Uztailaren 4tik 6ra bizikidetza jardunaldiak egingo dira Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak babestutako udako ikastaroa da, eta ETArik gabeko bizikidetzan etorkizunerako proposamenak izango du goiburua. «Bost urte beteko dira urrian ETAk bere iragarpena egin zuenetik. Tarte horretan bizkidetzaren normalizazioa asentatu egin da, baina sentsibilitate politiko ezberdinen arteko adostasun faltak hordirau», dio Eusko Jaurlaritzak ikastaroak aurkezteko osatutako eskuorrian. «2016a hauteskunde urtea da eta, beraz, etorkizunerako proposamenak egiteako urtea ere bai», diote sarrera amaitzerakoan.
Uztailaren 4arekin, astelehenez, hasiko dira ikastaroak Unibertsitate Konplutentsean. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egingo du sarrera hitzaldia (10:30) eta Bernardo Atxaga idazleak egingo du ondoren Imana mahai azpian izeneko hitzaldia (12:00). Mahai inguru batekin osatuko dute eguna (16:30): Euskal Herriaren etorkizuna ETArik gabe. Antonio Caño El País egunkariko zuzendaria, Mariano Ferrer kazetaria eta Juan Pablo Fusi historialaria ariko dira, Carlos Lopez Fonseca kazetari eta idazleak gidatuta.
Arraiz ez da izango
Alderdi politikoen txanda izango da uztailaren 5ean, asteartez. Orduerdiko hitzaldia emango du ordezkari bakoitzak goizeko saioan eta guztien artean mahai ingurua egingo dute arratsaldean: Alderdi politikoak ETArik gabeko etorkizunean. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusia dira parte hartuko dutela baieztatu dutenak. PPk ez du oraindik jakinarazi nor bidaliko duen Madrilera, eta EH Bilduk aldatu egin du bere ordezkaria. Hasier Arraiz zen parte hartzekoa, eta halaxe ageri da oraindik ikastaroaren eskuorrian. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ordea, Arraiz ez da izango.
Ikastaroaren eta egitarauaren berri eman bezain pronto, Covite biktimen elkarteak gogor egin zuen Arraizen parte hartzearen kontra. Eskutitz bat igorri zion Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak Carlos Andradas Konplutentseko errektoreari. Han zioenez, unibertsitateak ezin du izan ETAko kide izateagatik zigortu berri duten pertsona baten «bozgorailu», eta eskatzen zion debeka zezala Arraizek parte hartzea. «Nola da posible ETAkoa izan dela onartu duen pertsona batek, eta horregatik zigortua izan den batek, bizikidetzaz hitz egitea?». Baliteke EH Bildutik Julen Arzuaga legebiltzarkidea aritzea mahai inguruan.
Ikastaroa uztailaren 6an amaituko da, asteazkenez. Hiru hitzaldi izango dira goizez, eta mahai inguru bat arratsaldez. Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusi ohiak Nanclares bidea izango du mintzagai. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak espetxe politikaz eta bizikidetzaz ariko da. Juan Ignacio Echano Deustuko Unibertsitateko irakaslea terrorismo delituengatik zigortutakoen espetxe politikaz. Mahai inguruaren izenburua Biktimen papera etorkizunaren eraikuntzan. Eraikiz esperientzia da. Pili Zabala, Josemi Gomez Elosegi eta Ivan Ramos Torrano ariko dira, Carlos Lopez Fonsecak gidatuta. GALek bahitu, torturatu eta hildako Joxi Zabalaren arreba, ETAk hildako Javier Gomez Elosegiren anaia, eta ETAk hildako Maite Torranoren semea, hurrenez hurren.
«ETArik gabeko bizikidetza» gaitzat hartuta ariko dira uztailean, Madrilen
Iñigo Urkulluk, Jonan Fernandezek, alderdien ordezkariek eta biktimek hartuko dute parte Complutensen, Eusko Jaurlaritzak babestuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu