Emozioak azaltzeko orduan, garai batekoen zurruntasuna gehiegizkoa zen segur aski.
Bertsolari edadetu bati omenaldia egin zioten bere jaioterrian. Bazkalostean aritu behar genuen mahaitik bertsotan. Omenduaren alde banatan jarri gintuzten bi bertsolari. Bera ez zen aritu egun hartan. Guk saio luze samarra egin genuen. Ari ginela, halako batean, jabetu nintzen bertso ona botatzen nuenean, mahaipean, inork ez ikusteko moduan, bi-hiru kolpe txiki jotzen zizkidala esku hezurtsuaz izterrean. Ez edozein bertsorekin. Ona botaz gero bakarrik. Harritu egin nintzen. Gerriz gora, jendaurrean, txalo bat, irribarre bat, onespen keinu bat nekez oparitzen zuen gizon hark, bazekien mantelak eskaintzen zuen intimidadea baliatzen bere emozioak partekatzeko. Ohorea ez ezik, dibertimentua ere izan zen niretzat bazkaloste hartakoa. «Orain ez zidak kolpetxorik emango» pentsatzen nuen erdipurdiko bertso bat botatzen ari nintzela. Hurrena, berriz, «oraingoan ez dik jo beste erremediorik izango, hau ona duk eta!».
Bazkalondo hartakoa etortzen zait gogora orain, edonon eta edonoiz —telebista kameren aurrean batik bat—, jendea txilioka, txaloka edo negarrez sumatzen dudanean. Mahaipea ez zen lekurik egokiena emozioak azaltzeko; ez dakit mundo zabala baden...
HITZ ETZANAK
Mantelpetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu