Gerra Ukrainan. Gasaren arazoa

Badator negua

Hurrengo negurako, Europako Batasunak bi heren murriztu nahi du Errusiako gasarekiko duen menpekotasuna. Baina Asiako herrialdeekin lehian sartu beharko du gas likidotua erosteko.

Badator negua.
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Ezer ez da berdin Errusiaren eta Europako Batasunaren artean. Ukrainako gerrak gutxienekoetara eraman du EBk Errusiarekiko zuen hala moduzko konfiantza, eta aldi berean gordin biluztu du kontinenteak Errusiako gas naturalarekiko duen menpekotasuna. Behar duen gas guztiaren heren bat Errusiari erosten dio Europak; 155.000 milioi metro kubo gas natural urtean, dirutza baten truke.

Orain, EBk erabaki du menpekotasun hori murriztu beharra dagoela lehenbailehen. Epe luzerako helburuak baditu, baina, aurten bertan, negua iristerako, energia horren bi heren beste nonbaitetik etorri behar direla dio. Paper gainean, kontuak garbi ageri dira. Errealitatean, ordea, gauzak ez dira horren errazak.

Batetik, eskariari begiratu behar zaio. Pentsatzekoa da gasaren egungo prezioak berak kontsumoa murriztuko duela, industria eta abarretan. Etxebizitzek ere murriztuko dute gas kontsumoa, ziurrenez prezioarengatik. Energia aurreztearekin eta efizientziarekin, asmoa da 2022 amaierarako 14.000 milioi metro kubo gutxiago behar izatea.

Elektrifikazioa bizkortuz ere aurreztuko da gasa. Bero ponpa gehiagorekin, 1.500 milioi metro kubo gas gutxiago beharko da; teilatuetako eguzki plaka gehiagorekin, 2.500 milioi metro kubo gutxiago, eta iturri berriztagarriekin argindar gehiago ekoiztetik 20.000 milioi metro kubo gas gutxiago.

Ikusi gehiago: Bilboko portura iritsi da Errusiako gasa

Errusiako gasaren parte bat biometano gehiago sortuz ordezkatu nahi du Europako Batasunak, 3.500 milioi metro kubo gas. Eta beste 10.000 milioi metro kubo Errusiarenak ez diren gasbideetatik nahi ditu ekarri, hau da, Norvegiatik, Afrika iparraldetik eta Azerbaijandik.

Eta beste 50.000 milioiak?

Bruselaren zenbakietan, beste 50.000 milioi metro kuboren zuloa gelditzen da, Errusiako gas inportazioen bi herenak ordezkatu nahi baditu. Gas natural likidotuen inportazioekin estali nahi du zuloa EBk, GNL erosketak «dibertsifikatuz». Erraza esatea, eta, itxura guztien arabera, zaila eta garestia hori lortzea.

Gas likidotua ez dago sobran merkatuan, ezta gasontziak ere: hortik azken hilabeteetako prezio garestiak. Eta ez da espero munduko GNL ekoizpena aurten 50.000 milioi metro kubo handitzea; gehienera, adituen iritziz, horren erdia handitu daiteke produkzioa.

AEBak has litezke gas gehiago ekoizten, baina beldur dira inbertsio hori egin eta bat-batean egoera aldatu eta Errusia Europara saltzen hasiko ote den, edota Europa berdeago batek urte gutxiren buruan gasa erabat baztertuko ote duen.

Horiek horrela, GNLa urri, lehia latza izango du EBk hura erosteko, batez ere Asian. Eta, ondorioz, garesti kostako zaio EBri biltegiak betetzea negua iristen denerako. Eta Asiako herrialde batzuek —Japoniak, Hego Koreak eta Pakistanek, esaterako— ikatz eta fuel olio gehiago erabiltzen hasi beharko dute.

Errusiako gasa Bilbon

Atzo Errusiako gas natural likidotua deskargatzen aritu ziren Bilboko portuan. Herenegun gauerdian iritsi zen Nikolay Urvantsev ontzia, biltegietan 172.000 metro kubo gas zekartzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.