Koronabirusa

Gasteizko hezkuntza zentroen jarduera eten du Eusko Jaurlaritzak

Martxoaren 23ra arte egongo da indarrean neurria. Murga Osasun sailburuarentzat, «neurria erabakigarritzat jotzen da eskola komunitatean gaitzari eusten laguntzeko eta hura etxeetara ez hedatzeko»

Koronabirusaren krisia dela eta, erakundeen arteko mahaiak bilera egin zuen, atzo. Argazkiaren erdian Iñigo Urkullu lehendakaria, eta, haren eskuinean, Nekane Murga Osasun sailburua RAUL BOGAJO / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Aintzat hartuta koronabirus kasuak «ugaritu» egin direla Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak erabaki du, «adituek» hala eskatuta,martxoaren 23ra bitartean Gasteizko hezkuntza zentro guztien jarduera etetea. Behin-behinekoa da neurria, eta haur eskolak, eskolak, institutuak, lanbide heziketako ikastetxeak eta unibertsitateak kontuan hartuta, 70 bat zentrori eragin die Arabako hiriburuan. Nekane Murga Osasun sailburuak atzo nabarmendu zuenez, «ezohiko neurria erabakigarritzat jotzen da eskola komunitatean gaitzari eusten laguntzeko, eta hori etxeetara heda ez dadin». Eskolaz kanpoko jarduerak ere bertan behera utzi dituzte. Murgarentzat, «euste fasean» jarraitzen du EAEk, transmisioaren fokuak «taldekatuta» daudelako. Adierazi zuen, ordea, jabetzen direla hartutako neurrien «ezohikotasunaz».

Koronabirusaren krisia dela-eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak deitutako erakundeen arteko laugarren bileraren ondoren hitz egin zuen Murgak. EAEko «biztanle guztientzako» gomendio bat ere plazaratu zuen. Murgaren ustez, «komenigarria» da haurrei tenperatura hartzea ikastetxeetara joan aurretik, eta gomendatu zuen gauza bera egitea zentro soziosanitario batera bisitan joan behar dutenek ere. Gorputzaren tenperatura 37 gradu baino gehiagokoa bada eta arnas sintomak badituzte, «etxean egon beharko dute».

Euskal Herrian, Arabak du kutsatu gehien, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak prentsaren aurrean zehaztu zuenez, 53.000 bat ikasleri eragingo die hartutako neurriak: unibertsitateetan, 8.000ri, eta, gainontzean, 45.000ri. Dena den, neurria ez da Gasteizera mugatzen. Bastidako eta Guardiako hezkuntza zentroetako jarduera ere eten dute, bi herri horiek Harotik (Errioxa, Espainia) gertu daudelako. Ia 60 koronabirus kasu atzeman dituzte Haron.

Gasteizi eragingo dioten neurri gehiagoren berri eman zuen Murgak. Esaterako, 5.000 lagun baino gehiago bilduko dituzten ekitaldiak «banan-banan» aztertuko ditu Jaurlaritzak, kirol jarduerak barne. Horrek eragin diezaieke Alavesen eta Baskoniaren partidei. Jaurlaritzak gomendatu du, era berean, Gasteizen toki itxietan egingo diren 500 lagunetik gorako ekitaldietan gutxienez metro bateko distantzia mantentzea bertaratutakoen artean.

Osasun eremuari dagokionez, Gasteizko ospitaleetako larrialdietara doazen laguntzaileen sarbidea murrizteko eskatu du Osasun Sailak. Era berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentro soziosanitarioetan daudenei bisitak murriztea aholkatu du, «bizitzaren amaieran gutxieneko laguntza eta zaintza izateko eskubidea zainduz». Bisita horiek gehienez ordubeteko iraupena edukitzea, eta bisitak, egunero, pertsona batera mugatzea agindu du Arabako Diputazioak.

Euskal Herrian 161 pertsona daude COVID-19arekin kutsatuta, atzo arratsaldeko zenbaketa kontuan hartuta: 122 Araban, 21 Bizkaian, hamahiru Nafarroan, eta bost Gipuzkoan. Gaitzaren ondorioz, sei pertsona hil dira. Azkena atzo zendu zen, Donostian: koronabirusarekin positibo eman aurretik gaitz larri bat zuen 69 urteko emakumezko bat.

Urkulluk ere hitz egin zuen auziaz, erakundeen arteko bilerara sartu aurretik. «Autobabeserako neurriak oinarrizko dira», adierazi zuen lehendakariak. Koronabirusaren «dimentsioaren eta garapenaren» aurrean, gaitzak herritarrei «ahalik eta gutxien» eragiteko hartutako neurriak dira haren esanetan, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta OME Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuei jarraikiz aplikatutakoak. «Oso garrantzitsua da osasun agintariek planteatutako prebentzio neurri guztiak hartzea». Lehendakariarekin batera, Jaurlaritzako kontseilariek, Ramiro Gonzalez (Araba), Unai Rementeria (Bizkaia) eta Markel Olano (Gipuzkoa) ahaldun nagusiek, diputazioetako politika sozialetakoerantzuleek, eta Eudeleko presidente Gorka Urtaranek parte hartu zuten batzarrean.

EH Bilduk birusak eragindako krisiari aurreko egiteko «mahai handi bat» osatzea proposatu du, «osasun publikorako larrialdi soil batetik harago doalako». Koalizio independentistak atzo kaleratutako ohar batean nabarmendu zuenez, koronabirusa «larrialdi nazional bat» da, «eragingo dituen ondorioak definitu gabe daudelako».

Gurasoen kontziliazioa

Ikastetxeen jarduera eten du Jaurlaritzak, baina irakasleek hezkuntza zentroetara joan beharko dute lanera. Horren harira kexu agertu da Steilas sindikatua. Jaurlaritzari eskatu zion zentroek «autonomia» izan dezatela irakasleen jarduerari dagokionez erabakiak hartzeko orduan, «egoera ezohikoa» aintzat hartuta. Sindikatuaren iritziz, zentroek erabaki beharko lukete irakasleek, esaterako, etxetik lan egin dezaketen ala ez.

LAB sindikatuaren aburuz, Jaurlaritza «inprobisatzen» ari da. Salatu du Jaurlaritzak Gasteizko hezkuntza zentroetako jarduera etetea erabaki ondoren ez duela hartu neurirrik gurasoek beren lanak haurren zaintzarekin «kontziliatu» ditzaten—Murga Osasun sailburuak prentsaren aurrean jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuarekin hitz egiten ari dira gurasoei balizko baimen ordainduak emateko aukeraz—. Sindikatuari iruditzen zaio, gainera, irakasleak zentroetara joatera «behartu» dituztela. Protokoloetan hartutako «erabaki bakoitzaren berri emateko» eskatu dio ELAk Jaurlaritzari.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, berriz, «irakaskuntza alternatibak» planteatuko dituela jakinarazi zuen, «ikasleek modu egokian jarrai dezaten haien prestakuntza prozesuarekin». EHUk birtualki segitu nahi du eskolekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.