Beste behin indarrak batu, eta Korrikaren inguruko unitate didaktikoak ondu dituzte elkarlanean AEK-k eta Ikastolen Elkarteak. Hogei urtetik gora igaro dira jadanik Ikastolen Elkarteak lehenengo aldiz Korrikaren inguruko unitate didaktikoak landu zituenetik, eta, ordutik, huts egin gabe, antzeko materiala sortuz joan dira edizioz edizio. Argi dute, baina, ez dela ikastoletara soilik mugatzen den zerbait, eta hezkuntza zentro guztietan lantzeko moduko edukiak jorratu dituzte. Garaian garaikora egokituz, bilduma osoa www.korrika.eus webgunean dago eskuragarri, eta osorik online lantzeko aukera dago. Hala ere, orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere badago, webgune horretan bertan.
Urte hauetan zehar AEKren eta ikastolen artean izandako «elkarlana» azpimarratu du Asier Amondo Korrikako arduradunak. Eta, bide beretik, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azpimarratu egin dute Korrikak ikastolentzat duen garrantzia. «Auzolanean oinarritutako ekinbide horrek bat egiten du gure balioekin», aipatu du Tellituk. Jorajuriak, berriz, kontatu du euskara «uharte bat» dela Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasle askorentzat; hizkuntzarekin duten harreman bakarra: «Korrikak erakusten die ez direla bakarrak». Material didaktikoa bi erakundeen arteko «sinergiaren emaitza» dela azpimarratu du Amondok.
Unitateak hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik hasi eta 18 urtera bitartean, eta, horietan, askotariko edukiak aurki daitezke. Iñaki Zapirain unitatearen egileak, gainera, aurtengo berritasunen berri ere eman du. Aurten, lehenengoz, ipuin baten bideoa egin dute, Gaizka Chamizo aktorearekin elkarlanean: Pilota gorri batekin.
Ipuinaz gainera, Korrikaren abestia eta dokumentala ere jorratzen dira unitate didaktikoen bitartez, eta omenduen berri ere ematen dute, «eduki bakoitza maila ezberdinetara egokituta». Bestalde, Korrikahoot Kahoot plataformarekin sortutako galdera-erantzunen jolas digitala ere prestatu dute.
Unitate didaktikoko materiala bost multzo nagusitan dago banatuta, adin tartearen arabera: Haur Hezkuntzako (Hego Euskal Herrian) edo Ama Eskolako (Ipar Euskal Herrian) umeak, Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloa (6-8 urte), bigarren zikloa (8-10 urte), eta hirugarren zikloa (10-12 urte), eta DBH eta DBHO (12-18 urte). Hala ere, adin desberdinetako umeak elkarrekin aritzea eta adinak nahastea ere badu helburutzat.
Euskaltegietarako eskura
Hezkuntza formaleko etapez gainera, euskaltegietarako atazak ere jarri dituzte eskuragarri webgunean. Amaia Lopez de Luzuriagak jakinarazi duenez, Korrikaren hainbat mugarriren inguruan sortu dituzte aurtengo edukiak, eta «aberasgarritzat» jo du jolas interaktiboen erabilera. Gainera, aipamen berezia egin nahi izan die gurasoentzat sortutako edukiei, euskaraz ikasten ari diren gurasoen eta haien umeen arteko transmisioan eragitea helburu dutela eta.
Korrika
Ikasgelan ere, Korrikarekin bat
Ikastetxeetarako eta euskaltegietarako balio duten unitate didaktikoak sortu dituzte elkarlanean AEK-k eta Ikastolen Elkarteak. Askotariko materiala aurki daiteke bertan, eta maila bakoitzera egokituta daude edukiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu