Arretaz irakurtzen ditut Jose Mari Pastorren Darwin eta gu saileko testuak. Emmanuel Macron presidenteari 15 urteko mutil batek«Manu» deitu izanak sorturiko ondorioak eta gogoetak azaltzen zituen atzoko artikuluan. Bereek ekarriak dira ondorengo nire hauek.
Maisu-maistrek behin baino gehiagotan egin izan didaten galdera da: «Hamasei-hamazazpi urteko ikasleei utzi egin behar al diegu guri hika egiten?». Guztientzat eta beti balia daitekeen erantzunik ez dudala esaten diet. Neurtzeko aldi bakoitza. Nik, irakasle banintz, onartuko nukeela ikasle baten «Hi, Andoni, hirekin hitz egin nahi diat etxean arazo bat zeukagu eta». Eta ez nukeela onartuko «Hi, Andoni, tximetaraino gaudek hire txaparekin eta noiz irten behar diagu jolas-ordura?». Lehen esaldian hika erabiltzeak ikaslearen hurbiltasun premia adierazten du. Bigarrenean, gainetik jarri nahia.
Badakit aldi bakoitza neurtu behar horrek lana dakarrela. Legerik ezaren askatasuna izan daiteke pisua. Baina hizkuntza kontu askotan ez da ongi-gaizkirik. Egokiak ala desegokiak izan daitezke hitz, esamolde eta imintzioak... betiere zerbait lortzeko. Horretarako da hizkuntza. Eta etxean arazoa zeukan ikasle hark lortu du irakaslearen belarrietara goxo sartzea. Tximetaraino zegoenak, ez.
HITZ ETZANAK
Hi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu