Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak herenegun adierazi zuen mugimendu antifaxista «talde terrorista» izendatu nahi duela, azken asteko protestekin zerikusia duelakoan. Asmo horrek, ordea, bi arazo ditu: batetik, Trumpek ez duela hori egiteko eskumenik; eta, bestetik, mugimendu antifaxista ez dela talde edo erakunde definitu bat antolakuntza eta kide aldetik. AEBetako presidentearen adierazpenak, hortaz, galdera gehiago sortu ditu erantzunak eman baino.
Berez, AEBetako Estatu idazkariak du talde edo erakundeak «terrorista» izendatzeko eskumena —eta Kongresuak hori blokeatzekoa—, baina, legearen arabera,atzerrikoak soilik sailka ditzake era horretara. Estatu Departamentuaren webguneko informazioaren arabera, 1997az geroztik 69 talde izendatu dituzte «terrorista», eta epe horretan hamahiruri kendu diete izendapen hori; zerrendan sartzen azkenak hauexek izan ziren: Irango Guardia Iraultzailea, iazko apirilean —herrialde horretako erakunde militar garrantzitsuena da—, eta Irakeko Asa'ib Ahl al-Haq alderdi eta talde paramilitar xiita.
Mugimendu antifaxista talde gisa definitzea ere ez da egokia, «talde terroristen» zerrendan dauden besteekin konparatuz gero; AEBetakoaren kasuan, ez duelako lidergorik eta talde txiki autonomoetan antolatua dagoelako, eta kideek ideietan eta ekiteko taktiketan egiten dutelako bat.
Fiskal nagusiaren asmoak
AEBetako presidentearen jakinarazpenaren ostean, William Barr fiskal nagusia mintzatu zen auzi horretaz, eta baieztatu egin zuen mugimendu antifaxistaren aurka arituko direla.
Zehazki, jakinarazi zuen FBIk erabili egingo duela estatu mailako eta hirietako poliziekin duen lankidetza «protestari biolentoak» identifikatzeko: «Etxeko terrorismoa da antifaxistek eta antzeko taldeek sustatu eta erabili duten indarkeria, eta horren arabera tratatu behar dugu».
Protestak AEBetan
Trumpek «talde terrorista» izendatu nahi du mugimendu antifaxista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu