Ibai Zabala Gandarias
IRITZIA

Egizu irri

2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Asko izan gara Iker Irribarria Olazabalen halabeharrezko agur honek ustekabean hartu gaituenak, neguak udazkena hala. Aitortu behar dut esku pilota profesionala oso gutxi jarraitzen dudala, etxeko telebistan oharkabean agertzen zaidan aldiro inkontzienteak telekomandoaren hurrengoa, aurrekoa edo itzali botoiak sakatzen dituela. Droga gogorra baita mundu profesionalarena, urte luzez barrutik kontsumitzen duzunean askotan erraiak ere jaten dizkizuna; eta mundu hori utzitakoan hasi nuen desintoxikazio prozesuan nago oraindik. Hala ere, noizbehinka elkartu ohi naiz unibertso horren bueltan jarraitzen duten kide ohiekin, eta hitz egiten didate pilota munduko berriez, pasadizoez, gertaerez. Hori dela eta, baneukan Ikerren belauneko arazoaren berri, Mikel Larunberen agur partidaren ondoko jaian Ikerrek berak aipatu baitzidan kontua, baina ez nuen horren larria zenik imajinatzen. Horregatik, adi-adi jarraitu nuen aurreko astean egin zuen agerraldia.

Lehenik eta behin, agerraldian egin zuen hizkuntza hautua nabarmendu nahiko nuke: bere mezua euskara hutsean irakurtzea eta aurkeztea. Bejondeiola. Mamiari helduz, belauneko arazo handi bat duela azaldu zuen, eta denbora luzea daramala minez jokatzen, berea eman ezinik. Egoera horren aurrean, belauneko arazoetan espezialistak diren hainbat medikurengana jo duela adierazi zuen, eta denek aholku bera eman diotela: pilota profesionala uztea.

Hitz horiek entzutean, nire pilotari ibilbidean enpresakide izan nituen hainbat pilotariren zori okerra etorri zitzaidan gogora: Pablo Urrizelki, Patxi Ruiz, Jokin Argote, Mikel Idoate, Iñaki Iza... eskuko arazoak edo arazo fisikoak zirela medio, pilota utzi behar izan zuten kideak. Hortaz, komenigarria iruditzen zait, mundu profesionalera heldu eta daukan onena erakusteko bidean, kirolari batek nahitaezkoa duen aliatu batez hitz egitea: zorteaz. Norberak eginahal guztiak egin arren, zorigaitzeko lesio batek guztia alda bailezake, Ikerri edo aurretik bota ditudan horiei guztiei gertatu lez. Horren aurrean, pilotaren ondotik datorren eta pilotari ibilbidea baino askoz luzeagoa izango den lan mundurako prest egon behar dutela irakatsi behar zaie gazteei; ez daitezela pilotarekin itsutu. Horretan, zorionez, Ikerrek aholkulari onak izan ditu inguruan. Horretan, zortea alde izan du.

Agerraldira bueltatuz, bere ahotik bota zuen esaldi bat iruditu zitzaidan benetan adierazgarria: «Gaztetatik arrakasta deitzen diogun hori eskuratzeak egoera zailak ekartzen dizkigu. Askotan bizi behar izan dut espektatibak ez betetzearen garratza, prentsaren presioa [...] alderdi psikologikoa ere badu pilotak, sarritan gutxi ikusten dena». Arrakasta: plazer adina atsekabe eragin dezakeen aho biko ezpata; ondo kudeatzea berau erdiestea bezain zaila izaten da. Alderdi psikologikoari eta kanpoko presio horri lotuta, belauneko minak bererik ematen utzi ez dion garai luze honetan Iker egurtzen aritu diren pilotazaleei, txiolariei, kazetariei, orain nahigabe eta animo mezuak zabaltzen ari diren horiei berei, gustura galdetuko nieke honakoa: ahaztu egiten al duzue kantxan dabiltzan horiek pertsonak ere badirela eta beren errendimenduan eragina izan dezaketen arazo fisiko edo pertsonalak sufritzen egon daitezkeela? Eta zuen kritikek oinaze hori gogor dezaketela? Balio beza Ikerri gertatutako honek, mingaina eta luma astintzeko orduan, kontu handiagoz joka dezan jendeak etorkizunean, faborez.

Nik debuta egin zueneko Iker gaztea gogoratzen eta gogoratuko dut; bere aurka jokatzen nuenero «honek eskuz edo palaz jotzen du pilota?» pentsarazten zidana, gorriak ikusarazten zizkidana. Pilotaren historian egon den buruz buruko txapeldunik gazteena; buruz buruko hiru final eta binakako bi jokatu dituena. Gutxiren esku dago, horren denbora laburrean, egin dituenak egitea. Beraz, jaso dezala merezi duen agurra bihar. Irabazi duena.

Txapelen lehia bete-betean zegoenean «egizu, Irri!» oihukatzen zioten etxeko, lagun eta inguruko horiek, bihar, beren bostean, «egizu irri» opako diote. Eta ez dago hori baino gauza ederragorik: herria eta irria batzea.

Goza ezazu, Iker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.