HILBERRIA. Txomin Solabarrieta

Eliza barrutik hizkuntzalari

EUSKALTZAINDIA.
itziar ugarte irizar
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
«Giza testigantza egokia eman du Txominek, fedea eta euskara uztartuz. Euskara bizia jasotzeko gogoa zeukan, hiztegigintzaren bidez egin zuena». Hitz horiekin gogoratu du Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak Txomin Solabarrieta Etxaburu ohorezko euskaltzaina haren heriotzaren albistea jaso berritan. 1927an jaio zen Solabarrieta, Ondarroan (Bizkaia). Apaiz ikasketak egin, eta euskara sustatzen aritu zen Bizkaiko parrokietan. Elizbarrutiko itzultzaile ofizial ere izan zen.

Bostak Bat lantaldearen sorreran ere hartu zuen parte, 1981ean. Euskaldunek euskaraz jarduteko hiztegi mailan zeuzkaten hutsuneak atzeman, eta Adorez hiztegi sorta abiatu zuten. Hark egin zituen lanen artean dira Sinonimoen hiztegia (Elkarlanean, 1984), Adorez hiztegiak: euskara-gaztelania = castellano-vasco (Elkarlanean, 2009) eta Eskola hiztegia: oinarrizko hiztegia (Elkarlanean, 2013).

Iazko apirilean izendatu zuten ohorezko euskaltzain. Aurretik, Bilboko Liburu Azokak ere egin zion aitorpena 2011n, Urrezko Luma emanda. Hala esan zuen Luis Baraiazarrak orduan, Bostak Bat taldean kide izan zuenak: «Ez dugu ahaztu behar Solabarrieta abadea dela; eliza barruan nahiz kanpoan egin du ebanjelizatze lana. Herrian eta herriko kulturan sartu-sartua egon da beti, guztiei on egiten laguntzen eta guztiak zerbitzatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.