Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna

«Sentsazioa nuen ez zidatela sinesten, ni epaitu nindutela»

Ezagutzen ez zuen etxe batean esnatu zen Amaia, erdi biluzik eta azken bost orduak gogoratu ezinik. Salaketa jarri zuen, gertatua ikertzeko eskatu zuen, baina auzibidea artxibatu zioten. Prozesuan izandako jokabide eta jarrera desegokiak aletu ditu.

Emakume baten artxiboko irudi bat; lerrootan ageri denak anonimoki eman du testigantza. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Gaur-gaurkoz, ez dakit zehazki zer gertatu zitzaidan, ez dut ia ezer gogoratzen. Batzuetan, neure buruaz duda egitera ere iritsi naiz, baina psikologoak berretsi zidan zerbait egin zidatela, sintomak argiak zirela: nire gorputzak eraso handi bat legez bizi izan zuen». Amaia izango da lerro hauetan, baina ez da haren benetako izena; Bizkaiko herri batean bizi da, eta abokatua da ogibidez. «Teorian, banekien nola jokatu sexu eraso bat pairatzekotan. Eta hala egin nuen». Salaketa aurkeztu eta gertatua arakatzea galdegin, baina ia ikerketarik gabe artxibatu zioten auzia. Indarkeria matxistaren biktima askok salatu duten birbiktimizazioaren isla da haren kontakizuna: iruzkin patriarkalak, enpatiarik eza, okerrez betetako prozesu bat, babesgabetasuna. «Oinarrizkoenak ere huts egiten du. Protokoloak ez dira betetzen».

Ikusi gehiago:Justizia feminista aldarrikatuko dute gaur kalean

2020ko udan gertatu zen erasoa. Arratsalde batez, trago bat hartzera joan zen mutil lagunarekin eta senide batekin. «Jende gehiago agertu zen, aurkeztu zizkiguten, eta gurekin geratu ziren». Ilundu zuen, bikotekidea etxera joan zen, eta besteekin geratu zen Amaia. Ordurako, burua lanbrotua zuen: «Botikak hartzen ari nintzenez, garagardo pare bat baino ez nuen edan, baina ematen zuen askoz gehiago hartu nituela: proposatu zidaten guztiari baietz esan nion. Ez nengoen oso gustura, baina haietako baten etxera joatea onartu nuen».

Sentsazio hori areagotuz joan zen hurrengo orduetan: «Gauak aurrera egin ahala, gero eta hutsune gehiago ditut memorian». Uste du substantziaren bat bota ziotela edarian: «Gerora egin nituen probetan, ez zuten ezer antzeman, baina laborategian azaldu zidaten askotan detektatu ezin diren substantziak erabiltzen dituztela, eta drogarik hartzen ez dugunontzat oso kantitate txikiak behar direla eragina sumatzeko».

Izan ere, bost ordu egin zituen etxe hartan, baina oroitzapen gutxi batzuk baino ez dauzka. Bost lagun: «Lau gizon eta emakume bat zeuden nirekin». Jolas bat: «Musua, egia, ekintzan hasi ginen, eta gizonetako bati musu ematea suertatu zitzaidan, baina behin eta berriz esan nuen ezetz». Arropa: «Elastikoa kendu zidaten. Nik ez nuen nahi, body bat zelako». Ukitu bat: «Sofan nengoen, eta gizonetako bat eskua gona azpitik sartzen saiatu zen; ezetz esan nion, berriro saiatu zen, eta laguntza eskatu nion beste bati». Esnatzea: «Komunera joan nintzen, eta, han, buruak klik egin zidan. Nire arropa eskatu nien, oihuka... Korrika jantzi, eta ospa egin nuen».



Kalean, Udaltzaingoaren egoitzara abiatu zen. «Berehala esan nien uste nuela eraso egin zidatela; oroitu baino arropa gutxiagorekin esnatu nintzela, laguntza behar nuela». Andre batek artatu zuen, eta ospitalera eramango zutela esan zion. Amaia oraindik ez zegoen erabat esna: «Komisariako atean, bikotekidearekin gurutzatu nintzen, eta ez nuen ezagutu. Erietxean lanean zegoen gertuko lagun bat ere ez; ez dut oroitzen, baina hark gero kontatu zidan kolokoi erraldoia neramala, begiak handituta eta gorrituta».

Ospitalean proba batzuk egin zizkioten: «Esan nien jakin nahi nuela zer gertatu zitzaidan». Auzi mediku bat joan zitzaion, emakumezkoa. «Galdetu zidan ea sarketarik egin zidaten; 'Ez, nik gogoan dudala behintzat', erantzun nion. Horrek ez zuen esan nahi ezetz, baina hark hala interpretatu zuen. Proba batzuk egin zizkidan, eta esan zidan ez zirudiela bortxatu nindutenik; horrek lasaitu ninduen». Azterketa horiek amaitzean, ospitalera joandako ertzainek itaundu zioten ea salaketa jarri nahi zuen, eta baietz berretsi zien. «Hori guztia bakarrik egin nuen, konfiantzazko inoren sostengurik gabe, bikotekidea hurbil zegoen arren».

Bi gizonezko poliziak eraman zuten ertzain etxera. Autoan zihoazela egin zizkioten lehen iruzkin desegokiak: «Iradoki zuten kontuz ibili behar nuela gauez, bakarrik eta hala jantzita; orduan hasi nintzen deseroso sentitzen». Polizia etxean, beste bi gizonekin egon zen. «Protokoloaren arabera, emakume batek artatu behar ninduen».

Salaketa prozesua, oker

Okerrez betea oroitzen du salaketa jartzeko prozesua. Hasieratik: «Abokatua naizenez, esan zidaten hobe zela uko egitea abokatua edukitzeko eskubideari, azkarrago amaitzeko. Eta nik sinatu nuen. Bezeroei beti gomendatzen diet abokatua alboan izatea, ez nukeen sekula halakorik onartuko, baina shock egoeran nengoen. Eta ez da egokia poliziek hori gomendatzea hain zaurgarri dagoen pertsona bati».

Haren hitzak nahastu eta auzitan jarri zituztela erantsi du: «Salaketa batean, zer gertatu den kontatzen duzu, haiek jaso egiten dute, eta zuk sinatu. Baina hura ez zen salaketa hartze bat izan, baizik eta galdeketa bat. Hitz egiten ari nintzela, moztu egin zidaten: 'Ziur zaude? Pertsona horrek ez al du beste izen bat?'. Ez nengoen ziur, gau hartan ezagutu nituelako batzuk; gezurretan aritzea egotzi zidaten». Bitxia bada ere, salatzailearen izena gaizki jaso zuten atestatuan, gutxienez bost aldiz. «Presioagatik, negarrez hasi nintzen, eta esan nien ez nuela salaketarik jarri nahi. Ertzainetako batek erantzun zidan ezetz, hura oso serioa zela, salatzera joan banintzen salatu egin behar nuela».

Ikusi gehiago:«Hitza baino gehiago, entzutea askatu du Me Took»

Azkenik, salaketa sinatu zuen. Abusu gisa tramitatu zuten: ukituak egin zituen gizona baino ez zuten ikertutzat jo, eta gainerakoak, lekukotzat. Amaia ez dator bat erabakiarekin: «Nire ustez, etxean zeuden guztiak ikertu behar zituzten. Nik argi utzi nien ez nintzela gogoratzen: salaketa zera zen, ikertzeko eskaera bat».

Gainera, deklarazioak hartzeko prozeduran ere huts nabarmen bat egin zutela uste du: Amaiaren salaketa jaso aurretik deklaratu zuten lekukotzat jotakoek. «Prozeduraren arabera, lehenik salaketa jaso behar da, eta ondoren hartu behar dira gainerako deklarazioak, behin ikertuak eta lekukoak nor diren zehaztuta. Demagun nik gogoratzen dudala haietako bik bortxatu nautela: horren arabera hartu behar liekete deklarazioa, ez lekuko gisa, baizik eta ikertu gisa; zeren, ikertuak badira, abokatu bat edukitzeko eskubidea dute, besteak beste. Erasotzaileen ikuspegitik ere, prozedura hutsegite handia da».

Poliziaren agiriei begira, bestelako hutsez ohartu da: «Atestatuak dio depresio nahasmendu bat nuela, eta tratamendu psikiatrikoan nengoela, baina nik ez nuen halako diagnostikorik; antsietaterako botikak hartzen ari nintzen, familia medikuak aginduta, ez psikiatrak». Esanguratsua iruditzen zaio txostenean hori jarri izana: «Ematen du zorotzat jarri nahi nindutela. Ni une oro saiatu nintzen zintzoa izaten eta diskurtso koherente bati eusten; egia esan nuen, baita gogoratzen ez nituen gauzez ere, eta nire aurka bihurtu zen. Sentsazioa nuen ez zidatela sinesten, ni epaitu nindutela».

Biharamunean, urratuak

Susmo haiek okerrera egin zuten biharamunean, etxean. Batetik, gorputzean marka gehiago agertu zitzaizkion: «Ospitalean, auzi medikuak argazkiak egin zizkidan, eta atzamarkada batzuez galdetu; esan nion ezkerreko sorbalda azpian katuak utzia zidala zauritxo bat, eta hala adierazi zuen agirian. Gero, etxean, deskubritu nuen urratu eta ubeldu gehiago nituela bularretan, izterretan, pubisean eta belaunetan; marka batzuek pertsona baten azazkalen forma zuten. Ez dakit forentseak denen argazkiak egin al zituen». Gainera, oinazez hasi zen: «Hilekoarekin nengoen, baina ohi baino odoljario handiagoa izan nuen. Eta min fisikoa baginan. Forentseak txostenean jarri zuen bagina normal zegoela».

Kezka horiei gehitu zitzaien bikotekideari erasotzaileek helarazi zioten mezua: Amaiaren argazki batzuk zituztela. Polizia etxera itzuli zen Amaia: «Ez zidaten salaketa zabaltzen utzi nahi, argazkiak nire baimenik gabe ateratzea ez zelakoan delitu bat hedatzen ez badira —eta egite hutsa bada delitu—. Ofiziozko abokatu bat eskatu nuen, eta hark ere auzitan jarri ninduen, deklarazioa aldatzen ari nintzelakoan. Azkenean, ez nuen salaketa garatu».

Lankide zituen abokatuekin hitz egin zuen gero, eta bortxa matxistan aditua zen batengana bideratu zuten. «Hala jakin nuen ospitalean ere ez zizkidatela proba guztiak egin: hara ere itzuli behar izan nuen». Sexu transmisiozko gaixotasunen azterketak egin zituzten Amaiak eta bikotekideak: «Nik positibo eman nuen batean, eta hark, ez». Biharamuneko pilularik ez zioten eskaini: «Neure kabuz hartu behar izan nuen». Eta froga batzuk bidean galdu ziren: «Erietxean, auzi medikuak ez zuen nire arropa jaso, ezta ertzainek ere; nik eraman nion fiskaltzari. Hor frogaren bat egonda ere, ez zukeen balioko, zaintza katea hautsia zelako».

Prozedura judiziala ez zen zorrotzagoa izan. Amaiak gogoratzen ez zuen tartean gertatutakoa ikertzeko, abokatuak bi froga eskatu zizkion instrukzio epaileari: batetik, ikertutako gizonaren sakelako telefonoa aztertzeko, Amaiaren edo erasoaren argazkirik zegoen jakiteko, eta bestetik, beste gizon bati deklarazioa hartzeko. «Erasotzaileen lagun izandako batek kontatu zidan kalean edanean ibili ondoren etxeetan 'festa' sexualak egiten zituztela... Behin, emakume baten argazkiak erakutsi zizkioten: biluzik zegoen, eta lo edo konorterik gabe; haiengandik urrundu zen. Testigantza horrek adierazten du, gutxienez, nirea ez zela lehen aldia izan, eta agian ohikoa zela jardun hori».

Artxibatuta

Epaileak, ordea, ez zuen deklaratzera deitu, eta ez zuen ikertuaren telefonoa aztertu. Gainerako probetan ere ez zen informazio adierazgarririk agertu: espermarik ez, substantzia toxikorik ez, arropan arrastorik ez... «Ikertuari eta besteei ez zieten sexu transmisiozko eritasunen azterketarik egin, eta erasoaren etxea ez zuten miatu». Amaiak psikologoaren txostena bakarrik zuen alde: trauma osteko estresaren sindromea baieztatu zuen hark.

Auzi medikuaren agiria lausoagoa da: erasoa bera ere ez du aipatzen. «Kasualitatez, instrukzio prozesuan artatu ninduen forentsea ospitaleko bera zen. Esan zidan bere ustez adarrak jarri nizkiola mutil lagunari eta hori ez aitortzeko muntatu nuela saltsa guztia. Halakorik, noski, ez zuen jarri txostenean». Ez zen instrukzioko jardun desegoki bakarra izan: «Denok egun berean deitu gintuzten deklaratzera. Teorian, biktimak ez luke inorekin topo egin behar, baina ez ninduten bideratu aparteko toki batetik».

Hala, auzibidea itxi egin zuen epaileak iaz. Autoaren arabera, ez zuen zantzu nahikorik antzeman delitu bat izan zela baieztatzeko, eta, «ikerketa bide guztiak agortuta» zeudelakoan, kasua artxibatzea ebatzi zuen. «Sakontzeko gogo gutxi zuen», deitoratu du Amaiak. Babesgabetasun handia eragin zion epailearen erabakiak: «Lagundu behar dizutenek ez dizutenean laguntzen... Nik frogak lortu nahi nituen, epaiketara iritsi, aurrera egin, baina, aldi berean, sufrimendu hura amaitzea nahi nuen, auzitan jarria sentitzen nintzelako etengabe. Uste nuen lagunduko zidatela, polizien jarrera eta epaitegikoa ez zirela berdinak izango; baina bai zera, gero ohartu nintzen ezetz». Egungo ikuspegitik, ez daki berdin jokatuko zukeen: «Prozesu judiziala ia gertatutakoa baino okerragoa izan zen».

Prozesu psikologikoa ere ez da batere erraza izan. Infernua deskribatu du lehen asteez oroitzean: «Ezin nuen etxetik atera: sofan egoten nintzen, txiki eginda, negarrez, krisiak nituen etengabe... Neure buruari lesioak egiten nizkion, anbulantziak etxera etorri behar izateraino... Nolabait, bizitzarik gabe geratzen zara, negarra baino ez zaizu ateratzen, inork ez zaitu ulertzen, ez dizu ezerk balio...».

Zaurian arakatuz

Baina argi dio: «Halako egoera batetik atera daiteke. Oso bide gogorra da, baina egin daiteke». Bikotekidearen eta lankideen sostengua ezinbestekoa izan da, baita psikologoarekin eginiko lana ere: «Zaurian asko arakatu behar izan dut. Ez nuen nahi nire bizia gelditzea, aurrera egin nahi nuen apurka, beldurrak kendu... Eta pauso bakoitza lorpen handi bat izan da».

Urrats horietako bat izan da ama izatea. «Bizitzako alor guztietan eragiten du eraso batek. Haurdun geratu nintzenean, ohartarazi zidaten erditzean erasoa berriz bizi nezakeela. Ez nekien, eta mundua erori zitzaidan; abortatzea ere pentsatu nuen. Psikologoarekin sakon landu nuen, eta, azkenean, dena ondo atera zen».

Nabarmen egin du hobera Amaiak, baina oraindik izaten ditu krisiak: «Lehen, egunero; orain, tarteka. Halere, jendeari kostatzen zaio ulertzea oraindik ondorioak jasaten ari naizela, hau gainditzeko prozesua luzea dela». Zauri batzuek orbainak utzi baitituzte: «Oso gogorra izan zen onartzea ez nuela gogoratuko gertatutakoa. Ezin nuen hutsune hura jasan, baina jakin gabe bizitzen ikasten ari naiz». Eta kemena gailendu zaie zauriei: «Beti izan dut argi ni biktima naizela, ez dudala errurik edo lotsarik sentitu behar: haiena da erantzukizuna. Zaila da kontatzea, baina jakitea nahi dut, gauzak aldatzen has gaitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.