Bizum bidez saltoki fisikoetan ere ordaindu ahal izango da aurrerantzean. Kutxabankek sakelakoarekin ordaintzeko sistema aurkeztu du, eskuko telefonoaren aurrez aurreko zein urrutiko kobrantzak egiteko. Bereziki TPV sistemarik (datafonoa) ez duten negozioak eta profesional autonomoak hartu dituzte kontuan. Beste negozio batzuetan Bizum bidezko urrutiko ordainketak egin daitezke jada.
Bizum berez ez dago eskuragarri saltoki eta profesional autonomoentzat. Ordea, Kutxabankek aurrerapausoa eman du Bizum Negozioak aplikazioarekin, zeinak eskudirurik gabeko erosketek izan duten hazkundeari erantzuten baitio, eta aurrez aurreko erosketetarako ere erabil daiteke.
Finantza erakundearen aplikazio berriak telefono bidezko eragiketa kopuru mugagabea eskaintzen die negozioei, erosketa bakoitzeko 10.000 euro gehienez. Autonomoek beren bulegoan kontratatu ahal izango dute.
Urrutiko ordainketei dagokienez, Bizum zerbitzukoek iazko azaroan gehitu zuten Interneteko erosketak egiteko aukera, eta erabiltzaileen erdiek eskatu dute kodea urrutitik erosi ahal izateko.
Bizum ordainketak onartzen dituzten enpresak berrehun ziren urte hasieran, eta 4.000 orain. Espainian guztira hamabost milioi euro gastatu dira sareko erosketetan. BBVAren arabera, Bizum bidez kobratzen duten bezeroak seikoiztu egin zaizkie martxotik.
Sakelako telefono bidez kontutik kontura dirua bidaltzeko eta jasotzeko ordainketa sistema da Bizum. Partikularren artean egin daitezke ordainketak, baita Interneteko erosketak eta donazioak ere; zuzenean eta inongo kosturik gabe egiten dira.
Espainiako banku sistemako erakunde ia guztiek sortutako plataforma bat da, eta bankuko kontuak sakelako zenbakira lotzen ditu. Beraz, nahikoa da sakelakoa eskura izatea ordainketak egiteko. 2016an sortu zutenetik, hamar milioi erabiltzailetik gora lortu ditu aplikazioak. Urte amaierarako bi milioi erabiltzaile gehiago izatea aurreikusi dute. Denera 176 milioi transakziotik gora egin dituzte dagoeneko; zehazki, 8.000 milioi euro mugitu dira.
Saltzeko modu berri bat
Izan dira, baina, itxialdian zerbitzu hori erabili duten enpresa txiki batzuk. Ogibidearekin jarraitzeko konponbideak aurkitu behar izan zituzten, eta banaketen kobrantzak egiteko orduan baliagarri izan zitzaien Bizum zerbitzua. Orain, harekin jarraitzeko asmoa dute.
Inma Iriondok Adarrazpi gaztandegian egiten du lan, Urnietako Goiburu auzoan (Gipuzkoa). Konfinamenduan, Donostiako San Martin merkatuan egoteaz gain, etxez etxeko banaketak ere egin behar izan zituen. «Hainbat herri eta auzotako bezeroak izanda, geuk joan behar izaten genuen etxeetara, ezin izatenzuten-eta San Martin merkatura etorri», adierazi du Iriondok. «Dendan TPV sistema dugu, baina, egun batean 20-30 eskaera banatu behar badituzu, ezin zara ibili txartelekin gora eta behera. Denbora gehiegi kentzen dizu, eta ezin zara hainbeste egon esperoan».
Egoera hartan, sistema hura «perfektua» eta «erosoa» izan dela azpimarratu du, eta askoz ere errentagarriagoa: «Gomendatu zuten eskuko dirua ez erabiltzeko, baina, txartel bidezko ordainketekin, komisioak berberak ziren. Bizum bidez ordainduz, transakzioa unean unekoa izateaz gain, ez da komisiorik kobratzen».
Larre Gain sagardotegian ere (Ereñotzu, Hernani, Gipuzkoa) Bizum aplikazioa erabiltzen dute itxialditik, Arnaitz Lasartek esan duenez. Sagardo botilak banatzera doazenean bakarrik erabiltzen dute ordaintzeko sistema. «Lehenagotik ez zitzaigun otu ere egin Bizum erabiltzea, ez baikinen ibiltzen hainbeste etxez etxe. Itxialdian ohartu ginen erabilgarria izan litekeela», azaldu du Lasartek.
Bezeroarekin kontakturik ez izateko «errazena eta praktikoena» izan da sagardotegikoarentzat. Adierazi du zera dela garrantzitsuena, ordaintzeko ahalik eta aukera gehien eskaintzea: «Ez da asko txartel bidez ordaintzeko TPV sistema ere jarri genuela. Aukera bat baino gehiago eskaintzea da kontua, ez da-eta ezer kostatzen».
Ordainketa digitalek indarra hartu dute
Saltokietan Bizum bidez aurrez aurre ordaintzeko sistema aurkeztu du Kutxabankek. Gero eta enpresa gehiago ari dira zerbitzuaren aldeko apustua egiten, eta itxialdian mesedegarria izan zaie etxez etxe banatzen ibili direnei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu