Koronabirusa

Euskara izan dezaten

Eskolak itxita, euskaraz egiteko aukerarik gabe geratu dira milaka ume eta gazte: mintzapraktika sareak sortu dituzte. Bilbo Handian 450 haurrengana heldu dira

Bilboko mintzapraktika sareko Ioana haurrak eta Sergio Garcia boluntarioak astean hiru aldiz egiten dute mintzapraktika, bideo deien bidez. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eskolen itxierak eta aurrez aurreko klaseen hutsuneak eragina izan du haurren eta gazteen euskara erabileran. Hainbat ikasle geratu dira egunerokoan euskaraz hitz egiteko aukerarik gabe: ez irakasleekin, ez ikaskideekin, ez etxekoekin. Egun batetik bestera, askorentzat eten egin da hizkuntzarekin zuten harremana. Egoera horretaz jabetu, eta herritar batzuek mintzapraktika sareak osatzeko hautua egin dute, hala nola Bilbon eta Donostian. Boluntarioak daude oinarrian. Bideo deiak egiten dituzte haurrekin eta gazteekin, astean bizpahiru aldiz. Baionako Estitxu Robles kolegioan ere egitasmo bat sortu dute, besteak beste, etxean euskara sustatzeko helburuarekin.

Bilboko mintzapraktika sareak itxialdia hasi bezain laster egin zituen lehen urratsak. Deustun hasi ziren. «Sumatu genuen ume askok euskararekin hutsune handia izango zutela; galdera asko zeuden, ez baikenekien haurrak noiz itzuliko ziren eskolara», azaldu du Koldo Lopez sareko kideak. Lehen saioak auzoan bertan egin zituzten, eta hiriko gainerako auzoetara ere zabaldu zuten proiektua. Horretarako, Bilboko Elkartasun Sarea baliatu zuten. «Mintzapraktiken sarea koordinatuta egoteko, auzoetan arduradunak bilatu genituen, hobeto uler zezaketelako bertako errealitatea», adierazi du Lopezek. Bilbo Handiko hamazazpi auzo daude egun sarean, eta beste herri batzuetara ere zabaldu dira; Getxora, esate baterako. Guztira, 450 haur inguru ari dira parte hartzen.

Boluntarioak daude sarearen atzean, eta haietako bakoitzak mintzapraktikak egiten ditu haurrekin. Are, Bilboko sareak boluntario izateko deialdia ere zabaldu du lau haizeetara. Sergio Garcia sareko kidea da, eta Ioanarekin egiten ditu mintzapraktikak, 7 urteko haur batekin. Adierazi du saioak ez dituela gehiegi antolatzen, eta umearen beharretara egokitu ohi dituela. «Batzuetan, jolasak egiten ditugu, eta beste batzuetan hiztegia lantzen dugu, eskura ditugun bitartekoekin; originaltasuna bat-batean azaltzen da». Azaldu du haurrarekin eta haren amarekin konfiantza duela dagoeneko, eta «pozik» dagoela esperientziarekin. Hain zuzen, Loredana Baciu da Ioanaren ama, errumaniarra jatorriz. «Guk ez dakigu euskaraz, eta, beraz, sarea aukera polita da haurrek orain arte ikasitakoa ez ahazteko eta norbaitekin euskaraz hitz egiteko». Nabarmendu du umeentzat «mesedegarria» dela egitasmoan parte hartzea.

Donostian ere behar baten hutsunetik erabaki zuten sarea osatzea. Elene Lopetegi sareko kidea da, eta, kontatu duenez, sumatu zuten beharra zegoela haur batzuei etxeko lanekin laguntzeko eta euskarazko mintzapraktikak egiteko. Jada sortua zegoen zaintza sarearekin jarri ziren harremanetan, eta bertatik lortu zituzten lehen boluntarioak; jada 30 baino gehiago dira, eta haietako batzuk haur batekin baino gehiagorekin ari dira. Horietako bat da Karla Goikoetxea. Azaldu du proposamena iritsi bezain laster erronka polita iruditu zitzaiola. «Familia latinoamerikar batekin jarri ninduten kontaktuan; etxean ez dute euskaraz hitz egiten, eta sentitzen zuten haurra euskaratik nahiko deskonektatuta zegoela». Adierazi du saioetan lehendabizi saiatzen dela mintzapraktika egiten, eta ostean etxeko lanak. Halere, aitortu du saio aktiboak egin nahi izaten dituela: «Azkenean, euskararekin gozatzeko aukera bat da; ez nuke nahi haurrarentzat karga bat izatea».

Familien erantzuna

Sareetako boluntarioek azaldu dute proiektuek harrera «positiboa» izan dutela, eta udaldiari begira zer egin daitekeen pentsatzen ere hasiak direla. Oiakue Azpiri Bilboko sareko partaidea da, Abusu auzoko arduradunetako bat. Antzeko diagnostikoa egin zuten Abusun ere: ikasle ugarik ez zutela familian euskararekiko harremanik. 50 ume inguruk parte hartzen dute sarean. Boluntarioak gutxiago ziren, eta Bilboko sarearekin batera deialdia egin dute, boluntario gehiago biltzeko.

Irakaslea ere bada Azpiri. Haren iritziz, leku bakoitzeko ezaugarriak desberdinak dira, eta, Abusuren kasuan, jatorri atzerritarreko familia ugari dago. Adierazi duenez, itxierak haur eta gaztetxo guztiengan du eragina, baina handiagoa hizkuntza menperatzen ez dutenengan edo harekin erlaziorik ez dutenengan. «Ikasleek zailtasunak dituzte landu beharreko edukietan, eta familiek ezin lagundu izanaren kezka dute; beraz, galera bikoitza da». Halere, uste du familien kezkak adierazten duela zer-nolako garrantzia ematen dioten seme-alaben hezkuntzari eta euskara jasotzeari. Elkartasun sareen lana goraipatu du, eta gehitu du bitarteko materialak ez ezik, sareek hizkuntza bera ere gogoan izatea garrantzitsua dela. «Euskara gerturatzeko bitarteko bat eman ezean, denbora gehiegi igaroko da, eta galera handiagoa izan daiteke».

Goikoetxearentzat ere garrantzitsuak dira horrelako sareak. Azaldu du proiektua «ederra» dela, eta polita dela herritarrei era boluntarioan laguntzea. Haren ustez, mintzapraktikak boluntarioei ere bide ematen die ezagutzen ez zituzten errealitate batzuetara gerturatzeko eta etorkizunean erlazio berriak sortzeko.

Euskara, jolasen bidez

Baionako Estitxu Robles kolegioan ere ikasleen eta familien artean euskara sustatzea jarri zuten helburutzat itxialdian, eta, horretarako, barne lehiaketa bat egin dute, hainbat ekintza proposatuta, hala nola bertsoak egitea. Ibai Aizager Kolegioko hezkuntza aholkularia da, eta azaldu du ikasleek geroz eta pertsona gehiago erabiltzen dituztela haien ekintzetan, eta horrek etxeetan euskara bultzatzea eragiten duela. «Zinez kontent gaude ikasleek egiten dituzten ekintzekin, eta plazer egiten du».

Aizgarrek jakinarazi duenez, Baionan erdarak indar handiagoa du, eta ikasle gehienen ingurunea erdalduna da. Beraz, azaldu du hori aitzakia gisa hartu eta saiatzen direla etxeetara euskara gehiago eramaten. Haren arabera, batez ere oporretatik iristean edo ikastetxetik kanpo denbora asko egon ostean nabaritzen dute euskarak lekua galtzen duela; beraz, garrantzitsua iruditzen zaio halako egitasmoei bide ematea. Baita Euskal Herrian sortu diren sareei ere. «Helburua da egoera honetan denok euskararekiko erantzun bat ematea, nahiz eta proiektu desberdinetan izan; gure kasuan, animazioak eta jolasak egin ditugu hizkuntza bultzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.