Enpresa kutsatzaileak. PRTR erregistroa

Gora egin du berriz enpresa kutsatzaileen poluzioak

Europako PRTR erregistroaren 2021eko datuek erakutsi dute kutsadura behin-behinean apaldu zela pandemiaren ostean

Gora egin du berriz enpresa kutsatzaileen poluzioak.
inaki petxarroman
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Europako PRTR enpresa kutsatzaileen erregistroan argitaratutako datuen arabera, Euskal Herriko enpresek gutxiago kutsatu zuten 2020an, baina atzera ere, 2021ean, handitu egin da haien poluzioa. Enpresek eurek ematen dizkiote kutsaduraren datuak administrazioari, eta hark zuzendu ohi ditu, zerrendan argitaratu aurretik.

Ez da batere ezohikoa erregistroan hutsuneak eta datu okerrak agertzea, eta 2021ekoetan, esate baterako, nabarmenak dira. Nafarroako enpresarik kutsatzaileenetako batzuen datuak falta dira. Besteak beste, zerrendan ez dira agertzen Castejon Total Energies zentral termikoaren, Olatzagutiko Portland Valderribas zementu fabrikaren eta Zubiriko Magnesitasen karbono dioxido isurketak. 2020ko datuei erreparatuta, esaterako, hiru enpresek 1.230 mila tona karbono dioxido isuri zituzten atmosferara. Gainerako datuei erreparatuta —nitrogeno oxidoa edo karbono oxidoa, esate baterako— agerikoa da CO2 isurketak ere egin zituztela, nahiz eta argitaratu ez. BERRIAk Nafarroako Gobernuari eskatu dizkio datu horiek, baina ez dizkiote eman.

Garrantzitsua da ñabardura hori aipatzea, zeren nabarmena baita erregistroak Nafarroan 2021ean jasotzen duen kutsaduraren beherakada, ohiko poluzioaren erdia erregistratu dute eta. Argitaratutako osagai kutsatzaile guztien isurketa 932 mila tonakoa izan zen 2021ean, erregistroaren arabera. Konparazio baterako, 2020an 2.517 mila tonakoa izan zen, hiru aldiz handiagoa ia. 2012tik beti izan da 2 milioi tona baino handiagoa kutsadura. 2012tik hasita, isurketarik handienak 2017an egin zituzten Nafarroako enpresek (2.681 mila tona), eta txikienak, berriz, 2013an (2.157 mila tona). Publikatu den isurketen datuari (932 mila tona) gehituz gero 2020an aipatutako hiru enpresek egindako CO2 isurketak (1.230 mila tona), 2.162 mila tona ingurukoa litzateke isurketen datua 2021ean, eta, hori bai, bat letorke enpresen poluzioaren ohiko datuarekin.

Ikusi gehiago: CO2-a murrizteko neurriak onetsi ditu europarlamentuak

PRTR erregistroa kutsaduraren bilakaeraren grafikoak eskaintzen hasi da, eta horietan begiratu daitezke Hego Euskal Herriko enpresen poluzioaren azken urteotako gorabeherak, 2012tik hasita. Hamarkadako isurketarik handienak 2012an egin zituzten Hegoaldeko enpresa kutsatzaileek (10,17 milioi tona), eta txikienak 2021ean, baina kontuan eduki behar da azken datu horretan ere falta direla Nafarroako hiru enpresa handi horien datuak. 2020ko datuak 2021ekoetara estrapolatuta, 8 milioi tona ingurukoa izango litzateke guztirako isuria. Horiek horrela, 2021a kutsadura txikieneko urteetako bat litzateke, 2014. eta 2015. urteekin batera. Bi urte horietan 7.79 milioi tona eta 7,9 milioi tona isuri zituzten hurrenez hurren enpresa kutsatzaileek uretara, lurrera eta airera, PRTR erregistroaren arabera.

Jakinekoa da enpresa kutsatzaileek 2020an izan zituztela kutsadura daturik txikienak, pandemia urtea izaki ekoizpena asko apaldu zelako. Bada, zehazki, horrekin lotuta dago grafikoetan ageri den beste akats nabarmen bat. Izan ere, 2020ko kutsadura datuetan gorako kurba handi bat ageri da: 11,8 miloi tonakoa da guztirako kutsadura, baina datu hori okerra da.

Erregistroko zenbakietan arakatuta, akatsa non den atzeman daiteke: Bizkaia Energia zentral termikoaren CO2 isurketa datua 6,5 milioi tonakoa dela ageri da erregistroan, baina adituekin kontrastatuta, eta zentralaren urte horretako sorkuntza elektrikoari erreparatuta, ondoriozta daiteke datu hori okerra dela. Zehazki, hamar bider handiagoa da publikatu duten datua berez legokiokeena baino. Hots, 0,65 milioi tona litzateke datu zuzena.

Errekuntza jarduerak

Sektoreka, aurreko urteotan bezala, errekuntza eta energia instalazioen jarduerak kutsatzen du gehien. Haiek sortzen dituzte erregistroak bildutako isurketa guztien erdiak, hain zuzen ere. Sektore horretan daude zentral termikoak, findegiak eta zementu fabrikak, besteak beste. 2021ean ere erregistroko enpresa kutsatzaileena izan zen Muskizko Petronor findegia —2 milioi tona CO2 bota zuen atmosferara 2021ean—. Hari dagozkio erregistroan dauden enpresa guztien kutsaduraren laurdenak inguru. Horren atzetik, nabarmentzekoa da Bizkaia Energiaren kutsadura. Eta aipagarria Bahia de Bizkaiak 2021ean izandako poluzio beherakada, haren jarduera asko apaldu baitzen 2020koarekin konparatuta. Aurreko urtekoaren aldean, erdira jaitsi zen ekoizpena, eta haren CO2 isurketak ere erdira jaitsi ziren, horrenbestez. Erregistroak gaizki jasota dauzka enpresa horren karbono dioxido isurketak ere, 200.000 tona ez baizik 200 tona jaso baititu.

Industria instalazioak ez ezik, erraustegiak ere gehien kutsatzen duten enpresen artean daude. Bizkaiko Zabalgarbi da karbono dioxido sortzaile handienetakoa. 2021ean, ia 0,3 milioi tona CO2 isuri zuen atmosferara. Erregistroak lehen aldiz jaso ditu Zubietako erraustegiaren datuak ere. Aipatzekoa da, esate baterako, Zabalgarbik baino zortzi aldiz karbono dioxido gutxiago isuri zuela Zubietako instalazioak, eta horrek erakusten du bi erraustegien izaera ezberdina ere.

Izan ere, Gipuzkoako instalazio horretan, karbono dioxidoa sortzeko iturri bakarra hondakinak dira; Zabalgarbin, berriz, hondakinak ez ezik gas naturala ere erretzeak eragiten ditu karbono dioxido isurketak. 2021ean Zabalgarbik erretako gasari dagozkio 0,21 miloi tona CO2, eta hondakinei 0,07 milioi tona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.