Lasai egoteko esan zuen Itxaso Berrojalbiz EAJko legebiltzarkideak asteazkenean, Europako funtsei buruzko eztabaida monografikoan, Gasteizen. Lasai egoteko, Eusko Jaurlaritzari ez ziola ihes egingo laguntza jasotzeko moduko inolako proiektuk. «Gobernuak ezagutzen ditu bere industria, gure sektore estrategikoak, gure potentzialitateak eta ahulguneak, eta gure erakundeak». Ezagutza horrengatik izango da, agian, Pedro Sanchezek joan den abuztu bukaeran proiektuen lehen zerrenda bat eskatu bezain pronto, hura egiteko lana Eusko Jaurlaritzak PricewaterhouseCoopers aholkularitza konpainiari enkargatu izana.
Beharbada, badaude beste arrazoi batzuk horrelako lan bat administraziotik kanpora enkargatzeko: aholkularitza enpresa handiek halako ezohiko prozedurei buruz izan dezaketen jakintza eta esperientzia, esaterako. Horregatik deitzen dira aholkularitza enpresa, ezta? Edo, gerta al daiteke aholkularitza enpresek informazio zuzenagoa izatea proiektuek bete behar dituzten baldintzei buruz Eusko Jaurlaritza batek baino? Eta eragin ahalmen handiagoa?
Lakuakoa ez da Europako funtsei begira aholkularitza enpresa handi bat kontratatu duen administrazio bakarra, eta abagune honetan haien bezero dira CEOE eta enpresaburuen beste elkarte batzuk ere. Europako Next Generation funtsak negozio garrantzitsu bilakatu dira aholkularitza enpresentzat, eta, horretaz jabetzeko, ikusi besterik ezdago PwCren eta Deloitteren webguneak, zeintzuetan «laguntza» eskaintzen dieten enpresei eta erakunde publikoei Europako funtsak «aprobetxatzeko».
Milioika euro mugituko dituen prozedurako beste instantzietan ere badaude lau aholkularitza enpresa handiak (PwC, Deloitte, KPMG eta E&Y): Madrilen, adibidez. Bruselara bidaltzeko proiektuen zerrenda osatzen dabil Pedro Sanchezen gobernua, eta irailean eskatu zien laguntza aholkularitza enpresa handiei, sektore pribatuko funtsetarako hautagaiak bideratzeko. Pro bono ari omen dira lanean Moncloarentzat; kontratazio formalik gabe, dirurik kobratu gabe, interes publikoaren izenean, eta hori bai, lehen eskuko informazioa lortzen Espainiako Gobernuaren asmoei, irizpideei eta baldintzei buruz.
Dena den, normalean aholkularitza enpresek kobratu egiten dute, eta ez gutxi. Brexit-a kudeatzeko kontsultorek kobratzen zuten dirutzaz zen kexu Theodore Agnew, Erresuma Batuko Altxorreko ministroa, duela hilabete batzuk prentsara filtratutako gutun batean, zeinetan salatzen zuen zenbateraino dagoen Whitehall (administrazioa) «infantilizatua» aholkularitza enpresa garestiekiko menpekotasun «onartezinarengatik».
Lord Agnewren hitz horiek ekarri zituen gogora orain gutxi Mariana Mazzucato ekonomistak Owen Jones idazlearekin solasean, Youtuben. Mazzucatok zalantzan jartzen zuen austeritate hitza, gobernuen gastu jakin batzuk murriztu beharrean handitu egin direlako, adibidez, aholkularitza konpainiak azpikontratatzen. Eta, horren ondorioz, gobernuak gelditu dira infantilizatuak eta ahulak.
Ez da lehen aldia Mazzucatok «gobernu txikien» ahultasunaz hitz egiten duela, era azaltzen duela, nola koronabirusak agerian utzi duen ahulezia hori herrialde gehienetan. Zilegi da pentsatzea heldutasun falta horren adierazgarri izan daitekeela aholkularitza enpresen omnipresentzia ere.
Paradigma aldaketa bidean
Koronabirusaren txertoaren gisako helburuetan (misioetan) lan egingo duten sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana defenditzen du Mazzucatok, non sektore publiko indartsu eta anbiziotsuarena izango den lidergoa. Ekonomista italiarraren izena eta ideiak, hain zuzen, asteazkeneko eztabaidan aipatu zituen Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, azpimarratzeko ideia horiek direla, besteak beste, Europako funtsen oinarrian daudenak. Paradigma aldaketa datorrela ohartarazi zuen Oterok, «larrialdi sozial eta klimatikoak ez duelako beste aukerarik uzten, politika ekonomikoetan eta gobernantza ereduetan aldaketa sakonak egitea besterik».
Gobernantza modu berrien inguruko gogoetak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta, hain zuzen, ildo horretan ariketa egitekoa da Unai Rementeriaren Bizkaiko Aldundia; norekin eta Mazzucatoren IIPP institutuarekin. Maiatzerako onetsita behar lukeen egokitzapenarekin, garapen jasangarriarekin lerrokatutako enpresek zerga kenkariak izango dituzte. Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriko Helburuekin bateratutako munduko lehen zerga sistema izan nahi du Bizkaiko Aldundiak.
Gero eta argiago dago oraingoan, krisiaren ondorioz, zerga politiketan aldaketa datorrela, gastu publikoa handituko dela. Balioko ote du horrek gobernuek euren egituren heldutasunean inbertitzeko? Ala aholkularitza enpresek erantzungo diote galdera horri ere?
GEURE KONTU
Aholkularitzez eta heldutasunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu