Gorka Orive.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Txertatu, txertatu eta txertatu

2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Itxaropenez hasi dugu 2021. urtea: gure artean daukagu COVID-19aren aurkako lehen txertoa. Pfizerren RNAm txertoa mugarri izan da historian, hiru arrazoirengatik: COVID-19aren aurka eraginkorra eta segurua dela erakutsi duen lehen txertoa da; zientziaren historia osoan azkarren garatutakoa da; eta RNA mezulariaren teknologia aitzindaria darabilen lehena da. Gainera, hilabeteko lehen egunek beste pare bat albiste on ere ekarri dituzte. Hasteko, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) oniritzia eman dio Modernaren txertoari: RNAm motako bigarren txertoa da; %94 baino gehiagoko eraginkortasuna du 65 urtetik beherakoetan, eta %86 ingurukoa 65 urtetik gorakoetan. Txerto horrek, aurretiaz bildu diren datuen arabera, eragotziko bide du txertatuek COVID-19 larria izatea. Horrez gain, iragarri dute hilabete honen bukaeran Oxford/AstraZenecaren txertoa onartuko dela, txinpantzeen bektore adenobiral batean oinarritua. Hori gutxi balitz bezala, espero da otsailean Johnson & Johnsonen txerto adenobirala ere onartzea, eta baliteke apirilerako iristea horren dosiak.

Baikortasunezko eta ilusiozko giro horretan, ordea, ezinegona da nagusi: kezka, eta, batzuetan, ulertu ezina. Abenduaren 27an, txertaketa «sinbolikoa» hasi zen egunean, kronometro kolektibo bat jarri zen martxan, eta gure inguruko txertaketa prozesuaren erritmoa neurtzen du, egunez egun. Etengabe aipatzen da udaberrirako eta udarako zenbat jende txertatzea espero den, eta horrek itxaropen giro bat sortu du, baina hori ez dator bat kanpainaren hasiera epelarekin. Autonomia erkidegoetako txertaketa prozesuen arteko asimetriak ere zalantza piztu die herritarrei, ohartu baitira toki batzuetan ia dosi guztiak erabili direla, eta beste batzuetan, berriz, ia hasi gabeak direla.

Nik, apalki, uste dut beharrezkoa dela komunikazioa sendotzea eta gardentasuna bultzatzea COVID-19aren aurkako txertaketa prozesu historiko eta masiboan. Horretarako, lagungarria izan liteke plan zehatz eta publiko batean biltzea astero zer helburu dituen Euskadin txertaketak. Ez al litzateke komenigarria astero eta hilero helburu batzuk finkatzea, herritarrek jakin dezaten astetik astera zer lortu nahi den eta zer lortu den?

Txerto gehiago iritsi ahala, plan hori eguneratu egingo litzateke, eta, hala, herritarrak lasaiago egongo lirateke. Azken batean, behar-beharrezkoa da, batetik, txertaketa prozesua koipeztatzea eta datozen asteetan abiadura etengabe batean aritzea, eta, bestetik, lortu beharreko helburu eta erronken berri ematea herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.