Ezohiko moduan eta ohi baino goizago jo du muturreko beroaldi batek Euskal Herria. Ez da ezohikoa 40 gradu inguruko tenperaturak izatea ekainean, baina bai dira bakanak horren goiz eta hainbeste egunez segidan halakoak eman dituzten iraganeko bero boladak.
Zientzialariek aipatu dute egunotako beroaldiaren atzean klima aldaketa dagoela. Eta jakinekoa da etorkizunean are eta gehiago izango direla antzeko muturreko fenomenoak. Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldearen (IPCC) 6. ebaluazio txosteneko bigarren atalak puntuz puntu aztertu zuen zer ondorio izango dituen klima aldaketak hurrengo hamarkadetan, tenperatura igoera 1,5 gradukoa izan edo 3,2koa izan... Izan ere, aipatzekoa da kontu bat: klima aldaketaren ondorioak begi bistan baditugu ere, munduaren batez besteko tenperatura 1,1 gradu igo da bakarrik industria aurreko garaiarekin alderatuta.
Egungo berotegi gasen isurketen erritmoa eta kantitateak berdin jarraituz gero, mende bukaeran 3,2 graduko berotze bat gertatuko dela iragarri dute zientzialariek. Don't look up (Ez begiratu gora) filmean bezala, ezikusiarena egin nahi izan diote agintariek klima aldaketa antropogenikoaren ebidentziari, baina gaur egun ia inork ez du ukatzen halakorik: ondorioak agerikoak direlako.
Indiak martxotik jasan duen beroaldi itzelak ondorio latzak izan ditu gari uztan, eta esportazioak debekatu egin ditu, bertakoen kontsumoa bermatzeko asmoz. Ukraina eta Errusiarekin batera, munduko gari esportatzaile nagusietako bat izanik, munduaren elikadura segurtasuna kolokan dago aurten, bereziki lehortea gogor jotzen ari den Afrikako adarreko herrialdeetan eta haien ingurukoetan. Aspaldiko sikaterik latzenak bizi dituzte Kalifornian eta Europa hegoaldean. Txina erdialdean 40 gradutik gorako tenperaturak espero dituzte egunotan. AEBetan ere alertan daude muturreko beroengatik, eta eurite gogorrek kalte handiak egin dituzte Yellowstone parkean.
Euskal Herrian bertan beroaldiak %20ko murrizketa bat eragin dezake zereal uztan. EHNE eta UAGN nekazari sindikatuek ohartarazi dute 21. mendeko uztarik txarrena izango dela aurtengoa, asteetan irauten ari den bero tematiaren erruz.
Komeni da, alarmismorik gabe, alarmak martxan jartzea. IPCCren 6. ebaluazio txosten horrek oso ohar argiak ematen zituen Iberiar Penintsularen desertifikazio arriskuez, eta beroaldiek izan ditzaketen ondorioez. Berotzea 3 gradukoa balitz, Euskal Herriaren inguru geografikoan urtean 20 bat egun gehiagotan izango dira gaur egun baino 35 gradutik gorako tenperaturak, eta estres termikoaren ondorioak latzagoak izango dira ingurumenean eta pertsonen osasunean.
Mediterraneartzen ari den klima batera egokitzeko plangintzak hartzen hasi beharko lirateke erakunde guztiak. Ez bakarrik isurketak gutxitzen hasteko -hori presazkoa da, jakina baizik eta gizarteen erresilientzia bermatzeko, gero eta ohikoagoak izango diren beroaldietara egokitzeko. Ildo horretan, hiriguneetan bereziki, gune berdeek duten garrantziaz jabetzea garrantzitsutzat jo dute adituek. Zuhaitzen itzalpeetan tenperaturak 10-15 gradu txikiagoak izaten dira porlanezko eremuetan baino. Eraikinen isolamenduari eta kaleen antolaketari ere gehiago erreparatu beharko litzaieke, eta kalteberak diren herritar sektoreak babesteko osasun eta zaintza estrategiak zehaztu, baso suteak prebenitzeko baliabide gehiago jarri. Zeresanik ez, ur zikloen garrantziaz jabetu eta aitortu, gizakien kontsumorako ez ezik, ekosistema biziak iraunarazteko.
Gogoeta horiek egiten hasi behar da, hurrengo beroaldiaren zain geratu gabe. Aintzat hartuta, gainera, uda, egutegiko uda, etzi hasiko dela Euskal Herrian.
ANALISIA
Beroaldiei aurre egiten hasi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu