Bularrean minbizia atzeman zioten Elena Ginea Lasurtegiri iazko uztailaren amaieran, Osakidetzak egin ohi duen prebentzio programan. Sumatua zeukan koxkor bat bularrean, baina, mediku batekin kontsulta egin eta hark ez zionez garrantzirik eman, lasaitu egin zen. Sumatzen zuen koxkorra ez zela joaten, ordea, baina erreparoa ematen zion berriz ere anbulatoriora jotzeak. Minbiziaren prebentziorako programatik deitu ziotenean atzeman zioten; koxkorra handitua zen ordurako: «Nahiko barneratuta neukan minbizia neukala, eta baieztatu zidatenean lasaitua hartu nuen. Atzeman dute, eta nire gainean egongo dira; garaiz hartu naute, eta sendatuko naute». Horixe izan zen minbizia zuela esan ziotenean sentitu zuena, bere gogortasunean.
Hiru tumore atzeman zizkioten eskuineko bularrean, eta ebakuntza egin zioten. Ezkerrekoan ere agertu zitzaion tumorea. Ebakuntzaren ostean eskuineko bularrean tumorearen arrastoak zeudela ikusi zuten medikuek. Bigarren ebakuntza bat programatu zioten. Minbiziak hor segitzen zuen lehen ebakuntzaren ostean, eta medikuak erabaki zuen mastektomia egin behar zela eta bularra kendu behar ziotela.
Erradioterapia jaso du abenduan: «Baldatuta uzten ninduen, gorputza lur jota», baina orain ondo dago, eta hormonez osatutako pilulekin osatzen du tratamendua. «Paliza handia eman dit, baina pixkanaka osatzen ari naiz».
Bikotekideak ere linfoma bat du sabelean: «Bikote guztiek bezala, proiektuak genituen, asmoak... eta dena bertan behera geratu zen bat-batean». Bikotekideak kimioterapia saio gogorrak izan ditu; ZIUan ere egon da: «Eta ni denbora guztian bere alboan egon naiz; ez dakit beti hala egin behar den, baina nik uste nuen hala egin behar nuela», dio Gineak. Eta harago doa gogoeta, minbizia bi ertzetatik bizi ostean: «Erosoago nago gaixo paperean, zaindari paperean baino». Bizialdia markatu die gaitzak, eta horrek bikotean izan duen eraginari neurria hartzen ari dira: «Orain behar duguna da harremanari eta egoera berriari neurria hartu».
Bizitza eta heriotza beste ikuspegi batetik ikusten ikasi dute. «Bizitza intentsitate handiz bizi izan dut. Ez dakit bizitzaren azken fasean nagoen, baina ez daukat inolako beldurrik hiltzeari». Minbizia diagnostikatu ziotenean, hil baino lehen zer gauza egin nahi zituen zerrendatzen hasi zen: «Ilobekin egon, itsasoko kresala sentitu, lagunekin egon... eta ohartu nintzen eguneroko gauza txikiak zirela lehentasunak. Horregatik esaten dizut hiltzen banaiz ere lasai hilko naizela, egin beharrekoak eginda».
Gorputzaren auzia
Gineak erabaki zuen bularra ez eraikitzea berriz. Sekulako pena eman zion galtzeak; haren falta sumatzen du, «baina, aizu, aurrera!». Ebakuntza egin ostean etxera itzultzean bularretakoak zaborretara bota zituen: «Kuttunak nituen lau baino ez ditut gorde, oroigarri gisa». Ebakuntzatik osatu ostean kalera atera zen gogotsu, bere gorputza aldarrikatzeko: «Desiratzen nago udara edo etortzeko, eta arropaz arintzen hasteko nire gorputza bular bakarrarekin aldarrikatzeko. Ez dut protesirik jarriko». Sare feminista batez inguratua egoteak ahaldunduta sentiarazten lagundu diola dio, bere gorputza harrotasunez aldarrikatzeko.
Egutegi bat egin dute minbiziaren ondorioz gorputzak jasaten dituen aldaketak bisualizatzeko. Eta sozializatze lan horretan segitzeko gogoz dago Ginea. Lan hori Inurri taldeko partaideek egin dute. Emakumeez osatutako talde bat da, eta oihartzuna izaten ari direla esan du: «Gurekin harremanetan jartzen ari dira emakume asko, beren historiak kontatzeko. Xingolen kanpainatik harago, pertsonengan jartzen dugu garrantzia, eta sare hori oso lagungarria da».
Ikusi gehiago:
Minbizia: muinera hamar galderatan
«'Leuzemia' hitza esatea ere kostatu egin zitzaidan»
«Malkoak barruan gorde behar dituzu askotan»
«Pazienteari entzun egin behar dio medikuak»
Minbizia. Bizipenak
«Aldarrikatzen dut nire gorputza bular bakarrarekin»
Elena Ginea Lasurtegi. Bularreko minbizia atzeman zioten Gineari, eta linfoma bat bikotekideari. Gaitzari aurre eginez intentsitate handiz bizi dute egunerokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu