Eduardo Bendezu Gutarra abokatua da, eta Peru Libreko zuzendaritzako kidea da, duela gutxi presidente hautatutako Pedro Castilloren alderdikoa. Huancayon hasi zuen militantzia, jaioterrian, eta han egin zuen bat Vladimir Cerronek —egun alderdiko buru denak— zuzendutako proiektu politikoarekin, gerora Peru Libre izango zenarekin. 2012an, eskualdeko mugimendu izateari utzi eta mugimendu nazional bihurtu zirenean, Gazteriako idazkari nagusi izendatu zuten Gutarra, eta, 2019an, Komunikazio eta Garraiorako eskualde zuzendari. Azken hauteskundeetan, kongresurako hautagaien zerrendetan izan zen, eta ekainaren 15a arte ministrogaietako bat zen.
Baina, egun horretatik, hura atxilotzeko agindu bat dago, eta ezkutuan bizi da. BERRIAri emandako elkarrizketa honetan, Gutarrak azalpena eman du bere ustez Castilloren kargu hartzea helburu duen justiziaren beste maniobra bat denaren arrazoien inguruan, eta «nekazari indiar» batek zuzendutako gobernu kudeaketaren gida lerro nagusiak xehatu ditu.
Zertaz akusatzen zaituzte?
Hiru delitu dira: talde kriminal bateko kide izatea, influentzia trafikoa eta eroskeria pasiboa. Nire aurkako froga bakar gisa aurkeztu dituzten grabazioetan, publikoak diren kontratazio batzuei buruz hitz egiten entzuten zait. Grabazioak langileen kasuan soilik dira delitu baten froga, ez funtzionarioenean. Justizia baliatzen ari dira gure aurka jotzeko, eta behin-behineko espetxealdia eskatu dute zenbait pertsonarentzat; horien artean nago ni ere. Jendaurrean egitekoak nituen lanak bertan behera utzi behar izan ditut, auzia argitu arte.
Etxetik joan behar izan nuen, eta ezkutuan nago. Ustelkeriaren aurkako fiskaltza horri kritika asko egin dizkiote, eta, bertara joaten banaiz, arrisku handia dut atxilotua izateko. Ez dut neure burua opari emango.
Castillok kargua hartzea oztopatzen duten luzatze maniobrekin lotzen duzu hau?
Erabat. Zergatik orain? Fiskaltzak berak zehaztua du sare kriminal hori duela hamar edo hamabost urtetik dagoela. Luzatze maniobra asko dira. Duela egun batzuk, Luis Arcek, Hauteskunde Batzorde Zentraleko kide batek, dimisioa eman zuen garailea nor zen jakinarazteko unea atzeratzeko helburu bakarrarekin. Bera izan zen fujimorismoaren salaketak babestu zituen bakarra.
Botere legegilea ere lege jakin batzuk erreformatzea proposatzen ari da azkenaldian, horrela indar kontserbadoreak eta gaizkileak Auzitegi Nazional Konstituzionalaren jabe egin daitezen.
Ezegonkortasuna handia da. Armadako sektore batzuek ez dute onartuko beraiek bezala hitz egiten ez duen nekazari indiar probintzial bat errepublikako presidente izatea.
Castillori egin zaion kritika nagusietako bat da kudeaketa plangintza sendo bat ez aurkeztea, eta bere gobernu taldea aurkezteko hainbeste denbora hartu izana.
Hauteskundeak irabazten zituen ezkerreko edozein indarrek batasunerako deia egin beharko zukeen. Talde teknikoaren aurkezpena atzeratzearena erabaki estrategikoa izan zen. Bagenekien kolpe asko hartuko zituela, eta, beraz, itxarotea erabaki genuen.
Funtzionarioak toki eta alderdi desberdinetatik etorriko dira. Izenak oraindik ez ditugu. Duela egun batzuk esan genuen modura, triunbiratu bat dago alderdian: Castillo, Cerron, eta alderdiko bankadako kide bat; hiruren artean gainbegiratuko dute gobernuaren plangintza eta funtzionarioen aukeraketa.
Bestalde, demokraziari eta gobernabideari lotutako konpromiso sorta bat sinatu dugu guk. Horri dagokionez, badira bi puntu nagusi: osasuna eta ekonomia. Urtea amaitu baino lehen Peruko herritar guztiak koronabirusaren aurka txertatuta egotea nahi dugu, eta aukera bat eman nahi diogu Kubako txertoari, zeinak eraginkortasun handia erakutsi baitu.
Eta ekonomiari dagokionez?
Herritarrek ulertu zuten huts egin zutela [presidente ohi Martin] Vizcarraren asmoek, ekonomia berpizteko korporazio handiei eta batez ere bankuei laguntzekoek. Mikroekonomian oinarritutako suspertze plan bat aztertzen ari gara.
Enpresa txiki eta ertainei laguntza ekonomikoak eta maileguak emango zaizkie, dirua itzultzea edo ez itzultzea ahalbidetuko duten baldintza jakinetan, baina lanpostuak sortzea eta langileak kontratatzea bermatuko dutenak. Batzar konstituziogile batera deitzeko konpromiso handiagoa ere badugu.
Baina gobernabidea ez dugu bakarrik bermatuko alderdi politikoekin: eskualdeko eta udal gobernuekin ere lanean ari gara. Batzar konstituziogile bat osatzeko lehen urratsa da konstituzioko 206. artikulua moldatzea, zeinak jasotzen duen testua kongresuak erreformatu dezakeela. Ez du jasotzen batzarraren irudia. Beraz, lehenik hori egingo genuke, eta, jarraian, erreferendum bat.
Egiten den beste galderetako bat da nola egingo diren hitzemandako aldaketak, horiek kongresuak berretsiak izan behar badute, eta bertan 130 aulkietatik 37 bakarrik badituzue…
[Italiako filosofo Antonio] Gramscik esango luke badela zerbait hiltzen ari dena, eta zerbait jaiotzear dena. Krisi politiko batean sartuta daude azken urteetan. Krisia kudeatzeko ezintasuna hain da handia, ezin izan dute ezer konpondu.
Guk uste dugu gobernabidea ez dela soilik kongresuaren eskumena. Orain arte gobernuak aitortu ez dituen instituzioek agertu behar dute hemen, eskualdeetako exekutiboek. Hori oinarrizko zutabea da gobernu berriarentzat; gure plangintzan oso garrantzitsua da deszentralizazio prozesua.
Kongresuari dagokionez,de facto aliantza bat dugu bost kongresista dituen Elkarrekin Peruren Alde alderdiarekin, eta gerturatu diren beste batzuekin, eta horiekin, ziurrenik, bloke bat osatuko dugu.
Nola eutsiko diozue hauteskunde hauetan Peru Libreren sostengu nagusi izan ziren eskualdeko komunitate eta oinarrien babesari?
Castillo komuneroa da, eta komunitateko kudeaketaz arduratzen diren batzarretako kide izan zen. Bada konpromiso bat komunei dagokienez, eta haien bizimoduari eta baliabideei dagozkien eskubideak eta autonomia aitortzeko asmoa. Eta konektibitatearen inguruan hitz egitekoa ere bai, ez bakarrik teknologiari dagokionez, baita errepideei dagokienez ere.
Pedro oso zuhurra izan zen, eta ez zituen komunitateak deitu botoa defendatzera, baina gizarte zibila bera mobilizatu zen bere botoa eta erabakia defendatzeko. Hautsi egin zen urteetako beste ohitura bat ere, Limak eskuinaren alde bozkatzeko zuen ohitura. Han eskuinak irabazi zuen, baina ez aurreko bozetan adinako indarrarekin. Herritarren parte batek bere ahotsa entzunarazi nahi du prozesu konstituziogile baten bidez. Guk beharrezko pausoak eman behar ditugu prozesu konstituziogile baterako.
Latinoamerikako progresismoa eta Peru kanpoko eta barruko beste sektore batzuk pozik agertu dira Peru Libreren garaipenarekin, baina kezkatuta Castillok kanpainan agertutako zenbait jarrera kontserbadorerekin.
Gogora dezagun Castillo buruzagi sindikal bat dela, ohituta gauden bizitza politikoa egin ez duena. Iazko urri-azaroetan gehitu zitzaion alderdiari. Guk alderdi moduan ideia batzuk ditugu, eta sexu aniztasunaren eta abortuaren gisako gaiez hitz egiten dugu —agian ez beste espazio batzuetan bezala—. Guretzat abortuaren gaia oso argi dago; badakigu heriotzak eragiten dituen errealitate bat dela, batez ere sektorerik kalteberenetan. Perun legezkoa da, baina ez dago bermatua.
Indartu behar den beste alor bat sexu heziketa da. Castillok—Eliza ebanjelikotik dator, eta beste begirada bat du— agian ez du ondo azaltzen jakin. LGTBI gaiari buruz esan dugu guztien eskubideak bermatu behar direla, eta, kolektibo horren berezitasunen alorrean, ezkontza zibilaren alde gaude. Adopzioen gaia ez dago itxita. Migrazioez, salatu dugu Venezuelatik datorren olde hau ez dela behar bezala kudeatu, eta giza trafikoan aritzen diren gaizkile taldeei tokia egiteko balio izan duela.
Zer aliantza lotuko dituzue lurraldeko beste herrialdeekin?
Beti galdetu izan diot neure buruari zergatik ez egin nazio bakar bat Latinoamerikarekin. Gure lehentasunen artean garrantzitsuenetariko bat da internazionalismoa. Alderdi gisa, lan asko egin izan dugu nazioarteko ekinaldietan —San Pabloko Foroa, esaterako—, baita batasunerako deietan eta Latinoamerikaren egoera aztertzerakoan ere. Bestalde, elkartasun keinuak ere egin ditugu; adibidez, Boliviako estatu kolpea gertatu zenean, Peruko indar politiko bakarra izan ginen nazio mailako mobilizazioak antolatu zituena, eta erantzun zabala jaso zuena.
Mercosur indartu behar dela uste dugu, errealitate desberdinak islatzen dituen herrialde bakoitzeko gaien trukea baitakar. Pentsatu beharko genuke ere, BID ez bezala, herriena litzatekeen banku bateratu batek emango ligukeen subiranotasunean.
Eduardo Gutarra. Peru Libreko zuzendaritzako kidea
«Perurako batzar konstituziogile batera deitzeko konpromiso handiagoa ere badugu»
Gutarra ezkutuan bizi da egun, gidatzeko baimenekin trafikatzen duen talde kriminal bateko kide izatea egotzi baitiote. Haren iritziz, akusazioa justiziaren beste maniobra bat da, helburu baitu Peru Libreko Castilloren kargu hartzea. Hauteskunde batzordea gaur da aldarrikatzekoa presidentetzarako bozen garailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu