Nola sortu bizimodu berri bat

Lan mundura sartzeko orduan zailtasunak eta kezkak izan bazituzten ere, Ane Bergara eta Iñaki Otxandorena «gustura» daude orain, batak futbola eta besteak pilota utzi osteko bizimodu berrian.

------ / BERRIA.
Iñaki Berastegi.
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Erretiroa hartzeko pausoa ematea ez da erraza kirolari batentzat. Norberaren erabakia izan daiteke, baina, beste batzuetan, kirolariek horretara behartuta ikusten dute euren burua. Erretiroa hartzen dutenerako, bizitza erdia baino gehiago eman dute kirol edo jarduera bakar bati lotuta. Buru-belarri aritzen dira, euren onena emateko asmo bakarrarekin. Baina kirolari profesional izatea ezin da betiko luzatu: lehenago edo beranduago bukatzen da, eta kirolariek bizitza berri bat sortzen hasi behar dute.

Ane Bergara futbolari ohiak (Bera, Nafarroa, 1987) eta Iñaki Otxandorena pilotari ohiak (Oronoz-Mugairi, Nafarroa, 1977) hamabost urte eman zituzten goi mailako kirolean. Berako Labiaga ikastolako irakaslea da Bergara, eta Iruñean taxi gidaria Otxandorena. Biak ala biak «gustura» daide beren ogibidearekin eta bizimoduarekin.

Bergarak ikasketekin uztartu du beti futbola. Irakasle Ikasketetan eta Jarduera Fisikoareneta Kirolaren Zientzietangraduatua da, eta fisioterapia ikasketak ere abiatu zituen. «Beti oso kontziente izan naiz futbola gaurko ogia eta biharko gosea zela. Banekien futbola amaitutakoan nire bizitza berrantolatu beharko nuela. Horregatik, kirol ibilbide guztian prestatu nintzen momentu horretarako», azpimarratu du futbolari ohiak. 2019ra arte Athleticekin kontratua bazuen ere, 2018an, kontratua eten, eta bere ibilbidea amaitzea erabaki zuen. Aurrez, Lagunak-en, Realean, Espanyolen eta Bartzelonan aritu zen.

Prestakuntzari eta ikasketei dagokienez, Otxandorenak bestelako bidea hartu zuen: «Gaztetatik pilota bakarrik egiten nuen. Damutzen naiz ikasketekin jarraitu ez izanaz, baina ez nituen pilota profesionalagatik utzi, bestelako kontuengatik baizik». Pilotan jarraitzeko «gosea»bazuen ere, Asegarcek (gaur egungo Baiko) ez zion kontratua berritzea eskaini. Baztandarrak 35 urte zituen orduan. «Anbulantziak gidatzeko eta bestelako ikastaro batzuk egin nituen arren, zer egin nahi nuen ere ez neukan batere garbi». Halere, erretiroa hartzea ez zen «trauma» bat izan: «Pixkanaka ikusten nuen bukaera iristear zela».

Exijentzia eta higadura handiko ibilbideari amaiera emanda, bi kirolarien lehen asmoa atseden hartzea zen. Lehengusuarekin Irungo Mariño taldera jokatzera joan zen Bergara, eta, beste maila batzuetan bada ere, pilotan jokatzen jarraitu zuen Otxandorenak. Hasieran, ez batak ez besteak ez zuten presa handirik lana aurkitzeko. «Pilotan irabazitako diruarekin ezin zara luzaroan bizi, figura handi bat ez bazara behintzat. Jokatzen zaudenean, irabazten duzunarekin ondo bizi zara, baina hori ez da betiko. Taxiaren plaza erosi, eta autoan erabili nuen diru hori», azaldu du Otxandorenak. Futbola utzitakoan, Bergararen egoera ekonomikoa ez zen «etxafuegoak botatzeko modukoa». Gurasoen etxean bizi zen. «Momentua bizi nezakeen, baina banekien ezingo nuela denbora aunitzez horrela jarraitu». Horri lotuta, emakumezkoen futbolean indarrean sartzear den lan hitzarmena «nahitaez» bete behar dela uste du: «Bere alde txarrak ere badituen arren, aurrerapauso handia izango da. Gehiegi luzatzen ari da, eta klub batzuetako jokalarien baldintzak ez dira batere onak».

Mariñon jokatzen hasi eta berehala orpazurda apurtu zuen. Errehabilitazioan zegoela eman zioten bere ikastola izandakoan irakasle hasteko aukera: «Arriskatu egin genuen, haiek eta nik, baina ordutik ikastolan jarraitzen dut». Arriskatu, ikasketak egin bai baina irakaskuntzan sekula lan egin gabekoa zelako. «Zure etorkizuneko ogibidea izango den horretan ez duzu inolako esperientziarik. Futbolean hobea izateko prestatzen zaituzte, baina kirolaren osteko bizitza horretarako ez zaituzte laguntzen. Horretaz kontziente ez izatea arriskutsua da».

Urtebete etxeko zereginetan eman ondoren erabaki zuen taxia gidatzen hastea Otxandorenak: «Pilotariak asko ibili gara autoan, eta ohituta gaudeordu asko gidatzera». Erretiroa hartu aurretik, ideia hori buruan zuen, Arturo Arbizu pilotari ohi eta lagunari esker. «Pilotari izatea luxua izan zen. Halere, argi neukan ez nuela jarraitu nahi pilotaren munduarekin lotura zuen lanpostu batean. Pilota ikusten jarraitzen dut, baina ez dut bertan egoteko asmorik». Futbolarekin ate hori erabat itxi gabe dauka Bergarak: «Gipuzkoako Futbol Federazioan lehendakariordea naiz, eta Euskadi Irratian futbol partidetan aditu lanak egiten ere hasi naiz. Irakaskuntzan nire lekua aurkitu dut, baina bizitza luzea da. Batek daki non amaituko dudan».

Askatasun handiagoa

Zerbaitetan erabat ados badaude Otxandorena eta Bergara, euren egunerokoa antolatzeko duten askatasunean daude ados. «Lehen, asteburu guztiak beteta neuzkan, derrigorrez. Orain, federazioan nagoenez, partida asko ikusten ditut, baina nik hala erabaki dudalako. Zer egin nik aukeratzea da gakoa».

Iritzi berekoa da Otxandorena: «Taxiak bere gauza txarrak ditu, noski. Lehen baino ordu gehiago sartu behar ditut. Baina, aldi berean, gure ordutegia moldatzeko aukera daukagu. Askatasun horibadaukat. Ez da fabrika batean lan egitea bezala». Kirolak asko eman bazien ere, kendu ere gauza asko kendu zizkien eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.