Euskal presoen abokatu izandako edo presoen aldeko mugimenduan aritutako zazpi lagun epaitzen hasi ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13/13 sumarioan: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Julen Zelarain eta Iker Sarriegi—Juan Mari Jauregi ere auzipetuta zegoen, baina auzitik kanpo utzi dute, haren osasun egoera dela eta—. Auzi saioaren aurretik akusazioekin akordio bat lortu ezinda, aurretiazko gaiak azaltzeko eguna izan zen aurrenekoa, eta defentsako abokatuek ohartarazi zuten auzipetuen zenbait eskubide urratu direla: besteak beste, delitu beragatik bi aldiz epaitua ez izatekoa, bidezko epaiketa bat izatekoa eta errugabetasun presuntzioarena.
Auzipetuak 09:30ak aldera iritsi ziren Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen daukan egoitzaren atarira, eta han, besarkada artean hartu zituzten Sortuko eta EH Bilduko ordezkari ugarik. 10:00etarako zuten hitzordua, eta, behin eraikinera sartuta, ikusteko zegoen aldeen arteko akordiorik posible izango ote zen. Herri akusazio gisa aurkeztutako biktimen elkarteek ez zuten horretarako tarterik utzi. Fiskalak guztira 77 urteko zigorrak eskatu ditu auzipetuentzat.
Hasi zen saioa, aurretiazko gaiak bi bloketan bereizita: premiaz ebatzi beharrekoak batzuk, eta auziari buruzkoak beste batzuk. Lehenengoen artean, defentsako abokatuek eskatu zuten saioak ez emateko zuzenean, lekukoek ez dezaten eduki auzipetuek deklaratzen dutenaren berri. Horren aurkako iritzia azaldu zuen Jose Perals fiskalak —Altsasuko auzikoak—, argudiatuta «justizia nola garatzen den» erakutsi behar dela. Angela Murillo epaimahaiburua —besteak beste, Bateragune auziko epailea— bat etorri zen fiskalaren tesiekin.
Beste eskari bat ere egin zuten defentsek: Saioa Agirre eta Naia Zuriarrain epaiketara egunero joatetik salbuestea, haurrak dituztelako eta zailtasunak izan ditzaketelako horiek saio guztietan beste norbaiten esku uzteko. Epaileek eta akusazioek begi onez ikusi zuten aukera hori, baina, hala ere,Murillok ezezkoa eman zuen: soilik premia justifikaturen bat dutenean emango zaiela saioetara ez joateko baimena.
Hortik aurrera, epaiketa ez egiteko arrazoiak aletuz joan ziren abokatuak, eta horietan, eztabaidagai nagusietako bat izan zen non bis in idem printzipioa, delitu berarengatik norbait bi aldiz ez epaitzekoa. Hori argudiatu zuen, adibidez, Jone Goirizelaiak, Naia Zuriarrainen abokatuak. Zuriarrain 2019an zigortu zuten, ETAko, «kartzelen fronteko» eta Koordinazio Taldeko kide zela argudiatuta. Goirizelaiak argudiatu zuen bi aldiz epaitua izateko kidetza hori noizbait eten egin beharko litzatekeela, eta gogorarazi zuen 2019ko sententziaren arabera kidetza hori ez dela eten.
Are gehiago, oroitarazi zuen ETAko kidetza hori dela-eta kontrolatzen zituztela Zuriarrainen komunikazioak kartzelan, eta, beraz, uste du kidetza hori jada epaitua dagoela.
Fiskalak, ordea, nabari du eten bat Zuriarrainen kidetza horretan, justifikatzeko bi delitu desberdin direla orain epaitutakoa eta aurrez zigortutakoa: Peralsen arabera, 2013an «kartzelen frontea berrantolatu» zuten, eta, beraz, ekintzak diferenteak dira. Horrez gain, polizia operazioaren testuingurua oroitarazi zuen: «Atxiloketak 2010eko apirilean egin ziren: noski ETAk hiltzen zuela eta dena aurretik eramaten zuela».
«Gezur batean» oinarrituta
Alfonso Zenon Jon Enparantzaren eta Arantza Zuluetaren abokatuak, berriz, argudiatu zuen «berme osoko» eta «bidezko» epaiketa bat izateko eskubidea urratu zaiela bere bi babestuei; batetik, uste duelako «iritzi bat» sortu dela jada auziaren behin-behineko kalifikazioan; bestetik, salatu zuen Zuluetaren eta Enparantzaren aurkako akusazioak «Guardia Zibilaren gezur batean» oinarritzen direla. Izan ere, Poliziak David Plarekin lotu zituen Enparantza eta Zulueta, ustez, Pla identifikatu zutelako Mimizanen (Landak), ETAko kide batzuekin bilduta egon eta gero. Poliziek pentsatu zuten bi ezizen Zuluetari eta Enparantzari zegozkiela, baina interpretazio horren oinarrian dagoen okerra azaleratu zuen Zenon abokatuak: egun hartan Pla kartzela batean zegoen, Mimizandik urrun; beraz, identifikatu zutena ez zen Pla, eta, beraz, Zuluetari eta Enparantzari egotzitako ezizenak ez ziren haienak.
Era berean, Zenonek gaineratu zuen bi auzipetuen errugabetasun presuntzioa urratu dela, auziari bide ematen dion polizia operazioan Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako orduko Barne ministroak errudun jo zituelako.
Prozedura judizialaren eta atzoko saioaren gakoetako bat izan ziren eta izan daitezke CNI Espainiako zerbitzu sekretuek auzipetuei egindako entzuketak. Zenonen iritziz, benetako babes judizialerako eskubidea ere urratu zaie auzipetuei, besteak beste, CNIk parte hartu zuelako instrukzioan, eta haren agiriak ez direlako desklasifikatu, instrukzio epaileak berak hala eskatu bazuen ere. Zenonek erantsi zuen abokatu auzipetuen eta beren bezeroen arteko komunikazioak entzun zirela, eta hori legez kanpokoa dela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiko jurisprudentzia ekarri zuen gogora.
«Babes legalik gabe»
Ildo beretik jo zuen Aiert Larrarte Iker Sarriegiren eta Julen Zelarainen abokatuak ere. Izan ere, ohartarazi zuen CNIren entzuketak «babes legalik gabe» egin zirela, «botere banaketa urratuta, defentsarako eskubidea urratuta». Jose Mari Elosua Nerea Redondoren abokatuak eta Ibon Altuna Saioa Agirrerenak bat egin zuten gainerako defentsa abokatuen argudioekin, oro har. Epaileak sententzian erantzungo die gai horiei.
Atzoko saioan ez zuen astirik eman auzipetuak deklaratzen hasteko, eta, beraz, gaur hasi beharko lukete. Halere, ikusteko dago hala izango den edo deklarazioak biharko saiora atzeratuko dituzten. Izan ere, Murillo epaileak jakinarazi zuen Carmen Paloma Gonzalez Pastor epaimahaikideak COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia hartu zuela atzo; aurreneko dosiak erreakzio handia eragin ziola, eta litekeena dela atzoko ziztadaren ostean gaurko saiorako ondoezik sentitzea.
'13/13 auzia'. Epaiketa
Epaituen babesgabetasuna salatuz abiatu dute 13/13 auziaren epaiketa
Akusazioek akordio posible bati uko eginda hasi da epaiketa, aurretiazko gaiekin. Defentsak ohartarazi du auzipetuei bidezko epaiketa bat izateko eskubidea urratu zaiela, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu