Birusak baldintzatu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari berria hautatzeko inbestidura saioa. 09:30ean zen hastekoa goizeko saioa, eta hala izan da. Hala ere, jarduneko sailburuak, legebiltzarkideak eta gonbidatuak lehenago hasi dira iristen Eusko Legebiltzarrera. Eraikinaren kanpoaldean ere aldarriak ez dira falta izan. Zaldibar Argitu plataformako kideak bertan bilduta egon dira, eta politikariak barrura sartu ahala beren aldarriak izan dituzte gogoan: «Urkullu, entzun, Zaldibar argitu». Minutu gutxira, ordea, irudia aldatu egin da. Espainiaren aldeko oihuek eta ikurrek protagonismoa hartu dute, baina ez denbora askorako. Izan ere, iritsitako bidetik joan behar izan dira Voxekoak. Bidali egin dituzte, aldi berean bi mobilizazio egin ezin daitezkeela argudiatuta.
Legebiltzarkideak eserlekuetan daudela, inbestidura saioa puntu-puntuan hasi da. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak hartu du hitza, eta lehen hautagaiari pasatu dio lekukoa. Horietako bakoitzak 90 minutu ditu hitz egiteko.
Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiarena izan da lehen hitzartzea, eta «ekintzarako garaia» dela adierazi du. Hitzaldia euskaraz hasi du, eta gaztelera ere tartekatu du; saltoka aritu da hizkuntza batetik bestera. Jendaurrean hitz egiteko gaitasuna nabaria da, zuzen hitz egiten du, eta hutsik egin gabe. Bitartean, legebiltzarkideetako batzuk adi ditu begira, baina ez guztiak. Batzuk, eskuetan koadernoa hartuta, apunteak jasotzen dabiltza, lehen inpresioaren arabera, bederen. Beste batzuk, ordea, mugikorrari begira daude, pantaila horretan zerbait interesgarriagoa egongo delakoan, agian.
Gainera, COVID-19aren birusaren ondorioz, segurtasun neurriak hartu behar izan dituzte, eta manparek bereizten dituzte eserlekuak. Maskarak ere jantziak dituzte guztiek. Bada bertaratu ezin izan den legebiltzarkiderik ere: Irune Berasaluze EAJko kidea bakartuta dago, haren. inguruko batek positibo eman duelako PCR proban. Beste legebiltzarkideei dagokienez, gehienak aurreko legegintzaldian egondakoak dira, baina bada berririk ere; Arkaitz Rodriguez EH Bilduko kidea, adibidez.
Palkoan dauden gonbidatuak ere adi ari dira Iriarteren hitzak entzuten; Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu EH Bilduren diputatua Espainiako Kongresuan, besteak beste. Hautagaiak trantsizioa izan du une oro hizpide, baita azken hilabeteotan bolo-bolo egon diren zenbait gertaera ere: Zaldibarko zabortegia izan du hizketagai. Batzuetan, emozioetatik ere jo du, hala nola Joan Mari Torrealdai eta haren esaldirik gogokoenetako bat gogora ekarriz: «Ezina, ekinez egina». Guztira, hamazazpi minutu eta hogei segundo izan ditu sobera.
Iñigo Urkullu EAJko hautagaiaren -egun, lehendakaria— txanda izan da ondoren. Tejeriak haren izena esan, eta lehen lerroan kokatuta dagoen eserlekutik jaiki da. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramailea du alboan. Hitzaldia emateko mahaira gerturatu, maskara albo batean utzi, soinean duen jakaren botoia ongi lotu, eta lehen hitzak esan ditu. Badirudi Iriartek eta Urkulluk gai komun batzuk adostu dituztela. Izan ere, EAJko hautagaiak, izurritea ez ezik, Zaldibarko egoera ere oinarri izan du, «elkartasuna eta konpromisoa» adierazita familiei. Tonu lasaian ari da hitz egiten, gorabehera handirik gabe. Zehatz adierazi nahi izan ditu zeintzuk izango diren legealdi berrian esku artean izango dituzten helburuak, datuak eskainita eta puntuz puntu adierazita. Hainbeste punturekin, ordea, haria galtzea erraz samarra da.
Urkulluk ere baditu jarraitzaile batzuk palkoan. Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakaria, esate baterako, bertan dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere inguruan ditu, eta baita lurralde horietako hiriburuetako alkateak ere. Denak ala denak, alderdikideak eta gizonezkoak. Nafarroara ere iritsi da gonbidapena, eta Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentea gonbidatu dute. Geroa Bai koalizioko kidea da. Are, Pilar Garrido eta Roberto Uriarte Elkarrekin Podemoseko kideak ere legebiltzarrean daude. Baita Iñaki Oiarzabal PPkoa ere. Urkullu EAJko hautagaiak elkarren arteko lankidetza aipatuz eman dio amaiera hitzaldiari. Guztira, 25 minutu eta 40 segundo izan ditu sobera.
Arratsaldean, lortutako eserlekuen arabera hartu dute hitza alderdiek; gutxiengotik gehiengora. Ondoren, hautagaiek erantzun diete, eta giroa pixka bat aztoratu da. Gasteizko termometroek zortzi gradu markatzen zituzten goizean, baina egunak aurrera egin ahala igo egin dira. Legebiltzarrean ere gauza bera gertatu da: giroa berotu egin da alderdiek hitza hartzean. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen eta Iriarteren artean, adibidez, ika-mika egon da. Azkenik, taldeek hitz egin dute berriz ere, eta lehendakaria hautatzeko bozketa egin da amaieran. Ezustekorik gabe, Urkullu aukeratu dute, eta bihar egingo du karguaren zina.
Datozen hilabeteetan, birusak inguruak nahasten jarraituko du, baina ikusi egin beharko da zerk baldintzatzen duen legegintzaldi berria.
Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioa. Kronika
Birusak baldintzatutako saioa
Segurtasun neurriak oinarri hartuta egin dute inbestidura saioa: maskarak, manparak, gelak eta azken orduko hutsuneak. Goizeko giro lasaia arratsaldean nahastu da apur bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu