Elkarbizitzaren mahaira eserita

Etenaldi baten ostean, Bizilagunak egitasmoa berriro abiatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzerritik iritsi diren herritarrak eta bertakoak batzea du asmo, bazkari baten aitzakian, eta igandean elkartuko dira. Parte hartzaileen arabera, gertuko sareetatik atera eta elkar ezagutu behar da.

Agurain. Reyes, erdian kokatuta, 2017an Agurainen (Araba) egindako bazkari batean. QUINTAS FOTOGRAFOS.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Birusaren ondorioz etenaldia egin ostean, Bizilagunak egitasmoa martxan da berriro ere Euskal Herriko zenbait herritan. Helburua da aurreiritziak albo batera uztea eta ondoan dagoen hori ezagutzea; horretarako,jatorriz atzerritarrak diren herritarrak eta bertakoak elkartu egiten dira egun batez, mahaiaren bueltan, bazkaltzeko. Horrek, besteak beste, bide ematen du orain artean eraikitako hesiak deseraikitzeko eta elkarbizitza sustatzeko.

Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ez da horrelakorik antolatuko, baina gainontzeko lurraldeetan igandean egingo dira bazkariak, Aurten bai lelopean. Araban, EAEko CEAR da bultzatzailea, eta zortzi herrik parte hartuko dute. Proposamena da bazkariak etxeetan egitea, baina tokian tokiko errealitatera egokituko dira. Gipuzkoan, SOS Arrazakeria dago egitasmoaren atzean, eta, osasun egoera hizpide izanda, dei egin du bilkurak ingurune irekietan antolatzera; guztira, zazpi eskualdek parte hartuko dute. Bizkaian, soilik Getxon egingo dute, eta parte hartzaileak Itzubaltzetako eskolako frontoian batuko dira.

Lurraldeetako bakoitzak, beraz, antolatzeko era bat du, baina helburuak berberak dira. «Uste dugu aniztasunean bizitzeko aniztasuna praktikatu behar dela, askotan gure bizitza oso sare murritzetara bideratzen dugulako, gertukoetara», uste du Ainhoa Garagalza EAEko CEAR-eko kideak. Iheslariei laguntzeko erakundea da CEAR. Horregatik, beharrezkotzat jo ditu horrelako dinamikak, hala nola hurbileko sareetatik ateratzeko, eta zurrumurruak alde batera uzteko. Izan ere, nabarmendu du aniztasuna «aberastasuna» dela, eta gizarteko esparru guztietan landu beharko litzatekeela.

Badira esperientziak

Bada, aniztasun hori praktikatzeko asmoz, hainbat dira urteetan Bizilagunak egitasmoan parte hartzen ari diren herritarrak. Nora Reyes da horietako bat. Dominikar Errepublikakoa da jatorriz, baina 30 urte daramatza Agurainen (Araba). Haren arabera, herri txiki bat izanda ere kulturartekotasun «handia» dago, eta, beraz, uste du bazkariek aukera ematen dutela jatorri ezberdinetakoak diren pertsona horiek ezagutzeko. «Egunerokoan kalean ikusi ohi duzun jendea da, baina agurtu besterik ez duzu egiten; ezagutu arte, ez dakizu horietako bakoitzak zenbat duen eskaintzeko».

Herri berberean bizi da Orietta Valladolid txiletarra ere. 2006an iritsi zen Bartzelonara, eta, hasierako asmoa Txilera itzultzea bazen ere, gelditzeko hautua egin zuen, bueltarako hegazkin konpainiak porrot egin ostean. Hamar urte geroago iritsi zen Agurainera, 2016an, eta, ordutik, bi aldiz parte hartu du egitasmoan. «Beste kultura batzuk ezagutzeak aberastasuna dakar; pribilegio bat da horrelako bazkari bat edukitzea, eta pertsonalki eta kolektiboki laguntzen du». Zehazki, seme-alabekin eta senarrarekin batera parte hartu izan du, eta gonbidatu gisa. Izan ere, ekinaldian parte hartzeko hiru aukera egon ohi dira: anfitrioia, gonbidatua ala dinamizatzailea izateko aukera dago.

Iñigo Kortazar getxoztarrak ere badu esperientzia, baina anfitrioi gisa. 2017an parte hartu zuen, eta zazpi lagun elkartu ziren bazkaltzeko. «Hasieran, egoera ezohikoa zen, baina, gero, esperientzia positiboa eta aberasgarria izan zen; egunerokoan ezagutzeko aukerarik ez dudan jendea ezagutzeko modua ematen du». Uste du horrelako egitasmoek «herria egiteko» balio dutela, eta, beste parte hartzaileek ziurtatu bezala, baita beste pertsona batzuekin sarea egiteko ere. Izan ere, nabarmendu du nahiz eta herri berean bizi, sarritan «oso eremu ezberdinetan» ibiltzen direla.

Halere, Kortazarrek ez du aukerarik izango aurtengo egitasmoan parte hartzeko; bai, ordea, bi aguraindarrek —herriko osasun egoerak hala baimenduz gero—, eta Mayte Vallejok. Baina, beste bien aldean, lehen aldia izango du.

Vallejo Errenteriakoa (Gipuzkoa) da, eta han bazkalduko du, lagun batzuekin batera izena eman ostean. Unibertsitateko hitzaldi batean izan zuen egitasmoaren berri, eta, aurrez ezagutzen ez bazuen ere, parte hartzea erabaki zuen. Erabaki horren helburuetako bat sareak zabaltzea da: «Beti elkartzen gara pertsona berberekin, kultura berekoak direnekin, eta, nahiz eta herri berberean bizi, ez dugu harremanik; interesgarria izan daiteke guztion arteko zirkulu bat ere izatea». Hala, herriko parke batean elkartuko dira, beste lagun batzuekin batera, harreman horiek estutzeko asmoz.

Lana dago egiteko

Parte hartzaileek ziurtatu dute bazkariak elkar ezagutzeko bideak izan daitezkeela, baina uste dute oraindik ere lana dagoela egiteko. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak 2021eko barometroaren ondorioak plazaratu zituen joan den astean, eta jakinarazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek «gero eta jarrera toleranteagoa eta inklusiboagoa» dutela atzerritik etorritako herritarrekin; baina elkarrizketatuek adierazi dute aztertu behar dela datu horien atzean benetan zer dagoen.

Garagalzaren ustez, badago pertsona horiekin «irekiagoa» den jendea, baina nabarmendu du datuak gehiago landu behar direla, errealitatea «bestelakoa» delako. «Adibidez, atzerritarra izanda, amesgaizto bat da alokairuan dagoen etxe bat lortzea; ez da gauza bera beltza bazara, hijab bat baldin badaukazu edo gaztelera ulertzen ez baduzu». Haren arabera, egunerokoan badago tolerantzia puntu bat, baina arrazakeria hor dago oraindik. «Ezin gara gelditu bakarrik hitzetan; toleranteak izango gara, eta hobetuko genuen, baina hor oraindik lan bat dago egiteko».

Reyesek eta Valladolidek ere uste dute oraindik lana dagoela egiteko, eta, horregatik, zurrumurruen aurkako sarean dabiltza lanean. «Hesiak beti egon dira, eta horiek gainditzeko lana ez ezik, mobilizazioa ere behar da; elkarbizitza izan behar da xedea», adierazi du Reyesek. Valladolidek erantsi du horiek gainditzeko erarik onena elkar ezagutzea dela: «Nik ere ez nekien ezer gai askoren inguruan, baina, egitasmo honi esker, jendea ezagutu dut, eta jakin dut nahi, kezka eta helburu berberak ditugula; hemen ez dago inor sobran».

Bazkariaz harago

Bazkaria egun bakar batean egiten da normalean, nahiz eta sarritan atzera-buelta egon; gonbidatu gisa parte hartu duenak anfitrioiaren rola hartzen du, alegia. Hala ere, badira egun horretan sortu, eta irauten duten harremanak ere. «Jatordu horien ostean, ezagututako pertsona horiek familia bihurtzen dira batzuetan», adierazi du Reyesek. Beraz, argi du gainontzeko aldietan ere, ahal dela, parte hartuko duela, eta horretarako deia egin die herritarrei ere. Are, esan du gogoko duela etxean gonbidatuak izatea. «Ateak irekita edukitzea gustatzen zait, eta dudan hori parte hartzaileekin banatzea bazkari batean. Normalean, bandera dominikarra egiten diet: baba gorriak, haragi gisatua eta arroz zuria entsaladarekin».

Valladolidek ere azaldu du egindako harreman horietako batzuk mantendu, eta planak ere egin ohi dituztela; kafe bat hartzeko, adibidez. Beraz, aurten ez du huts egingo; ez daki zer rolekin parte hartuko duen, baina adierazi du behar denerako prest dagoela.

Hala ere, igandeko bazkarietan ez ezik, egongo dira parte hartzaile guztiak batzeko aukera gehiago ere. Azaroaren 27an, Bizilagunak jaia egingo dute Gasteizko Artium museoan, eta, Garagalzak jakinarazi duenez, helburua aniztasuna kalera ateratzea da, ikusgaitasuna emateko asmoz. «Elkarbizitza egunerokoan dago, eta ekintza politiko bat ere bada; bertakook gure konfort gunetik atera behar dugu, eta pauso bat eman behar dugu beste jendearekin harremanak sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.