Nahikari Garcia. Realeko jokalaria

«Zintzo jokatu nuen; lasai nago egin nuenarekin eta hori egiteko moduarekin»

Ez zuen uda erraza izan Nahikari Garciak. Lesio bat izan zuen orkatilan, eta zurrunbiloa sortu zen haren etorkizunaren inguruan. «Asko» ikasi zuela dio, eta ez duela atzera begiratu nahi. Arreta osoa egunerokoan jarri nahi du, eta disfrutatzen jarraitu.

REALA.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Gol kopuruari begira, ez da denboraldi onena izaten ari Nahikari Garcia Realeko jokalariarentzat (Urnieta, Gipuzkoa, 1997). Baina beste gauza batzuk ematen ari zaizkio taldeari: golak sartzeko paseak, espazioak irekitzea... «Gustura nago egiten ari naizen lanarekin», nabarmendu du. Orain arteko denboraldiaz ondorengoa esan du: «Emaitzak ez dira erabat guk esperotakoak izan, baina hirugarren postua lortzeko borroka horretan gaude. Hori da inportanteena».

Betisi argi irabazi zenioten. Behar zenuten halako garaipen argi bat, ezta?

Hala da. Konfiantzarako ondo etortzen zaigu. Izan ere, lortu ditugun garaipen gehienak alde txikiz lortu ditugu. Lehen zatian sentsazio onak izan genituen, baina berdinketarekin joan ginen atsedenaldira. Bagenekien ondo ari ginela, eta horrela jarraitu behar genuela. 3-1 aurretik jarri eta gero, bi gol sartu genituen azken minutuetan, eta, horri esker, garaipen argi bat lortu genuen.

Pena da asteburuan ezin izan duzuela jokatu Sporting Huelvan izandako COVID-19 kasuengatik, ezta? Kosta egiten da erritmoa hartzea hainbeste etenekin?

Bai, ez psikologikoki, ezta fisikoki ere ez da erraza. Bolada on bat hartu, eta etenak izatea faena bat da. Baina gure esku ez dauden gauzak dira. Badakigu denboraldi hau horrela izango dela, eta prest egon behar dugu bertan behera geratu diren partida horiek pilatzen zaizkigunean sasoi betean egoteko. Badira, gainera, guk baino partida gehiago atzeratuak dituzten talde dezente. Eta, garrantzitsuena, orain arte ez dugu kasurik izan, zorionez. Espero dugu hala jarraitzea, nahiz eta jakin edozein momentutan pasatu ahal zaigula.

Zein balantze egiten duzu orain arte taldea egiten ari den lanaz?

Goian egoteko taldea daukagu, eta horrek izan behar du gure helburua. Liga arraro samar dago, eta ziurrenik lortu ditugun emaitzak ez dira izan guk nahi genituenak erabat. Baina konturatzen zara talde guztiei ari zaiela kostatzen puntuak lortzea, eta hirugarren postu hori lortzeko borroka horretan gaudela. Hori da balio duena.

Joko aldetik nola ari zara ikusten taldea?

Ondo ikusten ari naiz. Pixkanaka gero eta egokituago iritsi diren jokalari berrietara eta entrenatzailera, eta alderantziz. Prozesu horretan puntuak batuz joan gara, eta hori funtsezkoa da. Izan ere, horretan ikusten da aldea sailkapenaren goialdean egoteko.

Zer moduz Natalia Arroyorekin, bai pertsonalki bai talde moduan? Kanpotik hainbat aldaketa ikusten dira. Barrutik ere hori antzematen duzue?

Gustura. Joko posizionalagoa daukagu orain.Hortik harago, nik uste dut taldea oso ondo ari dela baliatzen dituen askotariko jokatzeko erak. Izan ere, hanketara jokatzeko jokalariak ditugu, baina baita espaziora jokatzeko ere, eta ikasten ari gara aniztasun horri etekina ateratzen.

Zuri oso gauza desberdinak eskatzen dizkizu, Gonzalo Arkonadarekin alderatuz?

Argi dago gol kopuru aldetik ez dela nire denboraldi onena izaten ari. Sekula ez naiz egon hain gol gutxirekin denboraldiaren garai honetan. Alde horretatik, nire ardura dut, eta hori aldatzeko lanean ari naiz. Ziurrenik, nire rola desberdina da jokatzeko era honekin. Baina jokalariak moldatzeko gaude, eta horretan ari naiz. Nire rol horretatik taldeari behar duena ematen ahalegintzen ari naiz, laguntzeko bainago. Lana ez da inoiz faltako. Horretan dutarreta osoa. Gustura nago egiten ari naizen lanarekin, eta bide horretatik jarraitu behar dut. Uste dut, gainera, golak iritsiko direla.Saiatzen naiz pazientzia izaten, eta hori etengabe buruan ez izaten.

Beste gauza batzuk ematen ari zarela aipatu duzu. Aurreko denboraldietan baino goleko pase gehiago eman dituzu, espazioak irekitzen ari zara... Jendeak ematen al dio balioa horri?

Argi dago oihartzunik handiena golek dutela, are gehiago nire bereizgarri nagusia izan dela kontuan hartuta. Ez dakit jendeak jebestelako arlo horiei balioa ematen dion edo ez, baina talde barruan ematen zaiola sentitzen dut, eta nigan konfiantza osoa dutela. Oso babestuta sentitzen naiz.

Beste jokalari batzuk ate aurrean asmatzen ari direla ikusteak lasaitasuna emango dizu, ezta?

Bai, noski; lasaitasuna eta, batez ere, poza. Zure taldekideak aurrerapausoak ematen ikustea ederra da, eta jokalari guztiok gure ekarpena egin dezakegula sentitzea. Hori da talde honek duen ezaugarri handienetakoa. Gainera, goletatik harago, badira taldearentzat funtsezkoak diren bestelako ekarpen batzuk egiten dituzten jokalariak, eta horri ere balio handia ematen diogu multzoan.

Orkatila zer moduz?

Oso ondo dago. Argi dago urteak daramatzadala jokatzen, eta horren eragina hor dago. Baina azken hilabeteetan izugarrizko lana egin dugu osatze prozesuan, eta orain oso ondo sentitzen naiz. Harro nago egindako lanaz, eta espero dut hala jarraitzea.

Uda ez zen erraza izan zuretzat: batetik, orkatilako lesiotik osotzeko prozesua izan zenuen, eta, bestetik, zure etorkizunaren inguruan sortu zen zurrunbiloa [klubari taldea utzi nahi zuela azaldu zion].Zuretzat zer izan zen garai hartan gogorragoa, arlo fisikoa edo psikologikoa?

Esango nuke psikologikoki izan zela gogorragoa. Prozesua ez zen erraza izan, baina oso lasai nago egin nuenarekin eta egiteko moduarekin. Egoera bideratzea lortu genuen, eta aurrera begiratzea baino ez da geratzen. Gustura nago hemen.

Zaleek zure jarrera ulertu zutela uste duzu?

Garai hartan saiatu nintzen gertatzen ari zenetik apur bat aldentzen, kanpo egoten. Lasai egon behar nuen egoerari buelta emateko. Baina zaleen aldetik beti sentitu naiz oso babestuta eta errespetatua. Beti eskertuko dut haien berotasuna. Alde horretatik, ez du kexarik.

Zu zaleen lekuan jarrita, ulertuko zenuke haserre, triste edo nekatuta egotea, edo zure jarrera ez ulertzea?

Ni hasieratik nire egiarekin joan naiz, eta zintzoa izaten ahalegindu naiz, eta horregatik diot oso lasai nagoela.Hasieratik azaldu nion klubari zer nahi eta behar nuen. Denetariko iritziak izango dira, eta ni ezin naiz horretan sartu errespetatua sentitzen naizen aldetik.

Klubarekin harremanak nola izan ziren hilabete haietan? Eta orain?

Geunden egoeran kontuan hartuta, harremanak errespetuzkoak izan ziren. Bakoitzak bere interesak zituen, eta haien alde egin zuen. Baina harremana ezin da sekula txarra izan. 16 urte nituenetik nago hemen, eta asko eman diogu elkarri. Klubaren eta nire artean ez da sekula arazorik izango horregatik.

Duela egun batzuk aipatu zenuen, izan duzuela lehen elkarrizketa kontratuaren berritzearen inguruan. Nola dago egoera?

Horrekin beti morboa bilatzen da. Bai, noski, hitz egin dugu hilabete hauetan klubarekin, baita orain ere. Baina kontratua amaitzear duen beste edozein jokalarik bezala. Kluba guztiokin jartzen da harremanetan. Ikusiko da zer gertatzen den hurrengo hilabeteetan. Baina lasai nago.

Ez diozu atea ixten hemen jarraitzeari?

Inoiz ez. Hau nire etxea da, urte asko daramatzat hemen. Beti entzungo dut klubak zer duen niri eskaintzeko, eta argituko diot nik zer nahi dudan. Hortik aurrera, ikusiko da elkarrekin jarraitu dezakegun edo ez. Garrantzitsuena bien aldetik zintzo jokatzea da.

Klubak ere hala egin zuela uste duzu?

Hor ere denetariko iritziak egon daitezke. Klubak bere ikuspegia izango du, eta nik, nirea. Kontua da ni hemen nagoela orain, eta bi aldeek badugula zer ikasia gertatu zenaren inguruan. Ez zaio buelta gehiago eman behar. Pasatutakoaren ostean gure elkarrizketak izan genituen; elkarri zor genion hainbeste, urte asko izan dira eta.

Beti aipatu duzu haztea duzula helburu. Zein zentzutan?

Guztietan. Nagoen lekuan pertsona eta futbolari moduan egunero hazten eta aurrerapausoak ematen ari naizela sentitu nahi dut, osoagoa naizela arlo guztietan, eta ikasten ari naizela. Bizitza hori da, eta hori baino ez dut bilatzen.

Zer gertatu beharko luke zuk hemen segitzeko? Hazteko nahi duzun hori lortzeko zutarriak edo oinarriak ditu Realaren proiektuak? Aurreko aldian Espainiako Kopa irabaztea izan zen horretarako mugarria.

Irabaztea ez da dena. Abiapuntua eta helmuga dira, baina bide horretan egiten dena da garrantzitsuena, osotasun hori. Bide horrek asko betetzen gaitu egunerokoan. Badakigu oraindik pauso asko geratzen direla goiko postuetan mantentzeko, eta borroka horretan egoteko. Garrantzitsua da gero eta gertuago egotea, aurrerapausoak ematea. Utzi behar diogu proiektu bat izateari, eta errealitate bat izan. Horibehar dugu, eta horretarako egin behar dugu lan.

Txapeldunen Ligarako sailkatzea posible da?

Hori txapelketak markatuko digu. Gutxik esperoko zuten denboraldiaren garai honetan Madril eta Granada bezalako bi talde hain goian ikustea, eta Betis hain behean. Eguneroko lanean jarri behar dugu arreta, eta erakutsi asteburuero borroka horretan egon nahi eta merezi dugula.

Mediku zaren aldetik, nola bizi izan duzu pandemiarekin gertatukoa?

Hor ez dago desberdintasunik, larrituta eta kezkatua bizi izandakoarekin. Osasun profesionalen lanari izugarrizko balioa eman behar zaio, egoera honetan beren onena ematen ari baitira. Ez da egoera erraza inorentzat, luze doa, eta psikologikoki ere gogorra egiten ari da. Espero dugu egoera bideratuz joatea. Garrantzitsuena elkar zaintzea da, eta neurriak betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.