G7koen goi bilera Miarritzen. Mobilizazioak

Alternatibak eraikitzeko deia

15.000 lagun bildu dira G7koen aurkako manifestaziora. Hendaiako portutik Irungo Ficobara joan dira, eta nabarmendu dute «sistema kapitalistari erresistentzia» egitea «posible dela» erakutsi dutela

G7koen kontrako plataformako kideak, atzo eguerdian, Hendaia eta Irun artean egin zuten manifestazio jendetsuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Hendaia
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
15.000 lagun bildu dira G7 ez, Euskal Herritik beste mundu bat sortzen lelopean Hendaiako (Lapurdi) portutik Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokara egin duten manifestazioan. «Pozik» agertu dira G7koen kontrako plataformetako kideak, sistema kapitalistari «erresistentzia egitea posible» dela erakutsi dutelako.Oihuka aritu dira hasieratik; «G7a ez, alternatibak bai» edo «A, anti, antikapitalista» eta halako aldarriak entzun ahal izan dira ibilbide guzian zehar. «Eremu zehatzetako aliantzak eraikitzeko garaia da, baina baita sakontasun handiagoko aliantzak ere, etorkizuneko ekintzetarako erabakigarriak izango diren aliantzak». Horrela hitz egin du Eñaut Aramendi G7 Ez plataformako kideak bukaerako ekitaldian.

Antolatzaileek esan dute G7koen aurkako kontragailurra «mugimendu sozialen arteko beharrezko aliantzak eraikitzeko mugarri garrantzitsua» izan dela. Hainbat gunetako konferentzia eta tailerretara 6.000 pertsona inguru hurbildu direla iragarri dute. Besteak beste, estaturik gabeko nazioen egoeraz, elikadura burujabetzaz, feminismoaz eta krisi ekologikoaz aritu dira saioetan.

Gakotzat jo dute tokiko lankidetzak bultzatzea eta indarrak batzea: «Gure alternatibak demokraziaren, elkartasunaren eta gizon-emakumeen arteko berdintasunaren balioak ezartzen ditu. Bateraezinak dira kapitalismo neoliberalarekin». Besteak beste, Jaka Horiak eta mobilizazio feminista eta ekologistak aipatu dituzte, baita autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokak ere. «Arrazoi horiengatik, Aljeria, Hong Kong, Katalunia, Palestina, Sudan eta beste leku batzuetako borrokei elkartasuna agertzen diegu».

Manifestazioa, jai giroan

Martxaren hasieran, bi plataformek «ekintza kontsentsu» batera iritsi direla erran zuten. «Eskatzen diogu jende guztiari kontsentsu hori errespetatzeko, eta manifestazio hori ahal bezain jendetsu, alaitsu, eta guztien artean, kolore guztietakoa izatea». Zeruan hainbat koloretako banderak astindu zituzten manifestariek: sindikatuetakoak, gobernuz kanpoko erakundeenak, eta beste eragile ugarirenak. Esaterako, errefuxiatuen egoera salatzeko, hainbat ekintzailek salbamendu barkuak eraman zituzten, eta bizirik irauteko estalkiak ere bai.

Manifestazioaren atzealdean, Fermin Muguruzak eta Bad Sound System taldeak kontzertua eman zuten kamioi batean. «Haiek zubi bat ikusten dute, guk bide bat bakarrik; alde bietan, Euskal Herria», adierazi zuten kamioitik, Hendaia eta Irun arteko mugatik igarotzean.

Hirurehun bat pertsonak manifestazioaren segurtasuna bermatu zuten martxak iraun zuen bitartean: bankuen aurrean, geltokian, eta zentrora igotzeko kaleen aitzinean ezarri ziren manifestariak babesteko.

Ekintza sinboliko bat ere eginzuten Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga igarotzean, «herriei ezarritako muga» haustea irudikatzeko. Martxaren hasieran zihoazen joaldunek muga hori irudikatzen zuen pankarta apurtu zuten, manifestarien oihu eta txalo artean. Ficoban amaitu zen martxa, eta bertan, antolatzaileek adostutako adierazpen bat irakurri zuten hizkuntza ezberdinetan. «Mobilizazio honekin erakutsi nahi dugu posible dela humanitatearen oinarriak suntsitzen dituen sistemaren aurkako erresistentzia», adierazi zuten deitzaileek. «Posible da alternatibak garatzea lehia baino lankidetza lehenesten duten territorio eta komunitateetatik [...] Munduko beste leku askotan bezala, hemen, Euskal Herrian, harreman ezberdinak eraikitzen ditugu». Bi dantzarik eman zuten aurreskuarekin amaitu zen ekitaldia.

Mobilizazioak segitzen du

Gaur, Angeluko (Lapurdi) Amodio Ganberan elkarretaratze bat egingo dute 12:00etan, G7 Ez plataformak deituta. Hasieran, ortzadarra osatzera deitua zuten Miarritze inguruko zazpi gunetan protesta eginez, baina, Eric SpitzPirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen «elkarretaratzeak ilegalak» zirela, deklaratu gabe zeudelako. Antolatzaileek, «manifestazio baketsu eta jendetsua» lortu nahi dute, eta horregatik, toki bakarrera etortzeko deia egin dute, azkenean. Espazio publikoaren «berreskuratzeko» ekintza sinbolikoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.