Etxeko atea itxi, bi, hiru, lau pauso eman, eta ametsak egi bihurtzen diren lurralderako bidea hasten dute ehunka haurrek egunero. Baina mugaren beste aldera iritsi, eta jostorratzak puxika nola, hala eraisten du errealitateak AEB Ameriketako Estatu Batuek agindutako bizitza hobe baten promesa. Haur askok bakarrik egiten dute bidea, eta The New York Times egunkariak egindako ikerketa baten arabera, horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.
Ikusi gehiago:LANGILE FALTAN, HAURRA LANABES
Enpleguak, gainera, ez dira edonolakoak izaten. Gehien-gehienek lantoki arriskutsuetan egiten dute lan, hala nola animalia hiltegietan, eraikuntzan, nekazaritzan eta tabako fabriketan. «Langile zaurgarrienak dira, eta horregatik amaitzen dute lantoki arriskutsuenetan», azaldu du Child Labor Coalition elkarteko koordinatzaile Reid Makik. Bakarrik iristen diren migratzaile adingabeen kopuruak gora egin du azken urteotan. Iaz, esaterako, 130.000 iritsi ziren AEBetara, duela bost urte baino hiru aldiz gehiago. Horietatik ia erdiak, Guatemalatik. «Beharrak bultzatuta iristen dira hona, eta asko segidan hasten dira lan bila; jaioterrian utzitako familiari dirua bidaltzeko», dio Makik.
Huts egiten duen sistema
AEBetara bakarrik iristen diren adingabeek herrialdean geratzeko baimena dute immigrazio sailak babes eskaerak ebazten dituen bitartean. Tarte horretan, senideen etxeetara edo harrera familietara bideratzen ditu AEBetako Osasun eta Giza Zerbitzuen Sailak. Baina sorterria uzten duten haurren laurden bat soilik elkartzen da haien senideren batekin mugaren beste aldean. Hortaz, gainontzekoak harrera familietara bidaltzen dituzte.
Familia horien betebeharra da haurren zaintza eta babesa bermatzea, baita eskolara bidaltzea ere. Baina herrialdera iritsitako haur migratzaileen kopurua igo den heinean, azkartu egin dituzte harrera familiak eta adingabeak elkartzeko izapideak. Ondorioz, babestu baino, arriskuan jartzen dituzten helduen esku gelditzen dira milaka eta milaka haur.
Harrera familia askok iruzur egiten diete haur migratzaileei, The New York Times egunkariaren ikerketaren arabera. Iristerakoan dirua zor dietela esaten diete, eta adingabeek berehala bilatzen dute enplegua, zorra kitatzeko. Batzuek sare sozialak baliatzen dituzte haur migratzaileengana iristeko, horiek AEBetarako bideari ekin baino lehen.
Horiek hala, lan merkatuaren gurpilean sartzen dira 10, 11 eta 12 urteko haurrak. Zortzi orduko lanaldiak egiten dituzte, baita gauekoak ere, arriskua berezkoa duten enpleguetan. Ikasketekin uztartu behar izaten dituzte askok, eta, azkenean, bertan behera uzten dituzte beste hainbestek, akidurak jota.
Haurra harrera familiarekin elkartu eta hilabetera egiten du jarraipena sailak. Zenbait iturriren arabera, ordea, azken bi urteotan ezin izan da harremanetan jarri 85.000 adingaberekin baino gehiagorekin.
Horiek hala, gaur hilabete AEBetako presidente Joe Bidenek esan zuen «sakonago» aztertuko dituztela haurren lan urraketekin lotutako kasuak. Baina, Makiren arabera, horretarako beharrezkoa da AEBetako Lan Sailari diru laguntza gehiago ematea, eta lege sendoagoak sustatzea. Hainbat sektoretan, bereziki: «Nekazaritzaren eta eraikuntzaren sektoreetan, baita fabriketan ere, kontrol handiagoa izan behar luke Lan Sailak. Baina herrialdea erraldoia da, eta ikuskari gutxi daude», dio. Halaber, uste du handitu egin behar lituzketela enpresei ezarritako zigor ekonomikoak. «Urtean 420 milioi eurotik gorako irabaziak dituen enpresa batentzat, 1,4 milioi euroko isun bat ez da ezer».
Ametsen lurra amesgaizto bihurtu da
Azken urtean 130.000 haur migratzaile iritsi dira beren kabuz AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Horietatik bi heren lanean hasten dira iritsi eta berehala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu