Gerra hasi aurretik, Oliver Dujmovicek (Sarajevo, 1965) bizitza oparoa zuen. Ezkonduta zegoen, eta hamabost hilabeteko alaba bat zuen; modari loturiko hainbat negozio zituen, zapata fabrika bat tarteko. Kafetegi batzuen jabea ere bazen, beste lankide batzuekin batera, baina, gatazkak eztanda egin zuenean, dena bertan behera utzi behar izan zuen. Setiaturiko Sarajevo hartan, 1993an, pub bat zabaltzeko gai izan zen, ordea, eta baita zenbait kultur ekintzaren sustatzaile izateko ere.
Gerrak 26 urterekin harrapatu zintuen. Zer egin zenuen?
Gerrak iraun zuen bitartean, nire etxea defendatu nuen. Estatubatuarrek esango lukete hori patriotiko bat izatea dela, baina, egia esateko, alde honetan geundenok ez genuen beste aukerarik izan. Eseri eta negar egin, edo zutitu eta eusten saiatu. Egoera absurdo bat da, baina betiko aldatzen zaitu, bizitza eta haren balioaren pertzepzioa aldatu egiten direlako.
Gerrak dena aldrebestu zuen, egun batetik bestera. Baina gerraren ostean gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Dena oso poliki joan da. Lehen, herrialde indartsua ginen, eta Sarajevo Olinpiar Jokoen hiria ere izan zen, baina, orain, Alemaniak baino burokrazia gehiago daukagu.
Hiria setiatua egon arren, Sarajevo ez zen geldirik egon, ordea.
Kultur jarduera handiari eutsi zitzaion, eta musika jaialdiak ere antolatu genituen. Taberna gutxi batzuk zeuden, eta ni horietako baten jabea nintzen. Horrez gain, Sarajevoko Gerra Antzokiaren sorreran ere parte hartu nuen; zailtasunak zailtasun, bizitzen jarraitzeko ahalegina egiten baikenuen.
Garai horretan musikari eta artista ugari zeuden hirian, eta tabernako ateak irekita zeuden gazteentzat, ez baitzuten beste zereginik. Atzerritar ugari ere etortzen ziren. Jende atsegina zen, eta, urteak igarota ere, haietako batzuk hemen bizi dira oraindik, espiatzen oraindik.
Nola bizi izan zenuen setioaren amaiera?
Jomuga izateri uztea oso askatzailea da. Inork ez zaitu hil nahi, eta hori lasaitu handia da. Mundu guztia zegoen pozik. Telebistan amaitu zela esan zutenean, denek jaitsi zituzten armak. Inork ez zuen jarraitu nahi, luzeegia izan zelako. Eta guk hiru eguneko festa izan genuen tabernan. Hiruzpalau orduz lo egin, eta berriz tabernara bueltatzen ginen, ospatzen jarraitzeko.
Eta hortik aurrera?
Hiriaren egitura erabat aldatu zen gerraren ondorioz. Estatistikek diote hemen gerra aurretiko biztanleriaren %17 geratu zela soilik. Eta, amaitu zenean, batzuk bueltatu egin ziren, eta beste batzuk ez. Bosniako beste leku batzuetako jendea etorri zen, eta baita kanpokoa ere. Lan asko zegoen egiteko, eta lan asko egin genuen.
Dena den, esan dudan moduan, gauzak oso motel doaz, eta, nire ustez, gizartea ez da asko aldatu. Orain ez dago tirorik, baina herrialde txiki honetan trauma osteko estresaren nahasmendua duten ehunka mila pertsona daude. Ez zait iruditzen mentalitatea asko aldatu denik.
Eta gerra bizi izan ez zuten gazteei dagokienez?
Gazteek aurrera begiratu behar dute. Ez zuten gauza handirik galdu. Gerrari buruz galdetzen dutenei hori erantzuten diet. Betiko aldatzen zaituen zerbait da. Eta gerra zer izan zen ikusi nahi duenak beti dauka aukera bere begiekin ikusteko, mundu honetan beti baitago gerraren bat. Baina ez du merezi.
Sarajevoko setioak 25 urte. Oliver Dujmovic. Tabernaria
«Telebistan amaitu zela esan zutenean, denek jaitsi zituzten armak. Inork ez zuen jarraitu nahi, luzeegia izan zelako»
Setioaren ondorioz, bere negozioak itxi beste aukerarik ez zuen izan Dujmovicek. Baina, hiria itxita ere, aurrera egiten jakin zuen; berak dioen moduan, beste aukerarik ez zegoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu