PPk UPNri bota dio errua

Bozetara bakarrik aurkezteko erabakia hartuta, UPNk «interes propioak» lehenetsi dituela salatu du PPko Javier Garciak. Ciudadanosi ez zaizkio «moduak» gustatu

UPNko zuzendaritza. Erabakia hartu osteko agerraldia. IÑAKI PORTO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun

Foru eta udal hauteskundeetara UPN bakarrik aurkeztuko dela baieztatu eta biharamunean, Navarra Sumako bazkideek hitz kritikoak erabili zituzten. Javier Garcia Nafarroako PPko presidenteak deitoratu egin zuen UPNko zuzendaritzaren erabakia, eta Navarra Sumaren hausturaren arduradun egin zuen. «Zentro-eskuinaren aliantza politikoak urratu ditu», gaitzetsi zuen. Haren ustez, UPNk «interes propioak lehenetsi ditu, nafarren interesen gainetik». Carlos Perez Nievas Ciudadanoseko buruzagiak erabilitako «moduak» kritikatu zituen, aurretik ez zielako ezer esan bazkideei.

Ikusi gehiago:Nostalgiaren eta etsipenaren artean

Oraindik orain UPNren Kontseilu Politikoak, kongresu arteko alderdiaren organo gorenak, berretsi behar du bakarrik aurkezteko erabakia, baina astelehenean zuzendaritzak aho batez hartu zuenez erabakia, ez da ustekaberik egongo. Aurreko hilabeteetan, hainbat aldiz plazaratu du UPNk Navarra Sumaren gaineko dudak dituela, eta, berriki, UPNk marka propioa nabarmendu du hauteskunde kutsuko iragarkietan. Horregatik, ezin esan daiteke koalizioko bazkideek harrituta hartu dutenik albistea.

Udan, elkarrizketak abiatu zituzten UPNk eta PPk; itxuraz, hauteskunde arloko itun bat lortzeko. Negoziazioetatik at geratu zen Ciudadanos. Solasaldi horietan, PPk galdegin zion zerrendatan pisu handiagoa izatea eta instituzioetan ordezkaritza handiagoa izatea. UPNk ez zituen gustuko izan eskakizunak, are gutxiago Espainiako eskuineko hainbat komunikabidek horren berri ematea.

Alderdien arteko harremanak mikaztu egin dira hilabeteotan. Alberto Nuñez Feijoo PPren zuzendaritzara ailegatu aurretik, tentsioa nabarmen handitu zen lan erreformaren bozketan. Nuñez Feijook harremanak berriz bideratu zitzakeela pentsatzen zen, baina PPko buruzagiaren lehentasunen zerrendan azken postuetan utzi du UPN.

Abenduaren 4an, Nuñez Feijoo Iruñean izan zen Nafarroako PPren VIII. Kongresuan. Kongresu horretan, hitz arranditsuak erabili zituen, eta azpimarratu zuen Nafarroako Gobernua berreskuratzeko «ahal den guztia» egiteko gertu dagoela. Alta, diskurtso hartan, UPNri hainbat ziztada ere bidali zizkion. Adibidez, esker ona adierazi zion Javier Esparzari, baina baita Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuei ere —UPNk bi politikari horiek alderditik kanporatu ditu bi urte eta erdiz—. Bestetik, aipatu zuen ez duela nahi PP «esanekoa eta inoren menpekoa» izan dadin. Hain zuzen, hori da UPNri Espainiako eskuinetik egiten zaion kritika nagusia: Pedro Sanchezen menpe izatea.

«Zergatik presa hori?»

Atzo, baina, ustekabea adierazi zuten PPk eta Ciudadanosek. Garciak nabarmendu zuen ahaleginak egin dituztela akordioa erdiesteko, baina «inor» ez zegoela telefonoaren bestaldean. Navarra Sumaren harmailetan elkarren alboan esertzen dira UPNko, PPko eta Ciudadanoseko parlamentariak, eta guztiak bulego berean egoten dira. Garciaren arabera, baina, PPk abenduaren 4an berritu zuen zuzendaritza, eta UPNk ez du ordura arte itxaron nahi izan. «Ez ditugu euren argudioak ulertzen; ez dakigu zergatik duten presa hori PPrekin hausteko».

Orain, ikusteko dago nola berrosatzen den UPN ez den eskuineko eremu hori guztia. Garciaren arabera, PP «konstituzionalista, foruzale eta europazale sentitzen den ororen etxea da». Haren esanetan, «Sanchezen eta Txibiteren alternatiba izan nahi duten guztiei irekirik da PP, zentro-eskuina batzeko asmoz». Gaineratu zuenez, euren helburu politikoa izango da «Nafarroako Gobernutik sozialistak, nazionalistak eta Bildu kanporatzea».

Haren hitzetan ondorioztatzen denez, PP izango da alternatiba horren ardatza, eta ikusteko dago zer leku izango duten bertan Sayasek eta Garcia Adanerok. Bi diputatuek Nafarroa plataforma aurkeztu zuten martxoan, baina oraingoz ez dute argitu zer egingo duten bozetan. PPk eta UPNk zer egingo zain zeuden, eta bakarrik aurkezteko UPNren erabakiak erraztu egin dezake toki bat izatea PPren inguruko proiektuan.

Ikusteko dago ere Ciudadanosekin zer gertatuko den. Lau urteotan, politikoki nabarmen ahuldu da, eta kolokan dago alderdiaren etorkizuna. Perez Nievas buruzagiak bere atsekabea azpimarratu du. Haren esanetan, legealdia amaituko dute, eta azken unera arte 2019an sinatutako akordioa beteko dute. Dena den, Perez Nievasek uste du koalizio barruko ekinaldiak ez hitzartzeko eskuak libre dituztela, orain arteko leialtasuna urratu baita.Sayasek gogor kritikatu zuen erabakia: Esparza «Pedro Sanchezen esanetara» dagoela gaitzetsi zuen.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, ordea, «oso galduta» nabari du Esparza, hark esan baitzuen ez zuela «PSN honekin» akordiorik egingo: «PSN hau da hauteskundeetara aurkeztuko dena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.