, 2017 arte.
Infografian, urdinez ageri dira enpresaren irabazi garbiak, eta beltzez hartutako hondakin tonak. Hondakin gehien jaso zituen urteetako irabazien daturik ez dago.
Edonola ere, kontuak egiteko orduan, pentsatu behar da enpresak gastu handiak izan zituela zabortegia eraikitzeko, eta 8,35 milioi euroko kostua aurreikusten zuela zabortegia itxi ondorengo gastuetarako. Horretan ere negozio berezia baitira zabortegiak: hasieran egin behar izaten dute inbertsio handi bat, zabortegia ireki ahal izateko, baina, itxi ondoren, eskatzen dute beste inbertsio handi bat, zakarrak zigilatzeko eta zabortegia izandakoa estali, itxi eta ezkutatzeko.
Horrek behartzen ditu horrelako enpresak diru zati bat gordetzera jarduera bukatzen denerako. Verterrek, dena den, ia amortizatuak zituen zabortegia eraikitzeko inbertsioari aurre egiteko eskatutako maileguak, irabaziak banatzen aritu zen bere bazkideen artean, eta diru funtsak sobera izango zituen zabortegia zigilatzeko lanetarako. Amildu ez balitz.
1,4 milioi dibidendutan
Verterrek berehala eman zion buelta hasierako inbertsioari: 2011ko maiatzean lanean hasita, 2013rako hasia zegoen dibidenduak banatzen enpresaren jabeen artean. Ez da normalena: hasieran horren inbertsio handia eginda, eta neurri bereko maileguak hartuta, urte batzuk behar izaten dira negozioek beren altxortegian soberakinak sortzeko. Baina Verterrek, 2014an, 2015ean eta 2016an, urtero 405.768 euro banatu zituen dibidenduetan enpresaren jabeen artean. Eta 2013an, 202.883 euro. Urteko irabazi garbietatik ateratzen dira dibidenduak: enpresa batek irabaziak dauzkanean, erabaki dezake bere jabeen artean banatzea, edo kapitalizatzea.
2017an ez zituen dibidenduak banatu Verterrek, edo agirietan ez da halakorik agertzen behintzat, baina 2016an mugimendu bitxia egin zuen enpresak, eta, beharbada, horren eraginez izango zen: kapital funtsetik 1,8 milioi euro atera zituen. Agirietan ez da zehazten zertara joan zen diru hori; irabaziak daudenean, normalean, jabeen artean partitzeko egiten dira kapital murrizketak.
Zabortegia, 2010ean, ireki baino urtebete leheneago. Ikusten da zaborra hartzeko zuloa prestatzen ari direla. GEOEUSKADI
Enpresa 2002an erregistratu zuten, eta 2011n zabaldu zuten zabortegia. Bederatzi urte behar izan zituen irekitzeko baimen guztiak lotzeko eta obrak egiteko. Bederatzi urte horietan, kapitala handituz joan ziren Verterren jabeak, eta, irekitzeko obrak hasi aurretik, 3,65 milioi euroko kapitala zuten metatuta. Kontuan hartuta zabortegia eraikitzeko lanetan 10 milioi inguru gastatu zituela, falta diren 6-7 milioi euro horiek maileguetan lortuko zituen, bankuetatik, edo kideko zituzten beste enpresa batzuetatik, edo bietatik.
Zorrak bizkor kitatuta
Errentagarritasunaren neurria ematen du datu guztiak elkartzeak: zazpi urtez bakarrik funtzionatuta, hasierako obrak egiteko jasotako mailegu ia guztia itzulia zuen Verterrek 2017an —700.000 euro inguru falta zitzaizkion ordaintzeko—; lau urtez jarraian jabeei dibidenduak ematen aritu zen; eta, gainera, hasieran enpresak zeukan 3,65 milioi euroko kapitalaren erdia diru kontuetatik atera zuten, kapital murrizketaren bidez. Negozioa azkar eta aise ari zen dirua ematen jabeei.
Verter Recycling 2002 SM enpresaren akziodunak eta jabeak Barinaga familia dira. Jose Ignacio Barinaga Egia, eta haren bi iloba: Elena Susaeta Barinaga eta Arrate Bilbao Barinaga. Eraikuntzako, zabor bilketako eta autoak saltzeko beste hogei enpresatan baino gehiagotan parte hartzen dute, gehienetan elkarrekin. Arrate Bilbao, bestalde, Las Carolinasko (Abanto, Bizkaia) zabortegia kudeatzen duen Lancha Restauracion SM enpresako administrazio kontseiluko presidenteordea da.
%30eko mozkin tartea
Badira beste bi datu, zaborraren negozioaren errentagarritasuna argi erakusten dutenak. Bat: langileen kostua fakturazioaren %7 baino txikiagoa zen Verterren. Eta bi: irabazien tartea %30etik aise gorakoa zuen —bestela esanda, fakturatutako hamar eurotik hiru irabazi garbiak ziren—. Egia da jarduera ekonomiko batetik bestera alde handiak izaten direla, eta sektore guztiak ez direla berdinak, baina jarduera ekonomiko gutxi iritsiko dira errentagarritasun maila horietara eta langileen kostua horren txikia edukitzera. Irabazi garbien kopuruak ez dira burtsan kotizatzen duten enpresen neurrikoak, baina horrelako errentagarritasun portzentajeak gutxitan ikusten dira.
Administrazio kontseiluko kideek soldatak eta dietak ere jasotzen zituzten. Agiriek ez dute bereizten zeintzuek eta zenbat, baina kopuru totala ematen dute. Eta hazkundea begien bistakoa da: 2013an 14.000 euro zen gastu hori enpresarentzat; 2014an, 90.037; 2015ean, 131.900; 2016an, 151.984; eta 2017an, 156.211. Enpresaren martxa onaren seinale da, halaber, mailegu bat egin ziola bere hiru administratzaile solidarioetako bati: 279.450 euro. 2014tik aurrera agertzen da kontabilitate agirietan.
Zabortegia, 2019an. Baimendutakoa baino lur eremu zabalagoan ari ziren lanean ordurako. GEOEUSKADI
Zabortegiak, 2017tik aurrera, hazkunde ikaragarria izan zuen. Arriolak berak asteartean onartu zuen 35 urteren buruan ixteko aurreikuspenarekin ireki zutela, baina hiru aldiz azkarrago ari zela betetzen. 2012an, 200.000 tona zakar baino gutxixeago hartu zituen —Ingurumen sailburuak adierazi zuen ordurako zakartegiak aurreikuspenak gaindituak zituela—, baina, 2018an, doblea baino gehiago hartu zuen (540.000 tona), eta, 2019an, eutsi egin zion.
Erritmo berarekin jarraituz gero, zabortegia 2022rako gainezka egongo zen, ustez 2046rako bete behar zena. Arriolak asteartean gogorarazi zuen ez dagoela lege mugarik zabortegi bat betetzeko erritmoari buruz. Baina Verterrek hartu zuen hazkunde erritmoak atentzioa ematen du: zabortegian zegoen zakarraren %43 azkeneko bi urteetan sartu zen. Guztira, 2,8 milioi tona pilatu zituzten han, bederatzi urtean; 1,7 milioi metro kubo —2,8 milioi metro kubo hartzeko lekua zuen guztira—.
Arriolak berak astearteko agerraldian ñabardura bat egin zuen datuak eman aurretik: enpresak «deklaratutakoaren arabera», esan zuen. Eta hauek Merkataritza Erregistroan agertzen diren datu ofizialak dira. Baina BERRIAn testigantza eman zuen kamioilariak eta Eitzagako bizilagunek salatu dute enpresak adierazitakoa baino askoz kamioi gehiago iristen zirela egunero zabortegira; egun batzuetan, 200 baino gehiago. Eta mendiari hozka eginez zabor gehiago sartzeko lekua egiten zutela ere esan dute. Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimenak utzitakoa baino eremu zabalagoan lanean ari zirela Jaurlaritzak berak onartu du. Hortaz, paper ofizialetan deklaratutakoaren araberako kontuak dira hauek.
Zerk eragin zuen hazkunde hori, ez du inork argitu. Baina beste datu batzuek ere berresten dute zabortegiaren bolumenaren hazkunde azkarra. Esaterako, amortizazioen erritmoak: zakarra hartzeko erritmoa handitu ahala, eta zabortegia ixteko epea gero eta txikiagoa izango zela konturatu ahala, amortizazioetara diru asko bideratu du Verterrek, ikusten ari baitzen zabortegia espero baino askoz azkarrago itxi beharko zuela.
Aurreko argazki bera, 2019koa, baina orbain gorriak erakusten du amiltzeak zer eremu hartu zuen. GEOEUSKADI / COPERNICUS
Debabarrena: 236.000 euro
Baina zabortegian ez ziren bukatzen Verterren negozioak. 2016tik aurrera, zerbitzu batzuk ematen ere hasi zen, gehienbat inguruko erakunde publikoei: Debabarreneko Mankomunitateari eta Eibarko Udalari. Eskualdeko mankomunitateak sei aldiz kontratatu zituen Verterren zerbitzuak, 2016 eta 2019 artean, hondakin batzuk biltzeko eta haiek «tratatzeko». Sei kontratu horiekin, guztira, 235.585 euro jaso zituen enpresak mankomunitatetik. Eibarko Udalak, berriz, hiru alditan kontratatu zuen Verter, zerbitzu txiki eta jakin batzuengatik; 3.094 euro jaso zituen enpresak kontratu horietatik.
Urteroko kontabilitate balantzeetan agertzen da enpresa handi bati ere zerbitzua ematen ziola Verterrek: Productos Tubulares SAU Trapagarango (Bizkaia) enpresaren eskoriak biltzen zituen —altzairuzko hodien produkzioan sortutako zakarrak—. Agiriek ez dute zehazten non botatzen zituen. Esla Ballonti Excavaciones y Obras SM eta Asotrasns SA enpresekin aldi baterako sozietate bat sortua zeukan, lan horretarako: UTE Tubos.
Verter Recyclingek ez zuen arriskuei aurre egiteko finantza tresnarik
Verter Recycling 2002 SMk aurkeztutako diru kontu ofizialek erakusten dute enpresaren jabeek ez zutela finantza tresnarik arrisku posibleei aurre egiteko; adibidez, lixibiatuen ihes bat eduki izan balute, edo zabortegian gertatu denaren gisako hondamendi bat gertatuko balitz. Horrela erakusten dute 2017 arte ikuskatutako diru kontuek.
Urteroko agirietan errepikatzen da esaldi bera: «Sozietateak ez dauka ingurumena zaindu eta hobetzeko ibilgetuen elementu esanguratsurik, eta ez dago arriskuetarako eta gastuetarako aurreikuspenik, eta ez du jaso diru laguntza nabarmenik ingurumen jardueretarako, sozietatearen administratzaileek uste baitute ez dela sortuko pasiborik edo gastu esanguratsurik bere jarduerari lotutako ingurumen kontuengatik».
Verterrek zabortegia eraikitzeko baimena jaso zuenean, 2007an, Eusko Jaurlaritzak aginduta jarri zuen milioi bat euroko funts bat, halakoetarako, eta beste milioi bat euro, berme gisa. Baina otsailaren 6ko hondamendiak askoz gastu handiagoa izango du. Dozenaka milioi izan litezke, hondakinak bertan zigilatuta ere. Negozio bizkorra izan da Verterrek Zaldibarren egin duena, eta bizkor amildu da.