Euskarak egunerokotasunean jarrai dezan balio izan du Etxealditik Euskaraldira dinamikak, Jasone Mendizabal Altuna (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariaren ustez. Mantsotu egin dute udazkeneko Euskaraldirako entitateekiko harremana, eta, krisiak bidea zailduko dien arren, euskarak eta kulturak egoera zailetatik ateratzeko duten balioa azpimarratu du.
Agian, goiz xamar da balorazio oso bat egiteko, baina, zure ustez, zer moduz joan da Etxealditik Euskaraldira?
Zuk esan duzun moduan, goiz da, eta badaukagu hutsune bat: Etxealditik Euskaraldira egitasmoa ezohiko egoera batean jarri dugu martxan. Ez zegoen aurreikusia, eta, alde horretatik, xumetasunean kokatua zegoen: nahi izan dugu ekarpen bat egin ezohiko egoera honetan. Ikusi genuen gure dinamikaren baitan non egin ahal genuen ekarpen bat positiboa, ilusionagarria, eta etxeetan egin genezakeena. Sareetan eta komunikabideetan izandako oihartzunarekin pozik gaude. Ez da samurra egun gutxian antolatzea halako ekimen bat, eta erantzuna ona izan da.
Zertarako balio izan du?
Guretzat, garrantzitsua zen euskararen gaia eguneroko agendatik ez desagertzea. Bizi izan ditugu beste krisi batzuk, eta halako batean kultura eta euskara ez dira garrantzitsu, eta bigarren mailan geratzen dira: hori saihestu nahi genuen, denontzat zaila zen egoera horretan ekarpen positibo bat eginez. Herrietan loratzeak ikusi ditugu proposamen txiki bakoitzaren bueltan: ederra izan da.
Uste duzu etxeetan egindako ariketak balio dezakeela luzera?
Horrelako ekimen bati asko eskatzea da hori. Euskaraldiari berari ere, indar handiagorekin egiten dugun ariketa kolektibo horri, ezin zaio eskatu luzerako emaitzarik. Orduko ikerketak erakutsi zigun hiru hilabetera eragina bazeukala eta erabileraren portzentajeak igotzen zirela %6aren inguruan. Planteatu dugu Etxealditik Euskaraldira izan dadila entrenamendu bat datorren udazkenean egingo dugun ariketarako.
Bi urtean behineko ariketa kolektibo bateratu hori oso indargarria suertatu zitzaigun, eta tarteka beharrezkoak dira proposamenak eta entrenamenduak: hizkuntza ohituretan eragiteko pauso txikiak. Baina Euskaraldia ez da nahikoa: herriz herri hizkuntza ohituretan eragiteko, jarraipena behar du. Pedagogia soziala izan da Euskaraldiaren lan ildo garrantzitsuetako bat, eta beroketa hau izan da hausnarketarako tarte bat bidean. Udazkeneko Euskaraldira heltzeko, beharrezkoa da bidean prozesuak zaintzea eta bakoitzaren hizkuntza ohituren inguruko hausnarketak egitea.
Zer moduz doa udazkeneko Euskaraldiaren antolaketa?
Entitateekin lanean jarraitu dugu: enpresekin, erakunde publikoekin... Online, B plana aktibatu dugu, eta azpimarratu beharra dago enpresa handi batzuek ere izena eman dutela egunotan: euskarak jarraitzen du euren agendan egoten. Gehienbat eten behar izan dugu entitate berriengana jotzeko asmoa: hori izan da aldaketa nagusia.
Zergatik egin duzue gibelera entitate berriekin?
Baloratu dugu behar genuela giro egoki bat, eta ez zela momentua gauza berriekin hurbiltzeko. Euskararen gaia lantzea berria zen entitateetan oso arrotz gerta dakieke hurbilpen hori alarma egoerak ekarri duen kaos honetan egitea. Alarma egoera bukatzen denean hartuko dugu harremana, beranduago izan arren.
Egoera zailagatik, indarra gal dezake Euskaraldiak?
Egia da denok ukituta gaudela: COVID-19ak zer ekarri digun, zer ekarriko digun... Lan egiteko baldintzak inorentzat ez dira berdinak, eta enpresa askorentzat, establezimendu txiki askorentzat, itxita daudenak oraindik ere, lehentasunak beste nonbait kokatuko dira: euren biziraupenean. Hori oso kontuan hartu beharrekoa da: ezin dugu exijentziaz joan orain udazkenera begira, enpatiarik gabe, eta kontuan hartu gabe zein egoeratan gauden. Guk proposatzen diegu haien egoeratik ateratzeko ere lagungarria dela: herritarrek establezimendu gertukoekin konexio sendoagoak lantzeko, euskara tresna edo balio garrantzitsua dela. Adibidez, enpresen barruan, langileek egoera latzagoei aurre egingo badiete, enpresek euren hizkuntzan aurre egiteko bideak eskaintzen badizkiete... Kulturan eta euskaran inbertitzeak lagunduko dio herri honi krisiari aurre egiten.
Hain justu, BERRIAn argitaratutako artikulu batean zenioten euskarak balio duela komunitatea indartzeko. Zertan?
Gure balio kulturalek ekarpena egiten diote gizarte berrikuntzaren eremu zabalari. Izaera askotako berrikuntzak egon daitezke, adibidez, ekonomikoki ere aurrera egiteko: gaur egungo gizartean hor daukagu erronka. Gure balioek, gure kulturek, gure hizkuntzek ere komunitatearentzat kohesionatzaile moduan balio bat duten heinean, hortxe egingo genuke ekarpena. Epe luzeko begirada transmititzen asmatu beharko genuke euskalgintzatik.
Gizarte kohesiorako balio du euskarak?
Zalantzarik ez. Eta talde batean zenbat eta lotuago izan harremana, intimoagoa, balioetan lotuagoa, orduan eta lankidetzarako harreman gehiago egongo da: sendoagoa izango da. Aurrera egiteko, behar dugu lankidetza, eta hori ez da bakarrik harremanen eremuan gauzatzen, kulturen eta balio partekatuen eremuan ere bai. Hori elikatzen du euskarak. Lehiakortasunean irabazteko ere baliagarria izan daiteke: ekonomia eta euskara ez dira kontraesankorrak. Euskalgintzako proiektuekin eskaintzen dugun balio erantsian sakontzea dago gure esku, eta horretan jardungo dugu. Baina, era berean, euskara biziberritzeko proiektuekin aurrera egitea oso garrantzitsua da, kontrakoak euskal gizartea ahultzea ekarriko lukeelako.
Euskalgintzak ere kolpea jasoko du, seguru aski. Nola eragingo dio? Eta nola atera gaitezke hortik?
Tokiko komunikabideen sektorean egin da azterketa bat, eta badakigu publizitatearen jaitsierarekin bi milioiko galera aurreikusten dela 2020rako: ikaragarria da. Erakunde publiko gehienek diru laguntzei eusteko borondatea agertu digute, baina beste faktore asko daude. Baditugu aisialdiko taldeak, udalekuak bertan behera... Gure esku dagoena izango da gure ekarpenaren balioa transmititzeko gai izatea, eta elkarlanean sakontzea: horretan eskarmentua daukagu, baina inoiz baino bateratasun handiagoarekin lan egin beharko dugu gure sektorea aurrera ateratzeko. Eta herri honetan ardura politikoa daukatenengana ere deia: industriak-eta jasotzen dituzten laguntza bereziak entzun ditugu, baina euskarak eta euskal kulturak ere laguntza bereziak beharko dituzte etorkizunean.
Etxealdiatik Euskaraldira (eta XII). Euskalgintza. Jasone Mendizabal. Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria
«Krisi honi aurre egiten lagunduko digu euskarak»
Euskarak eta euskalgintzak «balio erantsia» dutela uste du Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak. Udazkenerako entrenamendu gisa ikusten du gaur bukatuko den dinamika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu