Koronabirusa

Akordioari eutsi diote EH Bilduk eta Podemosek; PSOE aldendu egin da

Otegik eta Iglesiasek ohartarazi dute lan erreforma bertan behera uzteko konpromisoa «hitzez hitz» bete beharrekoa dela. Abalosek dio«zehaztapenek» gehiago balio dutela hitzartutakoak baino

Arnaldo Otegi, EH Bilduren, PSOEren eta Unidas Podemosen akordioaren dokumentuarekin, atzo. JUAN HERRERO/ EFE.
edurne begiristain
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Lurrikara politikoa eragin du asteazken iluntzean EH Bilduk PSOE eta Podemosekin lortutako akordioak, eta mataza areago nahaspilatu du hitzartutakoari PSOEk gauerdian egindako zehaztapenak. Kongresuan lortu zuten hiru alderdiek hitzarmena: EH Bildu abstenitu egin zen alarma egoera luzatzeko bozketan, eta, horren truke, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuen 2012ko lan erreforma «oso-osorik» baliogabetzeko. Akordioa lortu eta hiru ordura, baina, sozialistek aldatu egin zuten itundutakoaren lehen puntua, zehaztuta ez dutela lan erreforma osorik indargabetuko, baizik eta hiru puntu: gaixotasunagatik lanera joaten ez direnak kaleratzeko aukerari dagokiona, hitzarmen kolektiboaren denbora mugei dagokiena eta enpresa hitzarmenek kolektiboen aldean duten lehentasunari dagokiona. EH Bilduk eta Unidas Podemosek, ordea, oso-osorik eutsi zioten atzo akordioaren edukiari, tinko. Akordioa indarrean dagoela eta ez duela baliorik galdu. Horixe nabarmendu zuten EH Bilduk eta Unidas Podemosek. Eta oharra ere bidali zuten: sinatutakoa bete beharrekoa da.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailea goizean goiz mintzatu zen hainbat komunikabidetan, eta adierazi zuen gauerdian jakin zuela PSOEk egindako zehaztapenaren berri, hedabideen bitartez. Hala ere, garrantzia kendu zien sozialistek azken unean egindako «ñabardurei». Ituna ez dela bertan behera geratu argitu zuen Aizpuruak: «Honek ez du hankaz gora ezer jartzen. Ñabardurak akordioaren esparrua murrizteko nahia izan dezake, baina akordio bat dugu». EH Bilduko eledunaren ustez, aldaketek «formari» eragiten diote, eta ez «mamiari», eta ziur dago sozialistek ez dutela atzera egin. «Badakigu lan erreforma bat ezin dela une batetik bestera utzi bertan behera; lan harremanei marko bat jartzen dion eskema bat dago, eta aldatu beharreko elementuak zehazten baditugu, bikain».

Hitzarmenaz eta ondorengo ñabarduraz hitz egiteko, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak agerraldi telematikoa egin zuen eguerdian, eta argi eta garbi ohartarazi zuen hitzartutakoa «hitzez hitz» bete beharrekoa dela. Azaldu zuen EH Bilduren eskariz jaso zutela dokumentuan lan erreforma erabat baliogabetzeko xehetasuna, eta ez dutela babestuko itun moldatu bat. «Hemen akordio bat dago, eta akordioa hau da. Gero bakoitzak egin dezake nahi duen interpretazioa, baina honek esaten duena esaten du», azpimarratu zuen, sinatutako dokumentua eskuan hartuta. Akordioa martxan jarri eta garatu behar dela esan zuen Otegik, eta itunak «sekulako garrantzia» duela langileentzat. «Akordio politiko bat sinatu dugu, eta, horren atzean, hainbat herritarren xedea dago jasota».

Otegik azpimarratu zuen EH Bilduk «printzipioak» dituela, eta euskal herritarrek, hitza ematen dutenean, bete egiten dutela. «Adosten dena bete egiten da. Akordioa sinatuta dago. Akordio honek ilusioa piztu zuen atzo, eta akordio honetarako lan handia egin dugu. Akordioak esaten duena esaten du, hitzez hitz». Ildo horretan, ohartarazi zuen «inork ez» duela eskubiderik «piztutako ilusioa zapuzteko», eta koalizioak lan egingo duela sinatutakoa betearazteko.

Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren ministrorde eta Unidas Podemoseko burua ere zorrotz eta argi mintzatu zen sinatutakoaren alde, Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketa batean. Adierazi zuen lan erreforma oso-osorik ezeztatuko dutela, eta ez partzialki. «Argi eta garbi esango dut: pacta sunt servanda [sinatzeak betebeharra dakar]». Akordioak «hitzez hitz» jasotzen du lan erreforma baliogabetuko dela, eta hiru alderdietako ordezkari gorenek sinatu dute, Iglesiasek gogoratu zuenez. «Gero alderdiek nahi dutena esan dezakete, baina sinatutakoa hori da».

PSOE, akordiotik aldenduta

Sozialistek, ordea, atzera egin zuten, eta aldendu egin ziren sinatutako akordioaren lehen puntutik. Lan erreformari buruz itunak dakarrena«argitu» eta «zehaztu» dutela esan zuten atzo PSOEko buruek, eta zehaztapenek dutela balioa, ez sinatutakoak. Jose Luis Abalos Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hirigintza Agendako ministroak azaldu zuen lan erreformaren «alderdirik kaltegarrienak» indargabetuko dituztela: «Guk horrela esan izan diogu beti; beste batzuek osorik indargabetzea esaten diote, baina balorazio kontzeptual bat da». Gaineratu zuen lan erreforma bertan behera uztea gobernu programan jasoa zutela PSOEk eta Unidas Podemosek, eta neurri hori ezartzeko «unea» baino ez duela aldatu EH Bildurekin egin duten akordioak.

Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak, berriz, ukatu egin zuen hitzartutakoan atzera egin izana. Haren esanetan, EH Bildurekin sinatutakoak ez du esan nahi lan erreforma osorik baliogabetuko dutela, eta horixe bera «argitu» nahi izan dute sozialistek, sortutako «polemika»ikusi eta gero.«Guk ez dugu sekula esan lan erreforma osorik kendu nahi genuela», zehaztu zuen.

Nadia Calviño Ekonomia ministroa askoz ere irmoago aritu zen: «Zentzugabekeria eta kaltegarria da lan erreformari buruz sortutako eztabaida». Gainera, ohartarazi zuen edozein errefoma eragile sozialekin adostu behar dela.

Eskuineko alderdiek, berriz, gogor kritikatu zuten akordioa. PPko presidente Pablo Casadok ohartarazi zuen «gosetea» ekarriko duela lege erreforma baliogabetzeak. Javier Esparza UPNko presidenteak PSOEri aurpegiratu zion EH Bilduri «zilegitasun demokratikoa» ematea eta «erradikalen esku» egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.