Mendiz mendi, mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi, irrintziak aditu dira Euskal Herriko luze zabalean. Bailaratik bailarara, herri batetik bestera edo besta giroan, oihu berezi hori komunikabide izan dute euskaldunek gaur egunera arte. Lau haizeetara zabaltzen da irrintzia, baina lau paretaren artean harrapatu dute orain. Izan ere, irrintzi bat entzun da klinika batean; Nafarroako Unibertsitatea klinikan, hain zuzen. Ana Martinez mediku foniatrak irrintzia ikertu du doktoretza tesian, eta, hura deskribatzeaz gainera, euskal oihu tradizionalaren teknika batzuk ahotsa lehengoratzeko edo ahotsa ez urratzeko balio dezaketela ikusi du.
Kasualitate batek ekar dezake tesi bat. Hala gertatu da Martinez doktorearekin. Irrati esatari batek hots egin zion irrintziari buruz hitz egiteko, baina berak aski ezagutzarik ez zuela-eta, kazetariari esan zion irrintzilari bat bere kontsultara eramateko, eta saiatuko zela laguntzen. Modu horretan bota zuen Karmele Galartzak irrintzi bat kontsulta batean. Emaitzarekin harriturik gelditu zen doktorea: «Ahots normal batean espektro harmonikoa lerro zuzenen segida bat da, baina irrintzian m maiuskula modukoak egiten zituen. Inoiz ez genuen halako espektrorik ikusi». Horren emaitza beste profesional batzuen aurrean erakutsi zuenean, Secundino Fernandez ere txunditurik gelditu zen. Nafarroako Unibertsitatea klinikako otorrinolaringologia espezialista eta unibertsitate pribatu horretako Medikuntza fakultateko dekanoa da. Tesia egiteko proposatu zion Martinezi, eta bera izan da zuzendarietako bat.
Galartzarekin egindakoa errepikatu zuten beste irrintzilari talde batekin: irrintzia botatzean laringea, mingaina eta matraila nola mugitzen zituzten aztertu zuen. «Gehienek m itxurako irudia zuten; %70ek baino gehiagok». Irrintzia egitean a eta i bokalak etengabe eta oso azkar aldatzen dituztelako izan daiteke itxura hori, Martinezek azaldu duenez.
Hasierako helburua irrintzia deskribatzea zen, akustikaren ikuspegitik, eta oihu «berezi» hori egiteko erabiltzen ziren mekanismo fisiologikoak azaltzea. Fernandezek onartu du ikerketak aurrera egin ahala gehiago harritu zirela: «Ikusi genuen ahotsaren patologiari aplikagarri ziren ondorioak lortu genitzakeela. Irrintziaren teknikak dituen elementu batzuk fonazio organoetan erabil daitezke oso modu eraginkorrean: intentsitate eta frekuentzia handiak lor daitezke,esfortzu txikiarekin eta ahots kordetan min hartzeko arriskurik gabe».
Laringea aztertzeko esplorazio bat egin zuten. Normalena daahots kordak elkartzea, eta goiko pisua irekitzea. «Irrintzilariek alboetara asko irekitzen zuten, korden pisuaren gainean, eta, irrintziak aurrera egin ahala, goiko partea estutuz joaten zen, hodia motzagoa eta estuagoa eginen balitz bezala». Hain zuzen ere, hori da haizezko musika tresna agudoen forma: pikoloena, okarinena, txirulena...
Erradiologia atalean egin zuten bigarren proba. Hor laringea asko igotzen zela ikusi zuten: «Normalki hirugarren edo laugarren lepaornoan dugu; bada, bigarrenera igotzen zuten», kontatu du Martinezek. Mingainaren posizioa ere ez da ohikoa irrintzia egitean: atzean zintzurra irekiago uzten dute. Modu horretan, handik pasatzen den soinua distiratsuagoa da, eta abeslariaren formantea deitzen zaion ahotsa sortzen dute. 2.500 eta 3.500 hertzen artean dagoen errefortzu bat da abeslariaren formantea, eta horri esker lortzen dute ahotsa orkestraren gainetik aditzea.
'Gaueko erregina' aria
Ondoren, mikrofonoen txanda izan zen. Normalki, 30 zentimetrora paratzen dituzte, baina irrintziek distortsioa sortzen zuten; beraz, metro eta erdira bota zituzten. Beste zailtasun bat izan zuten: espektrograma egiteko programak ez ditu onartzen 900 hertzetik gorako frekuentziak;beraz, eskuz egin behar izan zuten neurketa. «Goi erregistroko do altuena 1.000 hertz inguruan dago, eta irrintzilari guziek, espektroaren uneren batean, hori gainditzen dituzten notak dituzte». Are, batzuk 1.400 hertzeko frekuentzietara ailegatzen dira, goi erregistroko fa altuenera, alegia. Hori da Mozarten Gaueko erregina arian sopranoak kantatzen duen notarik altuena.
Irrintzilarien jarrera ere behatu zuten. «Oinak banaturik jartzen dituzte, aldaken zabalera berean eta lurrari lotuta. Saihetsak zabaldu, eta burua nahi bezala mugitzeko moduan jartzen dute. Laringea egonkortzen dute, eta, gero, asko igo, aurrera pixka bat bultzatu, mingaina gora eta aurrera igo, eta matraila ireki eta ixten dute bukaeran». Jarrera garrantzitsua dela uste du doktoreak, irrintzilariek ez baitute aire askorik hartzen, eta gorpuzkerak diafragmari laguntzen dio aire gehiegi ez galtzen.
Irrintzilari gehienek imitazioz ikasten dute. Hala uste du Fernandezek: «Haien amak imitatzen ikasi zutela esan ziguten. Baina hitz egiten ere horrela ikasten dugu, imitazioz». Galartzak karrikan ikasi zuela kontatu du. Aita haurra zela galdu zuen, baina hura irrintzilaria zela badaki. Ezin izan zion irakatsi. Goldarazko (Nafarroa) bestetan irrintziak botatzen zituzten dantzaldietan, eta horrela hasi zen bera ere. «Hasi 'ai-ai-ai-ai', eta nire kabuz. Ez dut izan eskolarik». Orduz geroztik,ez dio utzi irrintziak botatzeari. «Duela 50 urte, ez zen hainbeste irrintzi entzuten; uste dut askok guri entzuten ikasi dutela».
Nekane Akarregik etxean jaso zuen irrintzia, amari ikasia. Hiru anai-arreba dira, eta hirurak atera dira irrintzilari. «Amak esaten zigun irrintzilari guztiok hiru oinarri genituela: arnasa bakarra izan behar da, amaitu behar da eta ahal denik eta luzeena izan behar da». Lehiaketetan ikasi zituen beste kontu batzuk: indarrak, birak egitea eta hitzak sartzea hobetzen zutela irrintzia.
Akarregik dio falsetto egiten duela: «Umeen ahotsa bezala jartzen dut, eta gorputza airez bete, orfeoietakoek bezala». Modu horretan, ez du inoiz eztarriko minik izan. «Ibili naizenean kantatzen, eztarriarekin izan dut biharamunean afonia puntu bat, baina irrintzia botatzen sekula bere ez dut eztarria apurtu».
Horixe ikusi dute ikerketan: irrintziak ez duela kalterik egiten. Are, erabilera klinikoa ere izan dezake. «Emisio oso altuak eta bolumen handikoak egitean, errazagoa da patologia sortzea, baina irrintzilariek, oro har, ez dute ahots patologikorik, eta ez dute ahotsa mintzen», ohartarazi du Martinezek. Irrintziari buruz irakurri dituen artikulu askotan ikusi ditu halako hitzak: «oihu indartsua», «osasungarria», «osasuntsua»... «Antzinatik onartzen da oihu honek ez duela patologiarik sortzen».
Erabilera klinikoa
Are, zenbait gaitz osatzeko baliagarria izan daitekeela esan du: «Ahotsarekin lan egiten dudanean Estill Voice teknika erabiltzen dut, eta ohartu nintzen irrintzilariek betetzen dutela nota altuak edo bolumena igotzeko metodologia, baina ohartu gabe. Ikusi dut erabiltzen duten hori ahotsa lehengoratzeko teknika bat dela». Adibidez, paralisi bat duen jendearen kasuan, irrintzilariek egiten duten atze-aurreko itxieran trebadaiteke, eta, modu horretan, pazienteak lortu dezake soinuari distira ateratzea.
Fernandezek ere onura klinikoak aipatu ditu: «Ez diogu mundu guziari irrintziak egiten irakatsi behar, baina esan diezaiokegu jendeari bolumen altua lortu daitekeela esfortzu handirik egin gabe mingaina modu honetan edo gorputza beste modu honetara jarrita». Beraz, asko mintzatu behar diren edo egokiak ez diren inguruetan hitz egin behar duten pazienteentzat lagungarriak izan daitezke ikerketaren emaitzak. «Esfortzu handiegia egiteagatik disfoniak dituztenek lortu dezakete ahotsa eraginkorragoa izatea indar gutxiago eginez», esan du Fernandezek. Gainera, kantu lirikoan erabil daitezke irrintziaren zenbait teknika, nahiz eta erabiltzen dituztenak egokiak izan.
Oharkabean meloi bat ireki dutela uste du Martinezek, eta asko dagoela irrintziaren inguruan ikertzeko. Mendez mende komunikatzeko bide izandakoa osasungarria ere badela ikusi dute. Irrintzika jarraitzeko beste arrazoi bat. Proposamen bat egin du doktoreak, oihu horren egitura beste oihu tradizional batzuenaren ezberdina delakoan: irrintzia gizateriaren ondare izendatzea.
Irrintzi bat kontsultan
Ana Martinez mediku foniatrak irrintzia ikertu du bere doktoretza tesian. Oihua deskribatzeko aukera izan du, eta haren espektro harmonikoaren morfologia ezohikoa dela ikusi du. Irrintziaren teknika batzuk ahotseko gaitzak sendatzeko eta zintzurra ez mintzeko baliagarriak izan daitezkeela ere ondorioztatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu