Koronabirusa

Ixteak ireki du eztabaida

Hainbat herritan nahasmena sortu du Labik nola erabaki duen batzuetan itxialdi perimetrala ezartzea. Adituen ustez, itxialdia eraginkorra izateko, ostalaritza eta kirol instalazioak ere hetsi egin behar dira

Ertzaintzaren errepide kontrol bat Andoainen (Gipuzkoa). JAVIER ETXEZARRETA/ EFE.
edurne begiristain
2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Kutsatzeen kurbaren goranzko bideak neurriak zorroztera eraman zituen Hego Euskal Herriko administrazioak joan den ostiralean. Nafarroako Gobernuak ostatuen barnealdea ixtea lehenetsi zuen, baina Euskadiko Plan Zibilaren aholku batzordeak (Labi) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren joan-etorriak areago mugatzea erabaki zuen, eta itxialdi perimetrala ezarri zuen azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400etik gorako intzidentzia metatua duten herrietan eta lurraldeetan. Herri horietan, ordutegi murritzagoa ezarri zaio ostalaritzari, eta mugatuago daude kirol jarduerak.

Neurri murriztaileak estutzen diren aldiro gertatzen den bezala, herritarren artean ezinegona eragin dute erabaki berriek. Oraingoan, baina, koska bat gora egin dute kezkak eta nahasmenak. Izan ere, Labik astelehenero eguneratuko du eremu gorriko udalerrien zerrenda, baina larunbatean kaleratu zuen zerrenda hori, eta apirilaren 6ra arte ez du berriz eguneratuko, hau da, Aste Santuko oporraldia igaro arte. Zehaztapena opor giroko planen mesederako egindakoa izan bada ere, erabaki horrek ulertzen zailak diren egoerak ekarri ditu: larunbatean konfinamendu perimetrala ezarri zitzaien udalerri batzuek dagoeneko 400etik beherako intzidentzia metatua daukate, baina itxita jarraitu beharko dute datorren asteartera arte.

Egoera horretan dago, esaterako, Muskiz (Bizkaia). Joan den larunbatean, 441,24ko intzidentzia tasa zuen, baina 72 orduan maila horretatik behera jaitsi zen, eta oraintxe 254koa du. Bilakaera epidemiologikoak hobera egin arren, neurri murriztaileekin jarraitu behar izatea «zentzugabea eta ulertezina» dela adierazi dute bertako herritar, dendari eta ostalariek, eta, hori dela eta, Labiren erabakia auzitara eraman dute. Zehazki, EAEko Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztu dute, eta Labiren neurriak atzera bota ditzala eskatuz. Oinarrizko eskubideak «beharrik gabe» mugatzen ari zaizkiela eta ostalariei kalte egiten ari zaiela argudiatuta aurkeztu dute errekurtsoa.

Eusko Jaurlaritzakoek argitu dute Labiren erabakiek oinarri «teknikoak» dituztela, eta neurriok ez direla Aste Santuko oporrei begira egindako keinu bat. «Arriskuan dagoena ez da Aste Santua, herritarren datozen hilabeteetako bizimodua baizik», nabarmendu zuen atzo Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak.

Labik hartutako azken neurriek erakusten dute birusaren intzidentzia apaltzeko helburuarekin batera, turismo sektoreari laguntzeko keinu bat ere egin nahi izan dela. Izan ere, Aste Santuko jaiegunotan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostaturen batean erreserba egina duten herritarrek aukera dute hara joateko, nahiz eta ostatu hori itxitako herriren batean egon.

Oraintxe, 5.000 biztanletik gorako hamar udalerri daude 400etik gorako intzidentzia metatuarekin: Bizkaian, Ermua, Elorrio eta Ondarroa; eta Gipuzkoan, Arrasate, Beasain, Lazkao, Ordizia, Zumarraga, Legazpi eta Urretxu. Araban ez dago 5.000 biztanletik gorako udalerririk eremu gorrian, baina Gasteiz hiriburua eta herrialdea bera 400eko intzidentzia metatura gerturatzen ari dira, eta oso litekeena da asteartean itxialdi perimetralean egotea. Hiriburuen artean, Bilbo ere itxialditik gertu dago, gero eta makurragoak baitira datuak: 354ko intzidentzia metatua dauka orain.

Neurria, eraginkorra?

Indarrean diren neurriek argi utzi dute Labik konfinamendu perimetralaren alde egin duela, nabarmen, herritarren joan-etorriak mugatzeko asmoz. Estrategia horren eraginkortasuna nahiko egiaztatuta dago ikuspuntu epidemiologiko batetik, baina zalantzak sor ditzake behar bezala egiten ez bada. Adrian Aginagalde epidemiologoak esplikatu du beste neurri osagarri batzuk ezarri behar direla, batez ere espazio itxietan: ostalaritzaren barrualdea ixtea eta kirol instalazioak eta gurtzarako aretoak ixtea ezinbestekoa dela uste du.

Mikel Serrano Zumarragako alkatea: «Ezin da ulertu neurri batzuk egotea Urretxun, eta beste batzuk Zumarragan»

Joan-etorriak murrizteak birusaren transmisioa apaltzen laguntzen badu ere, erkidego batean herri batzuk bakarrik ixteak beti ez du funtzionatzen, hala argitu du Aginagaldek. Epidemiologian «irla geografiko artifizialak» sortzea deitzen zaio tokian tokiko itxialdi perimetralari, eta gaixotasun jakin batzuekin bakarrik izaten da eraginkorra, esaterako, kolerarekin edo sukar horiarekin. Arnas aparatuko infekzioekin, COVID-19arekin adibidez, ez da hain baliagarria, Aginagaldek azaldu duenez: «Kasu honetan eraginkortasun handia dauka, baldin eta herri bateko intzidentzia metatua oso handia bada inguruko lurraldearekin alderatuta. Bestela, irla geografikoak sortzeak ez du zentzu handirik».

Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400etik gorako intzidentzia metatua duten udalerriak ixteak birusaren hedapena murriztu dezake, baina, Aginagalderen ustez, eraginkorragoa izango litzateke langa hori 400etik behera ezartzea. Halaber, udalerri bakoitzaren biztanle kopuruaren araberako beste mailaketa bat egitea proposatu du, batez ere biztanle gutxi dituzten udalerrietan: «5.000 eta 10.000 biztanle bitarteko udalerrietan ebaluazio azkarrak egin behar dira, intzidentzia tasak ez baitira errealistak eta ez baitute ongi islatzen zer gertatzen den». Aginagalderen iritziz, 5.000-10.000 biztanle bitarteko udalerriak banan-banan aztertzea komeni da, eta, 5.000 biztanletik beherakoetan populazioa sakabanatuago egon ohi denez, kasuak «agerraldi gisa» hartu behar dira.

Labiren udalerrien zerrendan bereizita dago intzidentzia handia duten 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrenda, eta, horietan itxialdia ezarri ala ez erabakitzeko, osasun eskualdearen intzidentzia metatua kontuan hartzen da. Araban, esaterako, Urkabustaiz dago eremu gorrian: 1.500 biztanle ditu udalerriak, hamar herri txikitan sakabanatuta, eta itxialdi perimetralean dago. Erabaki hori egokia izan ote daitekeen zalantzan jarri du Aginagaldek: «Ezin dira irizpide berberak erabili Gipuzkoan eta Araban, Gipuzkoako populazio demografikoa askoz ere trinkoagoa delako Arabakoa baino».

Xabier Alvarez de Arkaia Urkabustaizko alkatea: «Erabakiak hiriburuen interesen arabera hartzen dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.