Frankismoak espetxeratutako andreak omendu dituzte Bilbon

Bilboko Udalak eta Gogora institutuak plaka bat jarri dute Orue Txaleta zegoen lekuan. Eraikin hura espetxe izan zen 1937tik 1942ra bitarte

Juan Mari Aburto lore eskaintza egiten, atzo, Bilbon. BILBOKO UDALA.
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Frankismoak Bilboko espetxeetan errepresaliatutako emakumeak omendu dituzte hiriko udalak eta Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuak. Plaka bat inauguratu dute Orue Txaleta zegoen lekuan; 1937tik 1942ra bitarte emakumeentzako kartzela gisa erabili zuten eraikin hura. Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan, beharrezkoa da emakume haien «memoria eta duintasuna berreskuratzea».

Bizkaiko hiriburuan halako omenaldi bat egiten den lehen aldia da. Udalaren esanetan, «hiriko espetxeetan preso sartu zituzten emakume guztiei» aitortza egitea izan du helburu, eta «etxe zahar horretan gertatutako basakeriak ahanzturatik berreskuratzea».

Orue Txaletean ehunka emakume kartzelatu zituzten, «ideia politikoengatik edo emakume izateagatik»; zenbait kasutan, baita seme-alabekin ere. Haietako askok «torturak, bortxaketak eta bestelako umiliazio publiko eta pribatuak jasan zituzten», Bilboko Udalak gogoratu duenez. Gainera, 11 emakume bizkaitar «exekutatu» zituzten bost urte horietan.

Azaldu dutenez, Bilbora sartzean, frankistek Larrinagako gizonezkoen kartzelako galerietako bat erabili zuten emakumeak espetxeratzeko, baina, haren «saturazioagatik», Orue Txaleta ere espetxe bihurtu zuten. Bi kartzela horietatik 3.000 emakume inguru pasatu ziren; horien erdiak inguru, bilbotarrak.

Orue Txaleta Santutxu auzoan zegoen. Garai hartan, 3.400 metro karratu inguru zituen, bost solairutan banatuta, eta 7.500 metro karratuko lorategi batez inguratuta. Gerora, mediku klinika bat izan zen. 1968an, baina, eraitsi egin zuten, etxebizitzak eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.