Inspirazioaz mintzo zen Leoni. Kontatzen zuen kosta egin zitzaiola jabetzea. Ikusten zuela senarra bakartua, ukondoa mahaian tinkatu eta eta esku bat matrailean zuela. Eta tarteka egiten zuela ahoaz halako hots bat, hausnartua ontzat emanaz bezala. Kosta egin zitzaiola jabetzea, kontatzen zuen. Jarrera horretan zegoela afaritara deitu ziola behin, eta sekulako haserrealdiaz erantzun ziola senarrak, Xalbadorrek. Ulertu omen zuen gerora Leonik zer zen inspirazioa. Eta eza ere bai. Eta Odolaren mintzoa-n argia ikusiko zuten bertso haiek ekarri ezinik sumatzen zuenean, berak sosegatzen omen zuen senarra, etorriko zitzaiola etorriko noizbait, esanez.
Etxe-giro egin du egunotan. Juanmi Gutierrezek 1981ean egindako Xalbador, gaztain kormutxa dokumentala ikusteko giro aparta. Iragan-mina eragiten duen eguraldia. Hoztu egin zela esanda urrundu omen zen Xalbador bere heriotza egunean beste bertsokideengandik. Inspirazio uneren bat igual izango zuela pentsatuko zuten hauek. Ez zutela molestatu behar poeta, afaritarako ze plan zegoen galdetzeko ere goiz zela oso.
Gaur bezalaxe, duela 45 urte, azaroaren 7a igandearekin heldu zen. Hotz egin behar luke gaur. Benetako hotza. Tarteka bizkarrezurrean hotzikara eragiten duen hotz klase hori.
HITZ ETZANAK
Hotzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu