Askotan pentsatu izan dut toldoren baten itzalpetik kantari ari garela eguzkitan dagoen publikoari begira: «Atrebentzia da gero, gurea!». Ikusi egiten dira oholtzatik pertsonak. Ezagutu asko. Eta zenbaitetan pentsatzen duzu barrua behar duela itzaletan dagoenaren argia baino eguzkitan dagoenaren itzala handiagoa dela jakin arren, hitzaren jabe, kantari segitzeko.
Bilbo inguruan gabiltzanean maiz gertatzen zait. Ikusten dut han goitik gizon txiki bat txapela baten pean, guk zer esango adi. Badakit zenbaterainoko itzala duen. Jakitun naiz zenbat lan egin duen eta zenbat arlotan. Ezagutu dut geraezin, lanean. Ezagutu dut kieto, pankarta baten atzean, lanean. Gogoan dut inoiz inork inori emandako kokotekorik handiena berak eman ziola Adolfo Suarez Espainiako Presidenteari hark euskara museoetarako bai, baina fisika nuklearra azaltzeko ez zela gai esan zuenean. «Izango ez da, ba, gai! Horretarako bi baldintza baino ez dira behar: euskaraz jakitea eta fisika nuklearraz jakitea». erantzun zion borobil.
Eta gero, itzalpetik eguzkitara jotzean, itzalduna etorriko zaizu, xume, labur, zorionak ematera. Beti. Joxerra Etxebarriari eman dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria. Guri dagokigu hurbildu eta, zinez, zorionak eta eskerrak ematea.
HITZ ETZANAK
Itzala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu