Tortura

La Cumbreren ondoan omendu dituzte estatuaren indarkeriaren biktimak

Egiari Zor fundazioak gaitzetsi egin du Eusko Jaurlaritzak estatuaren indarkeriaren biktimen omenezko ekitaldirik antolatu ez izana

Pilar Garaialde, atzo, Egiari Zor fundazioak antolatutako ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta Egiari Zor fundazioak «sinbolismo handiko» leku batetik hurbil oroitu eta omendu zituen estatu indarkeriaren biktimak; Donostiako La Cumbre jauregitik gertu, alegia. Gipuzkoako gobernadore zibilaren egoitza izandako jauregian torturatu zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala, eta «estatuaren indarkeriari zuzenean lotua» geratu da etxe hori, Garazi Castañok Egiari Zor-en izenean nabarmendu zuenez. Aldarrikatu zuen jauregi hori estatuaren biktimentzako memoria gunea bihurtu behar dela, Espainiako Gorteek onartutako Memoria Demokratikoaren Legeak dioen moduan.

Ikusi gehiago: Tortura Kriminologiaren Euskal Institutuak torturak ikertzen jarraituko du

La Cumbretik gertu dagoen parke batean antolatu zuen omenaldia Egiari Zor-ek, eta elkartu zirenen artean zeuden Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Kooperazio sailburuordea eta EH Bilduko ordezkaritza zabala. Lore eskaintza egin zuten estatuaren indarkeriaren biktimen omenez, eta aurreskua ere dantzatu zuten. Atzoko egunaren esanahi «sakona» aldarrikatu zuen Castañok, fundazioaren izenean: «Ekainaren 26a estatu indarkeriaren biktimen oroimenerako eta duintasunerako eguna da. Esanahi hori ematen diogu, hala sentitzen dugulako. Egun hau urtero eta ofizialki oroitzeko lekua izan beharko luke La Cumbrek».

Egiari Zor fundazioak nabarmendu zuen biktimek «konpromiso sendoa» behar dutela, «estatuko krimenen inguruko egia osoa jakin dadin, eta krimenen ondoriozko erantzukizunak zehaztu daitezen».

Estatu indarkeriaren biktimak aitortzeko omenaldirik antolatu ez izana eta ekitaldia atzeratu izana leporatu zion Castañok Eusko Jaurlaritzari. Atzerapen horren arrazoia «alderdi interesei» dagokiela esan zuen, fundazioaren izenean. «Indarkeriaren jatorriaren arabera biktimen artean dagoen tratamendu asimetrikoan sakontzen du», gaitzetsi zuen.

Pilar Garaialdek ere hartu zuen hitza, eta argi adierazi zuen nori eskaini zizkieten loreak atzo, La Cumbre aurrean zuela, eta Aieteko jauregia atzean: «Estatuaren indarkeriaren biktimei, aitortza ofizialerako ezarritako legezko mekanismoen bidez aitortuak izan diren guztiei. Jasandako sufrimendua eta biktimizazioa aitor diezaieten borrokan diharduten horiei guztiei; komunikabideetan tarterik txikiena ere ez duten horiei; efemerideetan agertzen ez direnei; oroimen plakarik eta memoria lekurik eskaintzen ez zaizkienei, debekatutako izen-abizenak dituztenei; kontatu ezin den historia dutenei. Horiei guztiei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.