joxerra senar
Nafarroako 2021eko aurrekontuak. ANALISIA

Badaezpada ere, ihesbidea prest

2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
COVID-19ak nafar politikan eragina izan badu ere, ez du haren norabidea aldatu. Alde batetik, astelehenean aurkeztutako Navarrometroak ondorioztatu du Nafarroako mapa politikoa apenas aldatu dela: PSNk parlamentari bat irabaziko luke bere gobernuko bazkide Geroa Bairen kaltetan, eta gainerako taldeak berdin geratuko lirateke. Bestetik, 2021eko aurrekontuak onartuta, legealdi hasieratik nafar politikan izan den dinamika berretsi da. Egungo koalizio gobernuari bultzada emango dio, eta, hura sostengatzen duten indarrek gehiengo nahikorik ez dutenez, EH Bildu euren solaskide nagusi dela baieztatu da. Koalizio abertzaleak ez du lortu zerga sisteman bilatzen zuen aldaketa, baina betoen politika gainditzea lortu du.

Navarra Suma bakarrik geratu da parlamentuan, baina horrek ez du esan nahi guztiz bakartuta dagoenik. PSNk arnasa eman dio Iruñeko Udalean, eta, alkate denetik lehen aldiz, Enrique Maiak lortu du azkenik aurrekontu batzuk aurrera ateratzea (bost urteren ondoren, bada marka, gero). Horretarako, iragan legealdian kontra azaldutako proiektu batzuk babestu behar izan ditu, eta bere hitza jan, baina zer da hori legealdia onik amaitzea lagunduko dion sozialisten babesaren truke? PSNk erdigunea hartu nahi du, batzuekin eta besteekin ados jartzeko gai dela erakutsiz eta eskuineko koalizioarekin zubiak ez erabat hautsiz.

Laboral Kutxak iragan astean zioen oraindik ezin dela jakin pandemiak zer kalte eragin(go) dituen ekonomian eta lan munduan. Aldi baterako erregulazio espedienteak altxatzen eta bestelako laguntzak kentzen doazen heinean, apurka, nabarituko da zenbaterainokoa den kaltea, 2021ean. Nahiz eta oraindik airean dagoen EBko Next Generation egitasmotik zenbat diru iritsiko den, horrek enpleguan eragin positiboa izango du. Ezin da baztertu errebote baten aukera ere, baina kontuan izan behar da, oraindik erabat ikusten ez den arren, pandemiak ehun ekonomikoari hozkada handia eman(go) diola. Zenbatekoa? Hara hor gakoa.

Harrigarriki, pandemiaren aurrean Navarrometroak gizartearen halako baikortasun bat islatu du, baina hori aho biko ezpata izan daiteke. Txertoak ondo badoaz eta ekonomia onbideratzen bada, itxaropen horiek berretsiko dira, baina egoera uste baino okerragoa bada, mapa politiko hori astinduko du.

Horregatik, ziurgabetasunaren zoru labainkorrean mugitzen da politika. Orain arte balio duenak balio dezake hamabi hilabete barru ere... edo ez. Azarora arteko datuek erakusten dute zerga bilketa %8 jaitsi bada ere, urte amaierako zuloa ez dela izango gobernuak martxoan espero zuen bezain handia. Hartara, 2021ean finantza publikoak egonkor jarraitzen badute, ez da murrizketarik izango, hori baita egungo kohesioari eusten dion aldagai nagusia. Ekonomiaren bilakaeraz gain, ezin da ahaztu Espainian, alderdi barrutik zein kanpotik, PSOEk presio handia duela bere gain, eta bestelako norabide bat hartuko balu, horrek eragin zuzena lukeela Nafarroan. Horregatik ez du eskuinarekin guztiz moztu. Badaezpada ere, ihesbidea prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.