Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurrazalaren %54 basoa da: guztira, 490.017 hektarea. Horietatik %30ean intsinis pinua dago landatuta. Hazi fundazioak 2018ko EAEko Basoen Inbentarioan jasotako datuak dira. Espezie horren ustiapenak basogintza sektorearen %85-90 ordezkatzen du. Garrantzi nabarmena du. Horregatik, pinuaren %90 baso pribatuetan dago landatuta. Baina, aurreko inbentarioekin alderatuz, beherakada nabarmena izan du. 2005etik %14 jaitsi dira espezie horren hektareak: 137.500 ziren orduan; 117.600 dira orain. Kontrako muturrean dago eukaliptoa: %44 ugaritu da epe berean. 2005eko inbentarioan, 13.000 hektarea betetzen zituen; 2018an, 18.750 hektarea.
Inbentarioaren arabera, intsinis pinuak galdutako hektareetan batez ere eukaliptoa landatu da. Bereziki, Bizkaian dago Zeelanda Berritik ekarritako espezie hori. 2011ko inbentarioan 14.600 hektarea neurtu zituzten herrialde historiko horretan, eta 17.300 2018an. Dena den, hektarea gutxiago diren arren, proportzioan nabarmenagoa da Arabako igoera: %73. 226 eukalipto hektarea izan ziren 2011n, eta 867 iaz.
Hedadurari dagokionez, pagoa da bigarren espeziea. 54.700 hektarea daude hiru herrialdeetan. Hostozabalen artean garrantzitsuena da: artadi eta hariztiek batera baino eremu zabalagoa betetzen du. Basoen %14an dago landatuta. Araban du indarra: pagadien %60 han daude; %32 Gipuzkoan; %8 Bizkaian. Herenak baso publikoak dira.
Fumigazioaren alde
Basogintza sektoreko ordezkariak Bizkaiko Batzar Nagusietara joan ziren atzo, intsinis pinuak duen xingola marroiaren izurriteaz berba egitera. Airetik fumigatzearen alde agertu ziren. Nahiz eta Bizkai eta Gipuzkoan espezie nagusia izan, ukatu egin zuten monolaborantza dagoela.
Intsinis pinuak galdutako eremua eukaliptoak bete du azken hamarkadan
Hazi fundazioaren inbentarioaren arabera, pinuak hektareen %14 galdu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eukaliptoa %44 ugaritu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu