Duela aste batzuk, kultur arloan aritzen diren hamar nafarrek Tortura: demagun epea dagoeneko amaitu dela izeneko agiria plazaratu zuten, Nafarroan tortura pairatu dutenei babesa eman eta haientzat aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak eskatzeko. Orain, Nafarroako beste 150 kulturgile inguruk bat egin dute aipatutako agiriarekin, eta, Nafarroako Torturatuen Sareko eledun Mikel Sotok adierazi duenez, oraindik atxikimenduak jasotzen ari dira. Horregatik, sinadurak biltzeko epea zabalik uztea erabaki dute.
Eneko Aizpurua, Jon Alonso, Juanjo Olasagarre, Iñigo Astiz, Castillo Suarez, Aingeru Epaltzaeta Pello Lizarralde idazleek, Pello Salaburu, Sagrario Aleman eta Patxi Zabaleta euskaltzainek, Montxo Armendariz eta Aitor Merino zinemagileek, Saioa Alkaiza, Estitxu Arozena, Ekhiñe Zapiain eta Julio Soto bertsolariek, Petti eta La Furia abeslariek eta El Columpio Asesino, Gatillazo, Streetwise eta beste zenbait taldetako musikariek sinatu dute agiria, besteak beste.
Sotok eskerrak eman dizkie guztiei: «Eskerrak, hamarkadatan erabateko babesgabetasunean egon garen torturatuoi eman diguten babesagatik».
Konpromisoa egiarekin
Irati Jimenez idazleak Antonio Tabuchi eta Julio Cortazar ekarri ditu hizpidera, eta nabarmendu du kulturgileek konpromisoa dutela egiarekin: «Kulturan aritzen garenok egia esan behar dugu, beste aukera egia ez esatea delako. Eta egia da Nafarroako Torturatuen Sarea osatzen duten mila lagunak torturatu egin zituztela».
Torturatuentzat aitortza eskatu du Jimenezek, «egia diotela deklaratzea, denok dakigulako egia dela»; erreparazioa, «laguntza merezi dutela aitortzea»; eta, horrekin batera, berriro ez gertatzeko bermeak: «Ni torturatu baten alaba naiz; beste asko bezala, torturatu baten bikotekidea naiz; torturatuen aitak eta amak izango gara?».
Sotok eta Jimenezek gogorarazi dute ekainaren 25ean, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren bezperan, manifestazioa egingo dutela Iruñean.
Kulturgileen babesa nafar torturatuei
150 bat idazle, musikari eta artistak bat egin dute torturaren kontrako agiriarekin. Dei egin dute ekainaren 25eko manifestaziora joateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu