Koronabirusa

Agerraldiak ugaritu egin dira

Beste bi foku agertu dira Nafarroan: Tuterakoan 23 pertsonak eman dute positibo, eta Iruñekoan, bostek. Ordiziakoan 58 dira kutsatutakoak; Murgarentzat, ez dago konfinamendua ezartzeko beharrik

Ordiziako herritar batzuk maskarak jantzita, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Irati Urdalleta Lete, Iosu Alberdi, Igor Susaeta
Zumarraga
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ordizian (Gipuzkoa) orain dela egun batzuk agerraldi bat izan bazen, azkeneko orduetan COVID-19aren beste bi agerraldi baieztatu dituzte Euskal Herrian; biak, Nafarroan. Tuteran 23 positibo detektatu dituzte, eta Iruñean, bost. Gainera, Gasteizen izurriaren beste foku bat ote dagoen ikertzen ari da Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, bederatzi kasu izan baitira. Azkeneko astean, horrenbestez, agerraldiak ugaritu dira Hegoaldean.

«Arduratuta gaude, baina datuak aurreikusitakoak dira». Hori ziurtatu zuen atzo Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Ordiziako fokuaz, Ordiziako, Legorretako, Idiazabalgo, Itsasondoko eta Tolosako (Gipuzkoa) udal ordezkariekin egindako jarraipen batzordearen bileraren ondoren.

Kezkak datuetan du oinarria, hain zuzen: denera 58 kasu agertu dira herri horretako fokuarekin lotuta. Atzo fokuari lotutako hamabi kutsatu berri atzeman zituztela esan zuen, nahiz eta bezperan 48 kutsatu zeudela iragarri zuen. Guztira, 2.300 PCR proba egin dituzte Ordizian, eta 2.200 probaren emaitzak jaso dituzte, horietatik 35 positiboak. Beste 23ak lehendik zeuden identifikatuta.

Ordizian indarrean daude zenbait neurri: besteak beste, maskara nahitaez erabili beharra eta ostalaritza establezimenduen edukiera mugatuta egotea. Oraingoz, neurri horiek inguruko herrietara ez direla zabalduko nabarmendu zuen Murgak: «Egoera epidemiologikoa aztertuz joan behar dugu, eta ea nola betetzen diren jada ezarritako neurriak». Jada ezarritakoez gain, neurri gehiago ezartzea ere baztertu zuen; esaterako, konfinamendua: «Ez dago daturik beharrezko neurri bat dela esateko». Hala eta gutiz ere, PCR probak egiteko ezarri dituzten karpak hor utziko dituzte, gaur arte behintzat.

Agerraldiarekin lotutako kasu guztiak ere ez dituzte herri hartan atzeman. Izan ere, azaldu zuen positibo eman dutenen erdiak inguruan bizi direla, eta Gipuzkoan ez ezik badirela foku harekin lotutako kasuak beste lurraldeetan ere: «Bizkaian, bai; Araban, ezin dut esan». Besteak beste, Itsasondon eta Tolosan (Gipuzkoa) harekin lotutako kasuak daudela baieztatu zuen. Halere, Osasun sailburuak atzoko datuen berri eman aurretik, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuen fokua «oso identifikatuta» dagoela, eta ez dela beste herri batzuetara zabaldu, «kasu puntualak» egon daitezkeen arren.

Baina kezkaz bizi dute egoera Ordiziako udal agintariek eta inguruko herrietakoek. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak iragarri zuen orain arte hartutako babes neurriei eutsiko dietela. Hortaz, astelehenera arte behintzat itxita mantenduko dituzte eraikin publikoak, liburutegia, parkeak eta kiroldegia. Gainera, probak egiten jarraitzeko asmoa dute, eta PCRa egitera joateko deialdi berezia egin die egunotan selektibitatea egin duten Ordiziako eta inguruko herrietako gazteei.

Agerraldiek ezinegona eragin dute, oro har. Ordiziako fokuarekin lotutako bileran parte hartu zuen Idiazabalgo alkate Iñaki Alberdik, eta, haren hitzetan, lasaitasun mezua eman zien Osasun Sailak. «Osasun Sailetik esan digute aurreikusten dela hemendik aurrera gehiagora joatea. Ikusi behar dugu ea zein bilakaera duen: asko diren, gutxi diren eta foku jakin horretan bilduta al dauden». Kasuak «kontrolpean» dituztela esan dioten arren, kezkaz bizi du egoera Itsasondoko alkateorde Nagore Etxeberriak ere: «Kezkatuta gaude, eta herritarrak ere bai. Lasaitasun mezu bat zabaldu nahi diegu, baina arauak errespetatzeko eskatuz».

Ezkontza batean

Tuterako agerraldiari dagokionez, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak adierazi zuen bi kasu detektatu zituztela aurreko egunetan. Horiek ezkontza batean kutsatu ziren. Beraz, herenegun PCR proba egin zieten 34 pertsonari, eta guztira 23 dira agerraldi horrekin lotuta atzemandako positiboak. Horietako bat ospitaleratu egin dute. Iruñeko agerraldiaz esan zuen bazekitela bi pertsona kutsatuta zeudela, PCR probak egin zizkietela ingurukoei, eta beste hiruk eman dutela positibo. «Familia baten barruan gertatu da».

Indurainen esanetan, bazekiten udan agerraldiak egongo zirela. «Eta aurrerantzean ere agerraldiak izango ditugu». Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendariak ere nabarmendu zuen agerraldiak egongo direla, eta iruditzen zaio «inportanteena» dela horiek nola kudeatzen diren. Detekzioan eta kutsatutakoen zein kutsatutakoen «gertuko pertsonen» bakartzeetan jarri zuen azpimarra.

Gaitza azkar detektatzea da Nafarroako Gobernuaren «helburua», eta herritarrei esan die sintomarik baldin badute osasun etxeekin jar daitezela harremanetan. «Ondoren, 24 orduren buruan jakingo dute sintoma horiek gaitzarenak ote diren».

Duela hiru bat aste Sunbillan eta Iruñerrian izandako agerraldiak ere izan zituen hizpide Indurainek, eta esan zuen kontrolpean daudela, nahiz eta ez dauden «guztiz itxita». Iruñerrikoan hamalau pertsonak eman zuten positibo, eta Sunbillakoan, 21ek.

Artundoren ustez, maskarak «nahitaez» erabili behar dira, izan «barruko espazioetan, izan kanpokoetan». Gaineratu zuen segurtasun distantzia mantendu behar dela pertsonen artean, higiene neurriak hartu behar direla, eta toki itxietako aireztapena «oso inportantea» dela.

Azken orduetan guztira 54 pertsonak eman dute positibo Hego Euskal Herrian: 24k Nafarroan, hamaseik Gipuzkoan, bederatzik Araban eta bostek Bizkaian.

Eskoriatzako neurriak

Eskoriatzan (Gipuzkoa), berriz, bi pertsonak eman dute positibo, eta horrek kezka eragin du herrian. Badaezpada, ostatu batzuk itxi dituzte, eta gaur umeak ez dira udalekuetara joango. Hala ere, udalak jakinarazi du Osakidetzarekin harremanetan dagoela, eta, osasun zerbitzuak adierazi duenez, hartu beharreko neurri guztiak hartzen ari direla: «Oraingoz, ez da protokolo berezirik ezarri, baina azpimarratu behar da garrantzitsuena gutariko bakoitzaren ardura dela, norberak hartu beharreko neurriak hartzea, hau da, distantzia soziala mantendu eta eskuak sarri garbitu». Lasaitasun mezua zabaldu du udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.