Azken momentuan,bost ordu eta erdiko bilera baten ostean, zuten denbora guztia —eta gehiago—eztabaidatzeko aprobetxatuta. Hezkuntza akordioa bilera, ordu eta eztabaida askoren emaitza da. Horren erakusgarri, atzoko eguna, lehen testuari aurkeztutako zuzenketak bozkatu zituztena. Azkenean, 19:00etan iritsi zen eguneko argazkia: EAJk, EH Bilduk —militantziak berretsi behar du—, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk ituna lortu zuten.
Egun luzea legebiltzarkideentzat, eta egun luzea kazetarientzat. 10:30erako, Eusko Legebiltzarraren atarian, sindikatuen protestak; haiek hezkuntza «publikoa, euskalduna eta propioa» eskatuz. Eta, bitartean, barruan akordioa egosten ari zen. Berez, 13:30ean ziren biltzekoak hezkuntza akordiorako lantaldeko kideak, baina azken momenturaino luzatu zituzten akordiorakoeztabaidak. Denbora faltan, bilera atzeratu zuten, 16:30era.
Eseri ziren mahaiaren bueltan EAJ, PSE-EE eta EH Bildu, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariren bat ere, sarreran Euzko Abertzaleak jartzen duen gelaren barruan. Iritsi ziren 16:30ak, baina artean akordiorik ez; 17:00etara atzeratu zuten bilera. Eta 18:00etara gero. Mugimendurik ez zen falta: alde batera eta bestera legebiltzarkideak, prentsa arduradunak joan-etorrian, telefono dei eta mezuak... Eta lauko akordioa osatze aldera, 17:00ak inguruan, tok-tok. Atea jo, eta Elkarrekin Podemos-IUko kideak ere sartu ziren bilkurara. Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratz ere batzu zitzaien, Madrildik bueltan.
Jo zuten 18:00ek ere, eta bilerak amaitu behar zuen zantzurik ez zen. 18:20: dozena erdi kazetari eta kameralari akordiorako lantaldea biltzekoa zen atarian daude, zain, baten bat ja nekatu xamar ere bai, lurrean eserita, ordulariari eta mugikorrei begirik kendu gabe. «Espero dut zerbait bidali ahal izago dugula» esan zuen batek, etsipenez, atzerapena ikusita. Baina txantxarik ere ez zen falta: Labiaren ordutegiak okerragoak izaten zirela erantsi zuen beste batek.16:30, 17:00ak 18:00ak... Ezta ziurgabetasunik ere: baten batek atzera egin zuela, zuzenketak publiko egingo ote zituzten ala ez... Azkenean, bost ordu eta erdiko bileraren ostean, 18:50. Agertu ziren itunarekin bat egin zuten lau alderdi nagusien hezkuntza lantaldeko legebiltzarkideak, bata bestearen ondoan: Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Ikoitz Arrese (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE-EE) eta Isabel Gonzalez eta Iñigo Martinez (Elkarrekin Podemos-IU). Argazkia atera, eta sartu ziren hezkuntza akordiorako lantaldearen bilkurara, PP+C's-eko Carmelo Barriorekin batera, bozkatzeko.
20:00ak. Bukatu zen bilera, eta alderdien ordezkariak bata bestearen atzetik atera ziren lortu berri zuten akordioari buruzko adierazpenak egitera: batzuen adostasunak, besteen ezinak, lortutakoak, bidean laga behar izan dituztenak, proposamen zehatzak eta ideia zabalagoak. Orotara, ordu eta laurdeneko agerraldia. Atzo egositakoa nola jasoko den ikusteko eguna 28a izango da. Sukalde lana geratzen da oraindik.
Hezkuntza ituna
Ituna, ordu luzeetako lanaren emaitza
Hezkuntza akordioari aurkeztutako zuzenketak bozkatzeko egunean, behin eta berriz atzeratu behar izan dute lantaldearen bilkura, oraindik akordioa adosten ari zirelako. Bost ordu pasako bilerak eman du fruitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu