26.000 sinadura amatasun atxikipenak lortzeko

xabier martin
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Amatasun eta aitatasun laguntzek ez dute errenta zerga ordainduko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta azken lau urteetan ordaindutakoa itzuliko dute. Nafarroan, ordea, ez. Eta lurralde horretako guraso talde batek 26.000 sinadura bildu ditu amatasun eta aitatasun laguntzen atxikipenen itzulketa lortzeko. Sinadura horiek Nafarroako Parlamentura eraman zituen atzo, Foru Gobernuak iritziz aldatu eta itzulketa egin dezan.

Gaur bertan Uxue Barkos presidentearekin elkartuko da guraso taldea, eta «baikor» daude haien bozeramaileak. «Esperantza handia dugu; ea zer-nolako sentipenez ateratzen garen», esan zuen Carmen Azpillagak. «Asko borrokatzen ari gara, eta konfiantza dugu. Uste dugu azkenean atzera egingo dutela».

Nafarroako Gobernuak, ordea, garbi utzi du legea ezin duela hautsi, eta ezin duela itzulketarik egin. Bere legea desberdina da, eta ziurtatu du ezin dituela itzuli azken urteetan amek jasotako laguntzen errenta atxikipenak. Nafarroan, 2012tik dago indarrean amatasun laguntzei errenta zerga atxikitzea. UPNk, PPk eta PSNk onartu zuten lege hori, eta alderdi horiek ari dira orain eskatzen Barkosen gobernuari atxikipenak itzultzeko. Horren ordez, atxikipenei zerga kenkariak ezartzeko legegaia jarri du abian lauko gobernuak.

Sinadura bilketa sustatu duen guraso taldeak manifestazioa antolatu du datorren larunbaterako. Nafarroako Parlamentutik abiatuko da eguerdian, gaurko bilerak emaitzarik ematen ez badu. «Nahiko genuke bi aldeak konbentzituko lituzkeen akordio bat egin, baina zail samarra ikusten dugu», esan zuen Carmen Azpillagak. Eta martxara joateko gonbidapena egin zien guraso eta aitona-amona guztiei. «Denak animatzen ditugu, gurasoak seme-alaba txikiekin... denak etor daitezela. Zoragarria da laguntza hau ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.