EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (IV). Leixuri Arrizabalaga (EAJ)

«Itunpekoak ere garrantzia du; zerbitzu publikoa ematen du»

«Aurrerapauso» handia iruditzen zaio Arrizabalagari hezkuntza legearen inguruan hitzartu duten testua; jeltzaleen helbururik behinenak dokumentuan «jasota» daudela pentsatzen du.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
Gasteiz
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Hemen izan zen». Eusko Legebiltzarreko korridoreetan barna, mahai biribil handi bat duen gela bat erakutsi du Leixuri Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak (Bakio, Bizkaia, 1981).«Hemen lortu genuen akordioa». Martxoaren 18an EH Bildurekin, PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin hitzartu zuten itunaz ari da, haren garrantzia nabarmenduta: aurki, Jaurlaritza hezkuntza legea ontzen hasiko da agiri horrek ezarririko zimenduen gainean. Onartu du askatzen zailak izan diren korapiloak izan dituztela bidean: «Hizkuntzaren gaia izan da bat; ez da izan bakarra».

Zertan igartzen da jeltzaleen eskua hitzartu duzuen itunean?

Euskal hezkuntza zerbitzu-sistema eraikitzen ari gara, eta nik uste dut hor EAJren eskua nabaria dela. Egun indarrean dagoen legeak sare bat soilik jasotzen du, eta guk beti defendatu dugu, nahiz eta sare publikoa garrantzitsuena eta lehentasunezkoena izan, gure sistema honetan itunpekoa ere garrantzitsua dela, osagarria dela, eta zerbitzu publikoa ematen duela. Uste dugu garrantzitsua dela bi sare horiek orain egingo den lege honetan jasotzea. Hor gure eskua badago.

Hiru eleko hizkuntza eredu baten aldeko hautua egin duzue itunean. Orain arte, hiru eredurekin jardun da. Horiek desager daitezkeela eta, bertigorik bai?

Ez: erronka bat da, baina ilusioz beterikoa. Eta helburuak jarri dira: maila jakin batera iristean gure ikasleak eleaniztunak izatea, eta gaitasun handia izatea, idatziz, ulermenean, eta baita hitz egitean ere. Nik uste dut gogoz hartu behar dugula.

Zer da euskara «ardatz» duen eredu hiru elekoa?

Hor euskara da garrantzitsuena. Erraz ulertu daiteke...

Bai, baina nola gauzatuko da ikasgeletako martxan?

Kontua ez da portzentaje jakin batzuei buruz hitz egitea: harago doa. Guk nahi duguna da gure ikasle guztiek hiru hizkuntzak ikastea, baina betiere argi izanda euskarak duela lehentasuna. Diskriminazio positiboa beharrezkoa du; hizkuntza koofizialetan, gaztelaniak du tamalez indarra gizarte honetan, eta euskal ikasle guztiek gaztelania ondo ikasten dute. Euskararekin arazoak ditugu, eta, horregatik, garrantzitsua da gai honetan euskarari garrantzia ematea.

Irakats hizkuntza euskara izatea esan nahi du horrek?

Irakats hizkuntza edozein izan daiteke, gaur egun den moduan, eta horrela mantenduko da. Horrek ez du aparteko arazorik ekarriko. Baina lehentasunezkoa euskara izango da; euskara izango da zaindu, indartu eta bultzatu beharreko hizkuntza.

Autonomia izango dute zentroek beren errealitate soziolinguistikoetera egokitzeko?

Hori da. Zona bakoitzak bere testuingurua du, eta horietara moldatu beharko du. Hori aurrerapauso handia da. Ikastetxeei protagonismo handiagoa eman behar zitzaien; zuzendaritzei, irakasleei, baita ikasleei ere... Eta horri guztiari aitortza egiten zaio dokumentuan. Konfiantza ezartzen da horiengan guztiengan, eta haiek ere beren parte garrantzitsua bete beharko dute.

Helburu objektibo bat ezarri duzue. Derrigorrezko eskolak amaitzean B2 maila beharko dute ikasleek euskaraz ere. Demagun eremu oso erdaldun batean dagoen zentro bat; baliabideakbeharko ditu...

Konpromiso guztiek baliabideekin etorri behar dute. Hori da asmoa, eta konpromiso sendoa. Jasotzen da itunean: administrazioak lagunduko du beharrezkoak diren baliabideak jartzen.

Eta murgiltzearen aldeko hauturik ezin zen egin?

Helburua partekatua da, baina formulak ezberdinak izan daitezke. Kasu honetan, lau taldeen artean erabaki dugu hau izan daitekeela egokiena.

Akordioaren izenean, zerbait utzi al du EAJk bidean?

Guretzat hain garrantzitsua izan da aurrerapauso hau! Aurrerapauso handia egin dugu; gizarte mailan, administrazio mailan, eta alderdian ere bai. Guztiz konforme gaude testuaren mamiarekin; ez nuke ezer berezia nabarmenduko, uste baitugu jasotako adierazpenek bat egiten dutela beti argi izan ditugun helburuekin.

Esan duzu hezkuntza publikoa lehenetsi beharrekotzat daukazuela. Zer berme jarri behar ditu legeak hori bermatzeko?

Nik uste dut dokumentuan jarri ditugunek, hezkuntza sistemaren barruan egoteko jarri diren ezaugarriek, bermatu egiten dutela sare publikoa protagonista izatea. Sare publikoan dauden ikasleek itunpekoan dauden ikasleen aukera berak izango dituzte. Hori bermatu egiten da hartutako akordioan.

Horretarako, segregazioari aurre egin behar zaio. Nola?

Planifikazioa ezberdin egin behar da. Eskoletako tokiak, eskaria eta eskaintza mugatu egin behar dira. Horretan, bidelagun izan behar ditugu familiak, gurasoak, eta garrantzitsua da dokumentu hau ondo helaraztea, ondo azaltzeko. Izan ere, ulertzeko esfortzua egin beharko dute familia askok, eta haiekin egin beharko dugu esfortzu hori...

Zer mezutan jarrita indarra?

Familiek eskola aukeratzeko eskubidea izango dute orain ere, baina eskaintza murritzagoa izango da, eta hori ulertu egin beharko dute.

Laikotasunari eskaini diozue atal bat. Eskola asko erlijiosoak dira. Zer egin behar dute?

Doktrinamendua gure ikastetxeetatik ateratzea; hori esan nahi du laikotasunak.

Non izan dira adostasunerako korapilo handienak?

Hemendik kanpo. Sindikatuek egin zituzten adierazpen batzuk, greba deialdia ere egin zuten... Asko beldurtzen ninduten horrelako adierazpen eta ekintzek, norbait atzera bota zezaketelako.

Onbidean joan zen azkenean dena. Solasaldi hauetako tonu eraikitzailea eraman daiteke beste alor batzuetara ere? Beste aro batean da politika?

Nik uste dut baietz, mesfidantza ugari zeuden eta. Eta mesfidantza horiek gainditu egin dira. Horretarako, beste bide bat irekiko da aurrerago lege proiektuaren fasean ere, ziur nago horretaz. Eta bestelako gai batzuk zabaltzen direnean, ere bai. Nik uste dut orain egin dugun ariketa hau oso ondo etorriko zaigula denoi.

Bihar: Miren Zubizarreta (ELA),
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.