Iaztik, gune berri eta berritzailea du Iruñeko San Frantzisko eskola zaharrak. Teknologia digitalak, robotika eta metodologia berriak lantzeko gune bat: Ikasnova. Ikasgela horrek baliabide gehiago eskaini dizkie zentroko ikasleei eta profesionalei, eta aukera ematen die edozein ikasgaitan lan molde berriak txertatzeko.
Nafarroako Gobernuak 2018. urtean eta sare publikoko zenbait ikastetxetan abiatutako egitasmoa da Ikasnova. Erabilera anitzeko espazio bat da, Chromebook ordenagailu, monitore interaktibo eta robotikarako materialez hornitua. Gobernuaren proposamena berbera da ikastetxe guztietan, baina zentro bakoitzak aukera du baliabide horiek bere beharren arabera egokitzeko: «Gure esku utzi dute teknologia, eskola izan dadin bere programazioan txertatzen duena», azaldu du San Frantzisko eskolako irakasle Patxi Pascualek.
Ikusi gehiago:Donostia. Arazoari etxeko konponbidea
Ikastetxe horretan, ikasle gehienek aukera dute Ikasnova gela erabiltzeko, Haur Hezkuntzatik hasita, LHko 6. mailaraino. Pascualentzat, ikasgelak duen onena da «askotariko aukerak» ematen dituela: «Batzar bat egin dezakezu harmaila mugikorretan, monitore interaktiboak erabil daitezke azalpenak emateko edo ikasleen lanak aurkezteko, ikus-entzunezko elementuak gehitu ditzakezu...». Robotikaren bidez, bestalde, «pentsamendu konputazionala eta garunaren funtzio exekutiboak» lantzen dituzte Iruñeko ikastetxean: «Arreta, planifikaziorako gaitasuna... Robot txiki bat mugiarazteak eta programatzeak eskatzen dizu aurretik estrategia bat prestatzea, eta oso aproposa da, adibidez, taldeka edo binaka lan egiteko».
Halako metodologiak, gainera, «edozein ikasgaitan» aplikagarriak direla uste du Pascualek. «Uraren zikloa, elikadura, zelula baten egitura... halako gaiak landu izan ditugu teknologia horren bidez». Izan ere, teknologia helburu bat ez, «zeharkako baliabide bat» dela gaineratu du irakasleak. Oraingoz, pena bakarra du: Ikasnova eredua ez dagoela orokortua. «Oraingoz, ikasgela bakarra da, eskola zahar batean. Asmoa bada hezkuntza publikoa horretara bideratzea, bikain. Oraingoz, esperientzia ederra da, baina puntuala».
Ikusi gehiago:Donibane Lohizune. Software librea lagun
Digitalizazioa hezkuntzan
Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko
Iruñeko San Frantzisko ikastetxea Ikasnova proiektura batu zen iaz. Chromebook-ak erabiltzeaz gainera, eskolaren metodologian txertatu dituzte robotika eta IKTak, «edukiak beste era batera lantzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu