Itxaropenerako Espainiako justizia sisteman izan zezaketen azken zirrikitua itxi egin du Auzitegi Gorenak. Auzitegi Nazionaleko lehen zigor aretoak lehenik eta apelazio epaitegiak ondoren ebatzitako epaia apaldu egin du Gorenak. Auzitegi Nazionalaren aurreko bi epaietan diskriminazio gisa ezarritako larrigarria kendu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, halaber, Aratz Urrizolari eta Iñaki Abadi kendu egin die lesio delitua. Horregatik, 79 urtetik 51 urtera murriztu du espetxe zigorra, eta egun espetxean diren zazpi gazteei hiru urte eta bi hilabete, eta bederatzi urte eta sei hilabete arteko zigorrak ezarri dizkie. Alta, murrizketa horrek ezin dezake Altsasuko auziaren funtsa estali, instrukzio fasetik izan den neurrigabekeria berretsi egin baitu Auzitegi Gorenak.
Halaxe hartu du epaia Amaia Izkok, defentsako abokatuetako batek. «Pozten gara zigor horiek jaitsi direlako, batez ere Iñaki Abaden eta Aratz Urrizolaren kasuan, baina ez du inondik ere egoera zuzentzen. Gorenera jo genuenean, justizia eta proportzionaltasuna bila jo genuen». Izkok gaineratu du epaia «erabat neurrigabekoa» dela, eta, horregatik, «negatibotzat» hartu du.
Gertaerak 2016ko urriaren 15eko goizaldean izan ziren, Altsasuko Koxka tabernan eta inguruetan. Handik egun batzuetara Covite biktimen elkarteak salaketa jarri zuen. Atzean terrorismo delituaren zantzuak zeudela argudiatuta, Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak hartu zuen instrukzioa bere gain, ardura hori Nafarroako epaitegiari kenduz. Zortzi gazte auzipetu zituen, eta guztira 375 urte eskatu zituen. Urte eta erdi geroago, iazko apirilean, epaiketa egin ostean, Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak ebatzi zuen ez zela terrorismoa izan, baina bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri zizkien zazpi auzipeturi —Ainara Urkijori bi urtekoa—. Aurten, Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak berretsi egin zuen epai hura.
Atzo kaleratutako 449 orrialdeko epaian, Gorenak apelazio auzitegiaren epaia eta defentsak aurkeztutako kasazio helegiteak aztertu ditu, eta aurreko epaietan ezarritako larrigarriak kendu.
Epaiak ondorioztatu du auzipetuek bazekitela guardia zibilak zirela, eta horregatik egin zietela eraso. «Ez litzateke larritasun honetako gertaerarik izango baldin eta erasoa jasandakoak ez balira guardia zibilak». Aurreko epaietan, guardia zibil izaera baliatu zuen Auzitegi Nazionalak, eta gutxiengoak babesteko Zigor Kodeko larrigarria aplikatu zuen.
«Ez da talde hauskor bat»
Gorenaren arabera, «nekez argudiatu daiteke Guardia Zibila talde hauskor bat dela». Gorenaren ustez, biktimen guardia zibil izaera jada jasoa izan da «agintaritzari eraso egitea» delituan. Dena den, Gorenaren epaia sinatu duten bost magistratuetatik bi erabaki horren kontra azaldu dira. Arrazoitu dute diskriminazio larrigarria ezarri beharko litzatekeela, «estatuko ordezkari gisa ideologiagatik» eraso egin zitzaielako.
Amaia Izkoren ustez, larrigarri hori kenduta zigorra «zerbait» arindu bada ere, «ezin da positibotzat jo». Abokatuaren iritziz, «modu artifizialean eta zuzenbidearen aurka» ezarri zuten aurreko epaiek. «Larrigarri horrek fokua jartzen du biktimarengan, edo subjektu pasiboan, eta orain arteko jurisprudentziak subjektu aktiboan jartzen zuen. Bide arriskutsua irekitzen zuen. Inondik inora jarri ezin zitekeen zerbait jarri digute, eta orain kendu».
Horrez gain, auzipetuei aplikatutako delituetan Auzitegi Nazionalak muturrera eraman zuen zigorra. Adibidez, abusuzko larrigarria aplikatu zuen. Horretarako, indar desoreka handia egon behar duela dio Gorenak. Altsasuko istiluetan «erasotzaileen kopuruak biktimen defentsarako aukera oro eragotzi zuenez», larrigarri hori ezartzea onetsi du. Hala ere, defentsaren helegitea onartu du, eta soilik agintaritzari eraso egitea delituan aplikatu behar dela dio, eta ez lesio delituan.
Larrigarriak kendu edo arinduagatik, zigor handia ezarri du Gorenak. Izan ere, lesio delituetan, biktima bakoitzeko zigor eskaera bat aplikatu zuen Auzitegi Nazionalak, eta defentsak helegitean eskatu zuen gertaera ekintza bakar gisa aintzat hartzeko. Alta, Gorenak ez du kontuan hartu. Bestetik, lesio delituan, Auzitegi Nazionalak legeak eskaintzen dion gehienezko zigorrera jo zuen (hiru urte). Neurri handi batean, Gorenak bat egin du, eta ondorioztatu du hura ez zela tabernako istilu soil bat izan: «Gertaerak oso-oso larriak izan ziren, eta biktimek bizi behar izan zuten izua nabarmena da, frogatutzat emandako kontakizunean islatzen denez». Gorenaren arabera, epaia «neurrizkoa» da.
Epaiketan, gertaeren bi bertsio jarri ziren aurrez aurre: guardia zibilena eta Altsasuko gazteena. Aurreko epaiek egin bezala, Gorenak sinesgarritasun osoa ematen die biktimen adierazpenei eta haiek aitortutako lesioei, eta auzipetuen «bertsio partzialaren» gainetik jarri ditu.
Defentsak auzi osoan izandako irregulartasunak salatu ditu: gazteak identifikatzeko, 2016ko azaroan egin zen taldekako ezagutza saioak espresuki prestatuak izan direla; gazteak epaitu dituen Auzitegi Nazionaleko epaimahaia ez zela inpartziala, Guardia Zibilarekin erlazioa zuelako; edo errugabetasun printzipioa urratu dela. Gorenak ez ditu aintzat hartu eskaerok. Ezagutza saioen kasuan, aipatu du defentsak egun hartan egin behar zuela protesta eta abokatu batek ontzat jo zuela. Halaber, Gorenaren arabera, inpartzialtasun susmoak «behar bezala frogatu» behar dira.
Araitz Urrizola eta Iñaki Abaden delituen kalifikazioan aldaketa dago. Auzitegi Nazionalak frogatutzat jo zuen biek istiluetan parte hartu zutela. Hala ere, zalantzan jarri ditu bi gazteok identifikatzeko egindako «argazki identifikazioen eta salatzaileen adierazpenen benetakotasuna». Gorenaren arabera, ez dagokio frogak nola bildu ziren aztertzea, baizik eta zeregin horretan apelazio auzitegiaren argudioak epaitzea. Hala ere, gaineratu duenez, ezin liteke egiaztatu Aratz Urrizolak tenientea jo zuela, eta Abaden kasuan «zalantza handiak» daude tenientearen bikotekidea jo zuen. Ondorioz, lesio delitua kendu die.
Epaiketan, Ramirez de Aldak hainbat froga eta lekukotza aurkeztu zituen gau hartan istiluak gertatu zirenerako etxean zela egiaztatzeko. Defentsaren testigantzen fidagarritasuna zalantzan jarri du Gorenak —tartean Bel Pozueta bere amarena—, eta biktimen testigantzan oinarrituta ondorioztatu du «leporatutako gertaeren egile» dela.
Hemendik aurrera
Gorenaren ebazpenaren ondoren, epaia irmoa da. «Orain ikusi beharko da espetxeko onurak eskuratzeko zein aukera dituzten, baina berez zigorra betetzen hasi beharra dute», azaldu du Amaia Izkok. Defentsako abokatuek aurrera jotzeko asmoa dute. «Pentsatzen dugu Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgora jo beharko genukeela. Ez zaizkigu errespetatu bidezko prozesu bat izateko eskubidea eta bermea». Izkok ohartarazi du, dena den, helegite horietan oso tarte estua dagoela zenbait eztabaida juridiko planteatzeko: «Oinarrizko eskubideak soilik planteatu daitezke. Gainerako guztia irmoa da. Horregatik diogu gazte hauei egindakoa ezin dela erreparatu».
Gorenaren epaia ezagututa, manifestazio jendetsua egin zuten atzo iluntzean Altsasun gazteei elkartasuna adierazteko, Altsasukoak aske lelopean.
«Minduta eta haserre gaude; zigorrak makillatzen saiatu dira»
Gehiegikeria berretsi dute
Auzitegi Gorenak 79 urtetik 51 urtera jaitsi die espetxe zigorra Altsasuko zortzi gazteei. Diskriminazio larrigarria kendu du, eta bi auzipeturi kalifikazioa aldatu die. Defentsak dio «neurri gabeko» epaia dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu