Koronabirusa

Tarterik eta maskararik ez 25 ikasle bitarteko HHko eta LHko geletan

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak datorren ikasturterako plana aurkeztu du. «Normaltasun berrian», hezkuntza presentziala izango da, eta garraioa eta jangela egongo dira

Haur bat ikasgelan sartzen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak datorren ikasturterako argibideak eman zituen atzo. Lau egoera egon daitezkeela kontuan hartuta lan egin dutela azaldu zuen: «normaltasun berria»; koronabirusaren agerraldi bat egotea; agerraldia «larria» izatea eta sareko irakaskuntza indartzea; eta ikastetxeak guztiz itxi behar izatea. Hurrengo ikasturtearen garapena «aurreikusi ezina» dela esan zuen Gimenok, « ezin delako jakin nolakoa izango den pandemiaren eboluzioa». Horrenbestez, lau egoera jasotzen dituen kontingentzia plan bat aurkeztu zuen. «Berrikusi beharko da, osasun agintariek diotenaren arabera».

Lehenengo egoeran, hezkuntza presentziala izango da etapa guztietan, eta ikastetxeetako ordutegia mantenduko da, baita eskola garraioa eta jangela ere. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, gehienez 25 ikasleko gelak «bizikidetza talde egonkorrak» izango dira. 25 ikasle baino gehiagoko geletan, berriz, ikasgelen tamainarengatik metro eta erdiko distantzia gorde ezin denean, «kasu bakoitza ikastetxeetako arduradunekin aztertuko da, konponbiderik egokiena emateko». Gainerako mailetan, metro eta erdiko distantzia egongo da, eta ikasle bakoitzak 2,25 metro karratu izango ditu gutxienez. «Beraz, ikasgeletako edukiera horien tamainaren araberakoa izango da, eta DBHn 30 eta Batxilergoan 33 ikasle ere egon daitezke», azaldu du Gimenok. Gelan sartzen ez diren kasuetan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, ikastetxean beste leku batzuk aurkituko zaizkie. Gainerako mailetan, ikastetxeak erabaki dezake taldeei eustea maskarak erabiliz, ikasleei eskolak ikastetxean bertan online ematea, edo goiz eta arratsaldeko txandak ezartzea.

Bigarren egoeran, hezkuntza presentziala izango dute maila guztietan, baina ordutegi jarraitua ezarriko dute, eta ez da egongo jangelarik, baina bai eskola garraioa. Bizikidetza talde iraunkorren «blokeoa» indartuko da; beraz, kendu egingo dira taldeak nahasten diren espezialitateak—erlijioa, euskara...—.

Hirugarren egoeran, aurrez aurreko jardunari eutsiko zaio HHn eta LHn, baina espezialistak ezingo dira sartu ikasgeletan. Espezialista horiek tutore bihurtuko dira, ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua txikitzeko. Espazio gehiago erabiliko dira; besteak beste, DBHko ikastetxeak. Gainerako mailetan, hezkuntza presentziala eta Interneten bidez egiten dena ezarriko dituzte.

Ikastetxeak guztiz itxiz gero, sarearen bitartez emango da hezkuntza. Hezkuntza bereziko zentroei eta ohiko ikastetxeetan dauden hezkuntza bereziko egiturei dagokienez, lehen hiru egoeretan hezkuntza presentziala bermatuko zaie.

Jangela lehen egoeran bakarrik egongo da, baina ekonomikoki zailtasunak dituztenentzat eta jangelako beka duten ikasleentzat menua bermatuta egongo dela ziurtatu du Gimenok. Ikastetxea dagoen herrian bizi badira, janaria ikastetxean bertan jasoko dute, eta beste herri batean bizi direnei bonu bat emango zaie.

Maskara, kasu batzuetan

Azaldu duenez, ez dute tenperatura hartuko ikastetxeetara sartu aurretik. Maskarak, berriz, kasu jakin batzuetan erabili beharko dituzte. Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan, «bizikidetza talde iraunkorretan», ez dute segurtasun distantziarik gorde beharko, ezta maskararik erabili beharko ere. LHn, talde iraunkor horretatik kanpo, metro eta erdiko distantzia gorde ezin denean, jantzi egin beharko dute. Gainerako mailetan ere metro eta erdiko distantzia gorde ezin denean erabili beharko dute maskara, baina ez da beharrezkoa izango mahaietan eserita daudenean, segurtasun distantzia hori gordeta. HHko eta LHko irakasleentzat boluntarioa izango da maskara janztea «bizikidetza talde iraunkorretan» daudenean. Gainerako etapetan, berriz, segurtasun distantziari eutsi ezin zaionean erabili beharko dute. Eskola garraioan, derrigorrezkoa izango da 6 urtetik gorako haurrek maskara janztea.

Nafarroak ez ezik, Espainiako Gobernuak ere finkatu ditu datorren ikasturterako irizpideak. HHn eta LHn aukera eman dute gehienez hogei ikasleko bizikidetza talde egonkorrak sortzeko, baina autonomia erkidegoei baimena eman diete gehienezko kopuru hori aldatzeko, osasun publikoko agintarien oniritzia badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.