Mesfidantza» hitza erabiltzen du Julen Llanosek (Sestao, Bizkaia, 1967) hezkuntza itunaren inguruan mintzo denean. CCOO sindikatuak alde positiboak ikusten dizkio akordioari, baina «zalantzak» ditu neurriak nola gauzatuko diren.
Zuen gustukoa da ituna?
Aurrerapauso handiak daude jatorrizko testuarekin alderatuta,besteak beste segregazioa amaitzeko eta eredu eleaniztuna sustatzeari dagokionez. Baina zalantzak ere baditugu, oso konplexua izango delako neurri asko praktikara eramatea; batez ere euskarazko irakaskuntzarekin, hizkuntza ereduekin eta itunpeko ikastetxeekiko harremanetan eta haien finantzaketan egin nahi den eraldaketarekin zerikusia dutenak. Hortik dator gure mesfidantza.
Zergatik utzi zenuten bertan behera greba deialdia?
Lehen zirriborroak etsipena sortu zigun, oso urrun zegoelako gure pentsaeratik, eta, batez ere, ez zuelako jasotzen hezkuntza sistemak dituen bi gaitz handiak konpontzeko neurririk: segregazioa eta sare bikoitza. Greba deialdia erabat justifikatuta ikusi genuen orduan, eta uste dut eragina izan zuela alderdiek itun hori lor zezaten. Eusko Legebiltzarreko ordezkaritzaren %90 biltzen duen akordio bat da, eta errealitate horri ezin diogu bizkarra eman.
Zer espero duzue hemendik aurrera?
Testu honek asmo batzuk jasotzen ditu, ez da loteslea. Legea baino ez da izango loteslea, eta haren bitartez zehaztuko da etorkizuneko hezkuntza sistema. Legearen edukiak akordiora egokitu beharko du, eta sindikatuok prozesu horretan parte hartu beharko genuke. Eztabaida ez da amaitu, eta erne ibiliko gara.
CCOOk bereziki segregazioa gainditzeko neurrietan jarri du indarra. Testuak aferari heltzen dio. Aurrerapausoa da?
Bai, dudarik gabe. Segregazioarena da, zalantzarik gabe, hezkuntza sistemak duen arazorik handiena. Europako sistema segregatzailerik handienetako bat dugu, eta bereziki Gasteiz da eskola segregazioaren paradigma. Hezkuntza pribatuan gertatzen da gehien fenomeno hori. Arazo horri aurre egiteko neurri sorta bat jasotzen du testuak, eta positiboak dira, baina aurrera eramateko oso zailak. Ikusi beharko da nola gauzatzen diren itunpeko ikastetxeen finantzaketarekin eta finantzaketaren kontrolarekin zerikusia duten neurriak.
Non ikusten dituzue zailtasunak?
Gure hezkuntza sistemak herentzia bat dauka: ikastetxe erlijiosoena eta ikastolena, eta biek dituzte argi-ilunak. Gure gizarteak eraldaketa erradikala izan du azken hamabost urteotan, baina zentro erlijiosoek eta ikastolek ez dute jakin immigrazioaren eta kultura aniztasunaren fenomenora zeharo egokitzen, eta ez dute jakin komunitate horien hezkuntza eta hizkuntza premiei erantzuten. Hezkuntza sistemak azkarragoa izan behar du egokitze prozesu horretan.
Segregazioari aurre egiteko leihatila bakarra sortzea planteatzen da. Pauso bat da?
Tokiko edo eskualdeko erakunde bat sortzea oso egokia litzatekematrikulazio beharrak zein diren diagnostikatzeko eta matrikulazioa hobeto eta modu heterogeneoagoan banatu ahal izateko. Eta hori da itun honetan ikusten ez duguna: udal bulegoek izaera kontsultiboa izango dute, eta erabakitzeko ahalmen txikia.
Itunak dio kuotak kobratzeko praktika ireki edo estali oro desagerrarazteko beharrezkoak diren kontrol mekanismoak aktibatuko direla. Aski izango da?
Ekonomikoki segregatzeko modu bat da kuotak kobratzea. Jarduera osagarrietan kuotak kobratzea, adibidez, tresna segregatzaile bat da. Testuak jasotzen du mugak jarriko zaizkiola kuotak kobratzeari, eta positiboa da. Baina gaur egun ere ezin da eskola kuotarik kobratu, eta egiten da.Gauza bera gertatuko da orain? Badira zalantza asko sortzen dizkiguten beste gauza batzuk ere.
Adibidez?
Finantzaketa publikoaz ari denean, testuak interes sozialekotzat jotzen diren eta legearen helburuak betetzen dituzten itunduez hitz egiten du. Nork definituko du itunpeko ikastetxe eta ikastetxe erlijiosoek izan dezaketen interes soziala? Nola erabakiko da zein zentrok duen interes soziala eta zeinek ez? Eta zer gertatuko da ikastetxe horiek testuak jasotzen dituen baldintzak onartzen ez dituztenean? Sistematik kanpo geratuko dira eta ez dute finantzaketa publikorik jasoko? Ikastetxeek zilegitasuna dute eskaini nahi duten hezkuntza eredua aukeratzeko, baina hori ezin da izan diru publikoaren kontura.
Laikotasuna printzipio gisa jartzen da. Ados?
Bai, baina diru publikoarekin finantzatuko dira eskola erlijiosoak. Kontraesanezkoa da.
Euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren aldeko apustua egiten du itunak.
Euskal hezkuntza sistemak eleaniztuna izan behar du, ezin baita bestela izan. Ematen du tabua dela esatea gaztelaniak ere irakats hizkuntza izan behar duela. Orain arte egindako proposamen guztietan beti hitz egiten zen euskarazko murgiltze ereduaz, baina beste ezer aipatu gabe, eta hemen hitz egiten da euskarazko murgiltze sistema batez, baina gaztelania eta ingelesa irakats-hizkuntzatzat hartuta, eta hizkuntzen tratamendu integral eta integratua eginez. Euskarazko murgiltze ereduaren aldekoa naiz disglosia egoera bat dagoenean, Euskal Herrian bezala, baina ezin dugu dena xede horrengatik sakrifikatu, bide okerra baita.
Langileen lan baldintzei aipamenik ez die egiten akordioak. Zer gogoeta egiten duzu?
Lan harremanak oso gai garrantzitsuak dira kalitatezko hezkuntza sistema bat bermatzeko, baina testu honek ez ditu aipatzen. Gainera, etengabeko prestakuntzaren eta birziklatzearen ardura irakasleen bizkar uzten du. Hala ere, ikastetxe batzuen publifikazioak eragin dezake itunpeko sarean mehatxupean dauden lanpostuak etorkizunean bideragarriak izatea, eta beste lanpostu batzuei eutsi ahal izatea finantzaketa txikiagoarekin biziraun dezaketelako. Bide hori ere ireki egiten da.
Bihar: Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea).
EAEko Hezkuntza Legea. Hezkuntza akordioa (VIII). Julen Llanos (CCOO sindikatua)
«Oso konplexua izango da neurri asko praktikara eramatea»
Llanosek uste du akordioak ez duela argitzen itunpeko ikastetxeen finantzaketa nola zehaztuko den. Egoki iritzi dio euskara ardatz duen sistema eleaniztunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu