«Horrela ezinezkoa da»

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, kirola eta ogibidea ezin uztartzera kondenatuta daude kirolari ez-profesionalak. Kirol federazioei dei argia egin diete: segurtasuna bermatzea interes ekonomikoen gainetik.

Arantxa Ceresuela Nafarroako Saskibaloi taldeko jokalaria defentsa lanak egiten, aurreko denboraldiko neurketa batean. CESAR JAURRIETA.
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ezjakintasuna, arriskua, beldurra, zalantza... horiexek dira hain maitatua duten kirola eta ogibidea ezin uztartzera kondenatuta dauden kirolari ez-profesionalen sentipenak, COVID-19ak eragindako segurtasun eta baliabide faltaren eraginez. Denboraldia hari mehe batetik zintzilik dela, egoera gordina bizitzen ari dira, besteak beste, Nafarroako Saskibaloi, Amenabar Zarautz eskubaloi eta Leioako Waterpolo taldeetako jokalariak.

NAFARROAKO SASKIBALOI
Erabakia norbere esku


Irail hasieran ekin zion aurre-denboraldiari Nafarroako Saskibaloi taldeak; Arantxa Ceresuela (Iruñea, 1988) taldeko jokalariaren esanetan, benetan «arraroa» eta «ezberdina» den aurre-denboraldia. «Hala moduz ari gara entrenatzen; irail amaiera arte banaka aritu ginen». Beste urteetan ez bezala, aurtengo plangintza goitik behera aldatu zaie entrenatzaileei. Hain zuzen, aurreko astean hasi ziren talde handiagotan ariketak egiten. Ceresuelak ez du ezkutatu horren falta sumatzen zuela. «Hiru jokalari hiruren aurka jokatzea gauza handia izan da guretzat; behar handia genuen».

Euskal Ligako Lehen Mailan aritzen dira nafarrak, baina begi bat kirolean jarria duten bitartean, bestearekin ez diote izurriari begiradarik kentzen. Jokalari ez-profesionalak izanda, kutsatzeko beldurra dute: «Saskibaloitik kanpo gure eguneroko jarduna dugu, hala lanbidea nola ikasketak». Egoera «arrotz» horretara egokitu behar dutela jakinda ere, Ceresuelak aitortu du «izututa» daudela. Besteak beste, taldeko bi jokalarik denboraldi honetan ez hastea erabaki dute. «Klubetik babes neurriak ezarri dituzte, baina ez dugu baliabide ekonomiko nahikorik gure artean segurtasuna berma dadin». Gutxieneko neurriak dira horiek: aldagelak ez erabiltzea, etxetik arropaz aldatuta joatea, edota entrenamenduaren ondoren baloiak desinfektatzea. Oraingoz, taldeak ez du itxialdirik egin, jokalari batek PCR proba positibo eman zuen arren. «Ez ginen denbora luzez harekin kontaktuan egon», zehaztu du. Badaezpada, ordea, bi egunez ez ziren entrenatzera joan.

Saskibaloiko Federazioak denboraldiko egutegia zehaztuta dauka. Lehen jardunaldia urriaren 17an jokatuko den arren, ez du argi izpirik ikusten Ceresuelak. «Ez ninduke harrituko partida bertan behera geratuko balitz. Neurketa jokatzeko segurtasunik ez da bermatzen». Uste du ardura eta erantzukizun osoa kluben gain ari dela uzten federazioa. «Partida bakoitzaren ondoren, taldeko jokalariok PCR testak egingo bagenitu, babestuago sentituko ginateke». Hain justu, goi mailako taldea ez izatearen beste ondorioetako bat da.

Horiek horrela, Ceresuelak ez du uste garai egokia denik denboraldia martxan jartzeko. «Talde profesionaletan positibo kasuak badira, pentsa gure liga apalean zer gerta litekeen; taldekideak zein aurkariak kutsa ditzakegu».

ZARAUZKO ESKUBALOIA
Ahotsa altxatu dute


Ataka estuan jarri du COVID-19ak Amenabar Zarautz eskubaloi taldea ere. Nahiz eta Espainiako Zilarrezko Mailan aritu, ez dute dirurik jasotzen, eta talde ez-profesionalek duten egoera gordinaren ispilu izaten ari da Gipuzkoako taldea. Denboraldi-aurrea, behinik behin, begi kolpe batez aldatu zitzaien.

«Entrenatzen hasi gineneko lehen astean, gure mailan aritzen den Ciudad Realeko jokalari batek koronabirusaren proban positibo eman zuela jakin genuen, eta handik gutxira zabaldu zenbeste talde batean kasu bat egon zela. Urruti ikusten genuen, eta gure lanean jarraitzen genuen», adierazi du Xabat Olaizola (Zarautz, Gipuzkoa, 1997) Amenabar Zarautz taldeko jokalariak, harik eta taldeko kide batek koronabirusaren proban positibo eman zuen arte. Talde osoak itxialdia egin zuen, baina hor ez zen gurutze bidea amaitu; Torrelavegaren eta Oviedoren aurkako lagunarteko neurketak jokatu ondotik, Olaizola sintomak zituela jabetu, eta badaezpada hurrengo egunetan ez zen etxetik atera. «PCR analisia egin, eta positibo eman nuen»; horrek talde osoa bigarrenez konfinatzera eragin zuen. Denera, sei kasu izan ziren.

Horren ondorioz, ligako lehen jardunaldia ezin izan zuten Zamoraren aurka jokatu. Hori ez da okerrena; «Lehen itzulia amaitu aurretik, aste barruan Zamorara [Espainia] joan beharko dugu, horrek dakarren guztiarekin: lanean ari direnek jaieguna eskatu beharko lukete».

Hori ikusita, zarauztarrek datorrenari begira kezkaz eta beldurrez egiten die so. «Eskubaloitik kanpo lana dutenak ezin dira arriskatu diru sarrerarik ematen ez duen kirolean aritzera». Lana dutenek badakite eskubaloian jokatzeari baiezkoa ematen badiote kutsatzeko arriskua izango luketela. «Guk eskubaloia sentitu egiten dugu, eta gure taldean ez dagoeuro bakar bat ere irabazten duen jokalaririk; herritik sortutako talde bat da, besterik gabe».

Segurtasun neurririk bermatzen ez dela eta egoera jasangaitza dela salatzeko, Amenabar Zarautz taldeko jokalariek ohar bat kaleratu zuten, Espainiako Eskubaloi Federazioak egoera honen aurrean duen «utzikeria» azaleratuz. Olaizolak azaldu duenez, federazioak ez ditu klubak behartzen segurtasun neurriak hartzera. «Guk protokolo komun bat ezartzeko eskatzen diogu federazioari, talde guztiek neurriak zorrotz bete eta jokalariek PCR analisiak egin ditzaten».

Federazioa, baina, kluben eskaerari entzungor egiten ari dela uste du Olaizolak. «Agintariek denboraldia nahitaez jokatzea nahi dute, neurketetatik jasotzen baitituzte diru sarrerak». Egoerak bere horretan jarraitzen badu, «inolako zentzurik ez du izango denboraldia aurrera eramatea. Hori da gure kezka nagusia».

Jokalariek egin zuten salaketak atxikimendu zabala jaso du, besteak beste, Aiala Zarautz ZKE taldearena. Oraingoz, zarauztarrak izan dira modu bateratuan ahotsa altxatu duten bakarrak. Olaizolaren ustez, egoera horretan federazioaren aurka jartzea talde askori ez zaie komeni. «Lehiatzeari uko egiten badiote, arlo askotan galtzen aterako lirateke, batez ere alderdi ekonomikoan. Zilarrezko Mailako taldeetako jokalariek soldata bat dute, eta iruditzen zait haiek, gure aldean, bestelako interesak izango dituztela».

LEIOA WATERPOLO TALDEA
Estreinaldi berezia


Sasoi benetan berezia izango du hau Leioako Waterpolo taldeak arrazoi bikoitzagatik; batetik, Espainiako gorengo mailan arituko direlako estreinakoz; eta, bestetik, nola ez, pandemiak baldintzatutako lehiaketa izango delako. «Ziurgabetasun handia ari gara bizitzen; ez dakigu ea denboraldia hasiko den ere. Gure entrenatzailea [Jon Lopez] argi mintzo zaigu: egunez egun joan behar dugu», azaldu du Marta Jaime (Leioa, Bizkaia, 2000) taldeko jokalariak.

Abuztuan hasi ziren lehen entrenamenduak egiten. «Taldekideen artean ez ginen ukitzen; soilik igeri egiten genuen, ez baikenekien zer zegoen baimenduta eta zer ez», adierazi du Jaimek. Taldeek neurriak hartzeko eta entrenatzeko informazio falta izan dutela salatu dute: «Gorengo mailan egonda, gainera. Partiden ondoren PCR probak ez egiteak arrisku handia sor lezake, eta, alde horretatik, beldurra sentitzen dugu», nabarmendu du Jaimek.

Txapelketaren gidalerroak zehazteke dauden bitartean, izurriaren aurrean Eusko Jaurlaritzak ezarritako babes neurriak waterpolora egokitu ditu klubeko zuzendaritzak. Besteak beste, jokalari bakoitzak bere materiala eraman behar du etxetik, eta gimnasioan tokatzen zaien egunetan, berriz, talde txikietan aritzen dira. Jaimeren esanetan, jokalariak, zuzendaritzako kideak eta laguntzaileak esfortzu handia egiten ari dira ahal den moduan lanean jarraitzeko. «Prestatzaileek, esaterako, lan bikoitza dute orain: entrenatzaile lana egiteaz gain, gu zaintzen gaituzte». Ligako talde indartsuenekin egin du alderaketarik Jaimek. «Taldeez-profesionala izateak diru sarrera txikiagoak jasotzera dakar, eta goi mailako taldeek dituzten baliabideak ez ditugu. Ezbairik gabe, guk ez ditugu Bartzelonako taldeek dituzten instalazioak», nabarmendu du.

Beste kirol diziplinetan gertatzen ari den moduan, Espainiako Waterpolo Federazioak ere ez du gauza handirik egin. «Segurtasun neurriei dagokienez, zama guztia klubek hartu dute», esan du Jaimek. Bestalde, denboraldiari begira ezkor azaldu da: «Nire ustez, ezin da jokatu, kutsatze arriskua %100ean saihestuko duen segurtasun neurririk ez baitaude ezarrita».

Bizkaitarrek hilaren 17an izango dute aurreneko neurketa Sabadellen aurka. Jaimek azaldu duenez, oraindik ez dute burua partida egunean jarri. «Eguna urruti dugu, eta oraindik ez dakigu zer pasatuko den partida eguna iritsi arte». Harago joan da. «Agian, itxialdian egon gaitezke. Zalantzaz josita gaude, eta edozer gerta liteke». Egoera horretan, zaila da entrenamenduetan arreta jartzea, baina horretan ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.