1911. urteko martxoaren 25a. New Yorkeko Triangle Shirtwaist ehun-lantegian sutea. Barrukoek ezin egin izan zuten ihes. Nagusiek, askok dioenez zalaparta hartan norbait lapurretara sartuko zen beldurrez, ateak itxi zituzten. Bertan erre ziren langileak, gehienak emakumeak. 123 emakumezko eta 23 gizonezko. Gehienak etorkinak. Italiarrak eta juduak.
2020. urteko otsailaren 6tik hona sua eta kea Eitzagako mendi mazelan. Hildako bi. Langileak. Gizonezkoak biak. Bat «zaharra», hurrengo urtean jubilatzearen esperantzan bizi zena. Kasu honetan ez zuen inork aterik itxi, jakina baita mendiari aterik jartzerik ez dagoela. Baina nagusien gehiago-nahia, negoziorako gaixotasuna eta «hik egin-nik jan» filosofia, duela mende beteko Atlantikoaz bestaldeko ugazaba haienaren berbera.
2020. urteko martxoaren 6a. Sua Azkoitian. Bi hildako. Gizonezko gazte bat eta emakume gazte bat. Lantegi zuten txurreroaren furgoneta barruan geratu dira atera ezinda. Egungo gazte askoren egoera. Bizi nahi badute kanpora atera beharra.
Sua gaur. Supazterra zaintzearen rol soilaz gogaiturik dauden emakumeen sua. Emakumezko nahiz gizonezkoentzat, zahar eta gazteentzat, etorkinentzat bezala bertakoentzat... guztientzat delako onuragarri bestelako gizarte bat osatzea.
HITZ ETZANAK
Sua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu