«Espazio politikoa dinamizatzen duten emakumeak eliminatzeko estrategia berri bat da. Sorginak direla asmatzen dute». Emakume kazetari zirkulu baten erdian, ziurtasunez mintzo da Julienne Basseke Afem Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkarteko koordinatzailea. Badaki zertaz ari den, kazetariek eurek sorturiko Femme au Fone salaketa sistemaren bidez jasotzen baitituzte hiri eta landa eremuetako emakumeek pairatzen dituzten indarkerien abisuak. «Azken sei hilabeteotan sorginkeria akusazioen berri jaso dugu bereziki», gehitu du Raissa Kasongo Mama Radioko erredaktoreburuak. «Emakumeak sorginkeriaz akusatuak izan dira, eta horren ondorioz joak, hilak, erreak».
Ikusi gehiago: Mogoli: «Etxea erre zidaten auzokideek, sorgintzat nindutelako»
Kongoko Errepublika Demokratikoko Hego Kivu eskualdean egiten du lan Afemek, eta soilik eurek 300 sorginkeria akusazioren berri jaso zuten iaz, eskualdeetan barreiatuta dituzten kazetari komunitarioen entzute-klub taldeei esker. Bassekek gehiago xehatu ditu datuak: «Horietatik 28 emakume izan ziren iaz hilak, heriotzara arte joak. Leku batzuetan jendaurrean erre dituzte, harrikatuak izan dira jendearen aitzinean. Bertze batzuk noraezean ibiliz zendu dira, euren komunitateek arbuiatu baitituzte, eta horrela hil dira. Goiz batez euren gorpuak atzeman dituzte».
Ikusi gehiago:Bintu: «Jendeak bozkatu zuen sorgina nintzen ala ez»
Bukavuko kazetariak zehaztu du legeak ez dituela «aitortzen» sorginkeria akusazio horiek: «Herri justizia moduko bat da». Eta, horren parean, zigorgabetasuna: «Egileak ez dituzte zigortzen, eta fenomenoak segitzen du. Giza eskubideak ez dira lehentasuna gure autoritateentzat. Bertze interes batzuk dituzte». Horren adibide da Hego Kivu eskualdeko gobernadorearen egoera bera: probintziako parlamentuak zentsura mozio bat onartu zuen joan den abenduan haren aurka, baina herrialdeko gobernuak berriro itzuli du bere lekura. Greba orokorra antolatu zuten asteartean Bukavun, horrekiko protestan.
Kazetarien lana
Sorginkeria akusazioen gibelean askotariko arrazoiak metatzen dituzte horiek egiten dituztenek: izan daitezke iturri jakinik ez duten gaixoaldiak, ala bertzerik gabe enplegu falta. «Gobernuari bota beharrean, emakumeei botatzen diete arazo sozialen errua», azaldu du Bassekek. Izan, badituztelako. David Mubalama Hego Kivuko parlamentariak ere berretsi du arazoa: «Astero hiltzen dituzte emakumeak sorginak direla erranez, hala direnik egiaztatu gabe. Gehienetan ez da egia». Politikariak azaldu du dekretu bat onartua dutela horren aurka, baina ez duela funtzionatzen: bertze bat egin nahi lukete orain.
Sorginkeria akusazioena Kongoko Errepublika Demokratikoko emakumeek pairatzen duten indarkeria basatiaren bertze adibide bat da. Eta Afemeko kazetariek badute kezka bat: komunikabide nagusietan ez dutela horien berri ematen, eta, ondorioz, instituzioek ez diotela horri kasurik egiten. Hain justu, asteon agerraldi bat egin dute Bukavuko kazetarientzat, autoritateek indarkeria sexuala dela-eta harturiko engaiamenduez eta horien betetzeaz mintzatzeko. Basseke irmo mintzatu zaie bertze hedabideetako langileei: «Garrantzitsua da kazetariek honen berri ematea, gero eta gehiago». Gauza bera erran du Kasongok: «Kazetariok honen jarraipena egin behar dugu, agintariek engaiamenduak har ditzaten. Tresna txiki bat dugu esku artean, grabagailua, baina asko dezake».
Kongoko Errepublika Demokratikoa
XXI. mendeko sorginkeria
Afem elkarteak emandako datuen arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoko Hego Kivu eskualdeko 28 emakume hil zituzten iaz sorgin izateaz akusatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu